Egibarrek "jazarpenaren eta eraispenaren estrategia baztertzeko" eskatu dio ezker abertzaleari, "ongizate kolektiboa ahalbidetuko duten akordioetara" pasatzeko
Joseba Egibar GBBko presidenteak agerian utzi du beharrezkoa dela elkarlanerako eta eraikuntza politiko eta sozialerako ereduak bultzatzea, Euskadik egungo egoera gainditzeko eta etorkizunerako estrategia fidagarriak bideratzeko. Mezu hori ezker abertzaleari zuzendu dio Lasarte-Orian emandako mitin batean, eta "jazarpen- eta eraiste-estrategiak" baztertzeko eskatu dio koalizio abertzaleari, "ongizate kolektiboa ahalbidetuko duten akordioetara" igarotzeko.
Buruzagi jeltzaleak deitoratu du EH Bilduk ez duela bat egiten politikak "guztion ongia eta interes orokorra defendatzeko" balio duela dioen oinarrizko printzipioarekin. Koalizio abertzaleak, oposiziotik, estrategia suntsitzailea, jazarpenekoa eta eraistekoa egiten duela esan du, “gobernuaren alternatiba izateko helburu bakarrarekin". Ildo horretan, "datozen lau urteetarako EH Bilduk euskal herritarrei egingo dien ekarpen estrategikoa" dela azpimarratu du.
Bere ikuspuntutik, EH Bilduk ez du inolako gobernu aukeraren alde egiten, "bere eginkizun politikoa gaur egun higatzea delako, etorkizunean gobernatzen saiatzeko". Egibarrek azaldu duenez, koalizio abertzaleak ez du praxi hori aplikatzen Euskaditik aldentzen denean, "ez baitu eragozpenik Espainiako gobernua sistematikoki babesteko erabaki garrantzitsu guztietan". "Horren truke, EAJk babestuko duen espetxe politika berri bat gauzatu nahi dute", gaineratu du. Zentzu horretan, eskatu die alde batera utz ditzatela EAJrekin akordioak ez lortzeko jartzen dituzten "aitzakia merkeak, engainu politikoak eta benetako milongak".
Egibarren ustez, EAJren aurkako dekoratu aldaketaren hasiera bilatzeak, -Arnaldo Otegik esango lukeen bezala-, helburu bakarra bilatzen du. Hau da, EAJri egur gehiago eskatzen dioten oinarriak asetzea. Baina estrategia horrek "ez du konfiantzarik sortzen EH bilduko kideengan, ezker abertzaleak min handia egin baitie jende askori eta denbora luzez", ohartarazi du.
Gipuzkoako jeltzaleen buruak azpimarratu duenez, beharrezkoa da estadio hori gainditzea eta elkarlan politikora eta eraikuntza sozialeko egiturazko akordioetara pasatzea, Euskadik "Herri gisa erantzun fidagarria eman diezaion erronka sanitario, ekonomiko eta sozialari". Amaitzeko, "lankidetza politikoaren eremuek eta akordioek gure Herriaren borondate politikoaren adierazpenen arteko errespetua” eskatzen dutela nabarmendu du. "Printzipio hori ulertzen ez duenak agerian utziko du bere burua baztertzeko borondatea", ohartarazi du.
Mitinean, Egibarrez gain, Gipuzkoako diputatu nagusia, Markel Olano; Saioa Bandres batzarkidea; eta Eva Juez legebiltzarkidea; eta EGIko kide den Markel Aranburu izan dira, besteak beste. Guziak dira EAJk datorren iganderako aurkeztu duen zerrendako kide.