Ajebask elkargoak antolatutako informazio-gosarian, Lehendakari eta Arabako zerrendaburuak elkargo honetako kideei azaldu dizkie EAJ-PNVk bere Hauteskunde Egitasmoan Euskadiko gazteentzat aurreikusten dituen proposamenak
Iñigo Urkullu Lehendakari eta EAJ-PNVren zerrendan berrautaketara aurkezten den hautagaiak gaur hitzeman du hurrengo legealdian 450 enpresa berritzaile sortzea eta `startupak´ garatzea bultzatuko duela hamar inbertsio funts espezializaturen bidez. Horiek dira EAJ-PNVk bere Hauteskunde Egitasmoan gazteentzat jasotzen dituen proposamenetako bi, gaur bertan Arabako zerrendaburuak Ajebask- Arabako Enpresari Gazteen Elkargoko kideekin telematikoki egin duen informazio-gosarian azaldu dituenak. “Jabetzen naiz euskal gazteriak gaur egun bizi duen egoera latzaz. Jabetuta nago une honetan arduratuta zaudetela lan merkatuak gaur egun zalantzaz betetako etorkizuna planteatzen duelako. Horregatik, Euzko Alderdi Jeltzalearen egitasmoak Gazteen aldeko Akordio Estrategikoa planteatzen du hiru zutabetan oinarrituta: Prestakuntza, Enplegua eta Etxebizitza, eta 30 proposamen zehatz aurreikusten ditu”, baieztatu du Urkulluk.
“Gazteen aldeko Akordio horrek”, azaldu du Lehendakariak, 30 neurri berezi jasotzen ditu. “Ekintzailetza babesteko sistema sendoa daukagu. Eta indartu egingo dugu. Lanbidek laguntza-ildoak ditu auto-enplegua babesteko, proiektuen eta garapen bidean dauden ekimenen bideragarritasuna bermatzeko”, esan du. Hautagai jeltzaleak era berean iragarri ditu EAJ-PNVk gazteekin hartu dituen konpromiso “zehatzak”. “450 enpresa berri sortzea ahalbidetzea; ekintzailetza alorrean 25.000 pertsona prestatzea sustatzea; esperientziadun aholkularien sarea zabaltzea, oinarri teknologikodun enpresei laguntzeko; hamar inbertsio funts espezializatu bultzatzea lehenetsi beharreko sektoreetan `startupak´ garatzeko, besteak beste, Fabrikazio Aurreratua, Energia, Bio-osasuna edo Elikadura; 30.000 gazteri lehen lan esperientzia eskaintzea; eta Lanbiden ibilbide pertsonalizatuak diseinatzea pertsona gazteei lan orientazioa emateko”. “Iraultza digitalak eta produkzioan eman diren aldaketek aukera berriak zabaltzen dituzte”, gaineratu du Urkulluk, eta gogora ekarri ditu EAJ-PNVk hurrengo legealdirako aurreikusten dituen beste helburu orokor batzuk, hauen artean “langabezia, berriz ere, %10etik jaistea edo Euskadi giza garapenaren indizean munduko lehen hamarren artean eta Berdintasun alorrean Europako lehen zortzien artean kokatzea”. “Egoera”, aitortu du, “delikatua eta konprometitua da. Seguruenik, hauek izango dira gure bizitzako Hauteskunderik garrantzitsuenak. Boto batek inoiz ez bezalako eragina izango du gure orainean eta gure etorkizunean”, gogoratu die Ajebask elkargoko kideei.