"Covid-19ren osasun-krisiaren ondorioz garatu beharreko lehentasunezko politiken egoera berrian, EAJ-PNVk hizkuntza-politikaren aldeko apustu sendoa egiteko eta politika sektorial guztietan zeharkako ardatz gisa euskararen normalizazioa eta sustapena indartzen jarraitzeko konpromisoa” berretsi nahi izan du.
Bakartxo Tejeriak, jeltzaleen Gipuzkoako zerrendaburuak, euskara eta euskaren erabilera izan du hizpide gaurko hitzaldian.
"Azken hamarkadetan euskararen ezagutza berreskuratu dela egiaztatu da", esan du Tejeriak, "hori bezain egia da gure hizkuntzaren erabilera ez dela neurri berean gehitu". "Eta horrek autokritika eta defizit hori konpontzeko neurri zehatzak hartzea eskatzen du", gaineratu du.
"Hizkuntza bat erabiltzeko, ezer baino lehen, ezagutu egin behar da eta, horretan, hezkuntza sistemak eta euskaltegiek paper nagusia jokatu dute", adierazi du EAJ-PNVren Gipuzkoako zerrendaburuak. "Orain, euskararen erabileran jarri behar dugu erronka. Euskaldun guztiek erabilerara jauzi egitea behar du helburu estrategikoa", azaldu du.
Eta helburu hori betetzeko, "funtsezkoa da apustu politiko argia egitea. Hezkuntza-sistemaren aldeko lehentasunezko apustua politiko aktiboa beste politika espezifikoekin eta zeharkakoekin uztartu behar da, eta euskararen aldeko politika beste jarduera-eremu estrategiko batzuetan, hala nola administrazio publikoan, osasun, gizarte-, ekonomia- eta lan-arloan, kultura-sorkuntzan eta ekoizpenean, gizarte-komunikabideetan, kirolaren esparruan edo unibertso teknologiko eta digitalean txertatu behar da", zehaztu du Bakartxo Tejeriak.
“Euskarak eta Hizkuntza politikak elkarlana zor dute, gobernantza eredu eraikitzailea behar dute" adierazi du hautagai jeltzaleak, “eta horretarako, erakunde eta eragile sozialek modu koordinatuan garatutako lankidetza publiko eta pribatuaren eredua proposatzen du EAJk", azpimarratu du Tejeriak; bere iritziz, “euskarak gizarte osoaren konpromisoa, hautua eta aldeko ekintza behar dituelako".
"Euskarak hizkuntza-politika eraginkorra behar du, baliabide publikoak behar ditu, eta baliabide horien erabilera arrazional eta egokia behar du izan", adierazi du Gipuzkoako zerrendaburu jeltzaleak, eta bide horretan aurrera egiten jarraitzeko helburuarekin, “gure programan, gure hizkuntzaren aldeko ekimen zehatzak proposatzen ditugu".
"Euskara gure nortasunaren ezaugarri nagusietako bat da, eta gizarte-kohesiorako ezinbesteko tresna. Gainera, mundu eleanitz honetan, euskarak aberastasuna ematen digu, eta aberastasun hori zaintzea eta garatzea gure betebeharra da", gaineratu du jeltzaleen zerrendaburuak.
Adierazpen hauek, Bakartxo Tejeriak Andoainen, EAJko kide eta jarraitzaileekin izandako topaketan, egin ditu.