EAJ-PNVk Gernikako Arbolaren azpian hitzeman du Euskadi berriz ere zutik jarriko duela: "Berreraikitzeko lana uztailaren 12an hasiko da"

Ortuzar, Urkullu, Tejeria eta Arrizabalagak Aritz Zaharraren ondoan aldarrikatu dute Euskadiren Aldeko Jarduna, autogobernuan sakontzera begira, pandemiak ekonomian eta enpleguetan eragin duen krisiari aurre egiteko funtsezko tresna gisa

EAJ-PNVk Gernikako Arbolaren azpian hitzeman du Euskadi berriz ere zutik jarriko duela: 25Ekainak
2020
2020 EkainaK 25 |
EBB
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

“Euzko Alderdi Jeltzaleak Gernikan ekitaldiren bat antolatzen duenean, izan ohi da ekitaldi horri esanahi berezia eman nahi diola”. Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidentearen hitzak izan dira, gaur iluntzean EAJ-PNVk Gernikan egin duen ekitaldi hunkigarria amaitzeko esan dituenak U-12rako hauteskunde kanpaina abiarazteko ekitaldian. Jeltzaleek gaurko ekitaldirako aukeratu dute “euskal herritarron sinbolo nagusia” dena, Gernikako Batzar Etxea eta Aritz Zaharra. Ortuzarrek berak, Lehendakari eta Arabako zerrendaburu Iñigo Urkulluk; Eusko Legebiltzarreko presidente eta Gipuzkoako zerrendaburu Bakartxo Tejeriak; eta Bizkaiko zerrendaburu Leixuri Arrizabalagak gaur hitzeman dute talde jeltzaleak Euskadiren Aldeko Jardunaren aldeko konpromisoa, Urkulluren esanetan “autogobernua sakontzea” aurreikusi beharko duena, Covid-19aren pandemiak ekonomian eta enpleguan eragin duen krisiari aurre egiteko funtsezko tresna gisa. Hautagai jeltzaleek euskal hiritargo osoari luzatu diote hauteskundeetan “beldurrik gabe eta ilusioarekin” parte hartzeko deia, “uztailaren 12an hasiko delako Euskadi berreraikitzeko lana”.

Ortuzarrek baieztatu duenez Aritza da “ Euskadirekin daukagun konpromisoaren lekukoa: pandemiarekin horrenbeste sufritu duen Euskadirekin; birusaren aurrean neurria ematen jakin izan duen Euskadirekin, hainbat enplegu eta ekonomia arriskutan jarri direla ikusten ari den Euskadi horrekin. Baina, Euskadi honek ez du amore eman nahi, ez du zulo beltzera berriro sartu nahi. Eta, Euskadi horri esan nahi diogu EAJrekin konta dezala, EAJ-PNV hemen dagoela Herri hau berriz ere zutik jartzeko. Euskadi horri esaten diogu aurrera irtengo garela. Eta indartsuago irten behar dugula, inoiz baino elkartuago eta solidarioago. Hori da gaur eta hemen hartzen dugun konpromisoa: Euskadi berriz ere zutik jartzea”. EBBko presidentea jabetzen da batzuk “beldurrez egongo direla botoa ematerako orduan, batzuek pentsatuko dute botoa ematera joateak merezi ote duen. Beraiei hitz egiten diegu gaur: bai, merezi du bozkatzera joateak. Beldurrik gabe bozkatu behar dugu, ilusioarekin, uztailaren 12an hasiko delako Euskadi berreraikitzeko lana. Emaitza borobila lortzen badugu, oinarri sendoak izango ditugu Herri gisa arin baino arinago altxatzeko. Euskadik etorkizuna duelako eta bere bermea EAJ-PNV delako.Euskadi Zutik! Irtengo gara!. Jakina irtengo garela!”, adierazi du.

Iñigo Urkullu Lehendakariak gaur iluntzean Gernikan aldarrikatu du autogobernuan sakontzeko beharra Covid-19aren pandemiak ekonomian eta enpleguetan sortu duen krisi ekonomikoari aurre egiteko funtsezko tresna gisa. Egoera hau gainditzeko, hautagai jeltzaleak itun sozial eta politiko handia proposatzen du autogobernua eguneratzeko. “Aberrigintza da kontsentsu sozialak berritzea eta aurrera egitea, ezkortasun- eta gatazka-kiribilak atzean uztea da, batzuek ez baitakite horietatik irteten. Maximalismoekin eta kritika suntsitzaileekin tematzeko baino ez die balio. Hori ez da gure bidea. Gure bidea da eraikitzea eta gizartearen benetako arazoei aurre egitea”. Urkulluk era berean gogoratu du gaur bertan hiru urrats berri eman direla hiru eskuduntza berri izenpetzearekin batera. Lehendakariaren aburuz, Euskadi moduko Herri konplexu baten egituraketak exijitzen du adostea behin eta berriz. “Arrazoi politikoa,esan du, herrigintza-diskurtso batetik garaitzen da, alderdi nazionaletik zein esparru sozialetik eta kulturaletik. Diskurtso eta praktika horrek egingarri izan behar du eta euskal gizartearen gehiengoak onartzeko modukoa izan behar du”. Urkulluk era berean gogoratu du ezin dela itunik egon benetako aldebikotasuna izango duen elkarrekiko bermeen sistema bat egon ezik. Hori dela eta, EAJ-PNVk Estatuaren eta Euskadiren arteko harreman sistema baten alde egiten du Autogobernua alderdi bakarretik aldaraztea eragotziko duena. “Euskal autogobernua sakontzeko gogoak mugiarazten gaitu, elkarrizketan, negoziaketan eta akordioan oinarrituta aurrera egiteko borondate politikoak”, amaitu du .

Eusko Legebiltzarreko presidentziarako hautagai eta Gipuzkoako zerrendaburu Bakartxo Tejeriak, bere aldetik nabarmendu ditu “herri honen gehiengoak partekatzen dituen balioak: erantzukizuna, elkartasuna, berdintasuna, erresilentzia eta elkarren arteko lana, auzolana”. Balore horiek izan ziren gakoa Euskadik “eraldaketa sozio-ekonomiko bizia” gauzatzeko, euskal erakundeak sortu zirenean 80. hamarkadan. “Hori da gure eredua; eta hori izango da Eusko Alderdi Jeltzalearen konpromisoa datozen lau urteetan: Euskadi zutik!”. “Iraganean egin izan dugu eta berriro egingo dugu; lan egingo dugu koronabirusaren krisia aukera bihurtzeko, herri honek nazio aurreratuenen artean jarrai dezan”, gaineratu du. “EAJ da bermerik hoberena Euskadik aurrera egin dezan eta koronabirusak eragindako krisi hau gaindi dezagun; EAJ da bermerik onena herri honek aurrera egiten jarrai dezan bere nazio eraikuntzarako bidean, politikoan zein ekonomiko eta sozialean”, azpimarratu du. “Lanean jarraituko dugu gure etorkizunaren jabe izateko; euskal herritarrok erabakitzen duguna errespetatua izatea zor du, hori baita etorkizunerako gure bermerik onena”, bukatu du.

Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko zerrendaburua izan da gaurko ekitaldian hitz egiten lehena. Hautagai jeltzale eta Gatikako alkate andreak argi bezain sendo baieztatu du hauxe dela gure indar guztiekin altxatzeko momentua, oraina egitekoa, geroa eraikitzekoa. “Jakin dakigu gure buruaz jabetzen eta elkarren eskutik lan egiten. Egoera latzetan bat egiten badugu, biderkatu egiten gara”. Arrizabalagak era berean baieztatu du mendeetan gorde diren balore tradizionalei lotutako eredu sozialetik gero eta gizarte dinamiko eta globalerako bidea egiten ari garela. Trantsizio honi aurre egingo diogu errealismoarekin eta erantzukizunarekin, irtenbide sinplistetan erori gabe. Arrizabalagak amaitzeko esan du oraina eginaz geroa eraikiko dugula, argi eta garbi utzirik “Euskadiren etorkizunerako pasaporteak EAJ-PNVren zigilua daramala”. 

Interesatu Zaitez