Aintzane Oiarbide: «Zerga arauekin egin zen bezalaxe, urrats honekin segurtasun juridikoa eman nahi diogu N-1 bezalako kapazitate handiko bideen mantenimendu gastuak finantzatzea ahalbidetzen duen proiektuari».
Bide Azpiegituretako foru diputatu Aintzane Oiarbidek agerraldia egin du, berak eskatuta, Gipuzkoako Batzar Nagusietako Azpiegitura Batzordean, eta esplikatu du epaia «ez datorrela bat, inola ere, europar direktibarekin». Diputatuak adierazi du bere departamentuak lanean segituko duela Europako Batzordearekin, hark pronuntziamendua egin dezan Gipuzkoan ezarri den bidesari sistemaren diskriminaziorik ezari buruz, bere garaian aldeko irizpena eman baitzion.
Batzar Nagusietako Bide Azpiegituretako Batzordean egin duen agerraldian, Aintzane Oiarbidek aurreratu du, baita ere, Aldundia aztertzen ari dela errepideei buruzko foru arauak blindatzeko ekimen bat, zergen arloko foru arauen kasuan egin zen bezalaxe, hain zuzen ere. «Gaur egun edonork errekurri dezake foru arau bat Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusian, administrazioarekiko auzien bidetik joz, eta horrek zaurgarri egiten ditu foru arau horiek. Foru arauek erregelamendu izaera duten arren, praktikan lege kontsiderazioa dute, eta babestu egin behar ditugu». «Errepideei buruzko eskumena esklusiboa da eta, beraz, finantzatzeko sistema ere gurea da, era esklusiboan. Guretzat, funtsezkoa da halako trafiko handia jasaten duen bide zati horren finantzaketa bermatzea ibilgailu astunei bidesaria jarriz. Egunero 12.000 kamioi inguru igarotzen da errepide horretatik, eta bidezkoena da erabiltzaile horiek denek ordaintzea», gogorarazi du Oiarbidek.
Bide Azpiegituretako foru diputatuak adierazi du eztabaida hori Eusko Legebiltzarrean planteatuko litzatekeela, gero lege proposamen bat Diputatuen Kongresura eramateko. Tramitazio hori abian jartzerako txosten juridiko bat egingo da, agerraldian bertan hori eskatu baitiote batzarkideek Aldundiari.
Errepideei buruzko foru arauak blindatzeko bide hori aztertzeaz gainera, diputatuak esan du aurrera egingo dutela tramite judizialarekin ere, kasazioko errekurtsoa jarriko baitu Aldundiak Epaitegi Gorenean, epaiak aurreikusten duen 30 eguneko epean.
Batzar Nagusietako agerraldian, foru arduraduna oso kritiko azaldu da epaiarekin, eta azpimarratu du 6/2018 Foru Araua idatzi zenean arreta handia jarri zela Europako direktiban; izan ere, hark agintzen du Europan zeharreko bide ardatzen erabileragatik ordaindu beharra. Halaber, esan du Europako Batzordearen abala jaso ondoren onartu zela. Gogorarazi du, hain zuzen ere, foru arau proiektua Europako erakundeetara bidali zela Batzar Nagusietan onartu aurreko urrats gisa, eta erakundeotako arduradunen oniritzia jaso zuela.
Oiarbidek erabat ukatu du Foru Araua diskriminatzailea dela Gipuzkoan bizi ez diren garraiolariekin, epaiak dioenbezala. Eta datu errealak eman ditu baieztapen hori gezurtatzeko: "Gipuzkoan egindako barne mugimenduen % 70 lurraldetik kanpoko garraiolariek egiten dituzte, epaiak uste duenaren aurka, eta AT sistemaren datu ikuskatuek erakusten dutenez, gipuzkoarrek ez dituzte soilik barne ibilbideak egiten, ibilbide mistoak eta ibilbide luzekoak ere egiten dituzte", adierazi du Oiarbidek.
Diputatuak adierazi duenez, epaiak ez du kontuan hartu defentsak aurkeztutako datuetatik bat ere. «Ez ditu aipatzen, ez aztertzen, ez ezeztatzen». «Epaiak 14 orrialde eta hiru lerro ditu. Horietatik, 9 orrialde aurreko epaiaren berdin-berdinak dira, 7/2016 Foru Arauari buruzko epaiarenak, alegia. Batzordeko teknikariek berek adierazi zutenez, ordea, inolako diskriminaziorik ikusi izan balute, foru arauek ez zuketen beraien aldeko irizpenik jasoko.
Agerraldiaren amaieran, diputatuak azpimarratu du epai honek segurtasun juridikorik eza dakarrela: «alde batetik, Europaren abala dugu, baina ez daukagu Euskadiko Auzitegi Nagusiarena. Eta kontraesanekin ere topo egiten dugu. Adibidez, epaiak esaten du bi aukera bakarrik daudela 7/2016 Foru Arauaren aldean funtsezko aldaketak egiteko: ibilbide osoa kobratzea edo bidesaririk gabe uztea; baina Europako direktibak xedatzen du estatuak berak direla, kasu honetan Gipuzkoako Lurralde Historikoa, kobratu beharreko zatiak zein diren erabakitzeko eskudunak».