Andoaingo tokiko merkataritza COVID19aren ondorengo errealitateari aurre egiteko ari da prestatzen

Izagirrek tokiko egitura ekonomikoari “likidezia ematearen” eta “kontsumoa suspertzearen” garrantzia azpimarratu du

Andoaingo tokiko merkataritza COVID19aren ondorengo errealitateari aurre egiteko ari da prestatzen 13Ekainak
2020
2020 EkainaK 13 |
Andoain

PARTEKATU

Andoaingo Udalak herriko merkataritza eta ostalaritza berrindartzea du bere lehentasunen artean, “COVID19ak Andoainen eragindako inpaktua murrizteko”. Udaleko Ekonomiaren Sustapen eta Enplegu Sailak, “HAN EDO HEMEN EROSI ANDOAINEN” goiburua daraman eta merkataritza eta ostalaritza berrindartzera zuzendurik dagoen plana abiatu du, merkatarien eta ostalarien SALKIN elkartearen lankidetza zuzenarekin, “Andoaingo saltokietako, ostalaritzako eta zerbitzuetako kontsumoa bultzatzeko”.

Kontsumo bonuen kanpaina prestatu da. 3 egunetan agortu dira 50€-ko balioa duten 1.000 bonuak. Zenbateko horretatik, andoaindarrek 25 € ordaindu dituzte, eta beste 25ak Udalak hartu ditu zuzenean bere gain.

Andoaindarrek, SALKINeko kide diren saltoki guztietan eta kanpainarekin bat egin duten beste establezimendu batzuetan erabili ahal izango dute bonua. Bonuak ekainaren 30era arte erabili ahal izango dira saltoki txikietan, ostalaritzan, eta baita zenbait zerbitzutan ere, dentista, podologo, optika eta fisioterapia zerbitzuetan, besteak beste.

Izagirrek onartu duenez, “ekimenak harrera ona izango zuela aurreikusten genuen arren, ez genuen horrelako eskaririk aurreikusi, Salkinen bulegoan sortu diren ilara luzeetan esku hartu behar izan dugu, ordena ezartzeko”.

Zinegotziak badaki “ziurrenez ezin izan diegula andoaindar guztien eskariei erantzun”, baina aurreratu duenez, “kanpaina ez da hemen amaituko, aurreko astean iragarri genuen bezala, udazkenean beste fase bat hasiko dugu, eta ziurrenez, eskuratzeko sistema ordenatuagoa planifikatu ahal izango dugu, horrelako ilarak saihesteko, hain zuzen ere”. 

Izagirreren hitzetan: “SALKINek eta Andoaingo Udalak, herritarren energia hori guztia bertako merkataritzan kontsumitzera bideratzea nahiko genuke”.

Diru-laguntzetarako 269 eskari

 

Era berean, maiatzean, establezimenduak nahitaez ixtearen edo jarduera ekonomikoa nabarmen murriztearen eraginak jasan dituzten autonomoei, merkataritzari, ostalaritzari eta antzekoei likidezia emateko diru-laguntzen deialdia abiatu zen, osasun alarma amaitu ondoren gure ekonomia lehenbailehen berpizteko eta biziberritzeko.

Guztira 269 eskari aurkeztu dira (horietako bi baztertu egin dira, epez kanpo aurkeztu direlako). 267 eskariak honela izapidetu dira: 

1. LINEAKO laguntzetarako 170 ESKARI: Hilean, establezimendu bakoitzeko, 400 euroko zenbateko finkoa emango zaie Andoainen txikizkako merkataritza, ostalaritza eta antzeko jarduerak egiten dituzten pertsona fisikoei edo juridikoei, jarduera gauzatzen duten establezimendua nahitaez itxi behar izan badute.

2. LINEAKO laguntzetarako 86 ESKARI: Hilean 350 euroko zenbateko finkoa emango zaie Andoaingo autonomoei, lan elkartuko kooperatibetako bazkide direnei barne, jarduera utzi behar izan baldin badute, edo alarma egoeraren adierazpenaren ondorioz, aurreko seihilekoan batez beste fakturaturiko diru-sarreren %75eko murrizketa izan badute.

3. LINEAKO laguntzetarako 11 ESKARI: Hilean 250 euroko zenbateko finkoa emango zaie Andoaingo langile autonomoei, lan elkartuko kooperatibetako bazkide direnei barne, alarma egoeraren adierazpenak eragindako diru-sarreren murrizketa (%50) konpentsatzeko.

Interesatu Zaitez