Udalekuak bertan behera geratu direnez, udako zaintza zerbitzuan izena emateko epe berria zabaltzea eta zaintzarako diru-laguntzak ematea proposatu du EAJ udal taldeak
EAJ udal taldeak aurkeztutako proposamenak helburu du, batetik, umeen sozializazioa eta osasun emozionala, bestetik, familian euskaraz komunikatzeko aukera ez duten haurrek hizkuntzarekin kontaktua ez galtzea, zerbitzua bera aldatu den heinean horretarako izen-emate epe berria zabaltzea eta, azkenik, udako haurren oporraldiak sortzen dituen kontziliazio arazoak arintzea aiton-amonen kolektiboa arriskuan jarri gabe.
90. hamarkadan sortu zirenetik, Oñatiko udalekuek euskarazko aisialdi guneak eskaintzen dizkiete uztailero Oñatiko ume eta gaztetxoei eta ohiko jarduera bilakatu dira gure herrian. Udalekuok abian jartzeko arrazoi nagusienetako bat izan zen euskararen erabilera sustatzea, nahiz eta azken urteotan kontziliazioa laguntzen duen zaintza-zerbitzu ere bilakatu den familia askorentzat.
2020ko udara begira, COVID-19a tarteko, Oñatiko udalak bertan behera utzi ditu udalekuak, eta zaintza-zerbitzua eskaintzea hobetsi du. Honen inguruan EAJ udal taldeak zenbait eskaera egin zituen maiatzaren 20ko batzordean:
- Zaintza-zerbitzua zehaztea: zertan datzan, adina, lekua, datak, ordutegia, kostua…; familia onuradunek bete beharreko baldintzak; zer esan nahi den «kontziliazio arazo edo antzekoak dituztela demostratzea” esaten denean; udaleko zer teknikarik eta zer irizpideren arabera egingo den kasu bakoitzaren balorazioa eta erabakia; eta garrantzitsuena, nola bermatuko den ume horien osasuna, zer neurri hartuko diren osasun-arriskuak saihesteko.
- Zerbitzuak osasun-neurriak betetzen dituela bermatzea Osasun arduradunaren txostenaren bidez.
- Langileen kontratazioan begiraleen osasuna bermatzea eta Laneko Arriskuen Prebentzioa betetzea (arriskuen ebaluazioa eta horien prebentzio-neurriak jasotzen dituen prebentzio-teknikariaren txostenarekin).
- Zerbitzu berri honi buruz Gaztedia teknikariak txostena aurkeztea; zerbitzu berria den heinean, teknikariaren iritzia zein den jakin beharko litzatekeelako.
EAJ udal taldearen iritziz, zerbitzua martxan jarri aurretik, gutxienez, txosten horiek bere esku izan beharko lituzke Udalak, zerbitzuari buruz erabakiak berme guztiekin hartu ahal izateko. Jeltzaleen iritziz, COVID 19ak eragindako konfinamendu-aldiaren ondoren, inoiz baino gehiago, beharrezkoa da haurrak eta gazteak gizarteratzea eta Oñatiko haurrek euskaraz gozatzeko aukera izatea jolas-, sormen-, parte-hartze, errespetu- eta dibertsitate-giroan, horregatik, ontzat ematen dute udaleku zerbitzua ematea arestian aipatutako berme guztiekin. Baina COVID 19a dela eta egoera aldatu denez, udaleku zerbitzuaren osagarri izango litzatekeen zaintzarako dirulaguntza lerro bat martxan jartzea proposatu dute jeltzaleek.
Horiek horrela, honako 4 puntuak jasotzen dituen proposamena aurkeztu du Oñatiko EAJ udal taldeak:
- Udaleku irekiak egitea umeen sozializaziorako eta osasun emozionalerako. Udaleku horiek bete behar dituzten langileen eta erabiltzaileen prebentzio- eta osasun segurtasunerako neurriak bermatzea.
- Txipistin zerbitzuan dauden umeak udalekuetan parte hartzea bermatzea. Konfinamendua hasi zenetik, eta orain oporraldian, askok ez dute euskaraz komunikatzeko aukerarik izango eta komeni da hizkuntzarekiko harremana ez galtzea.
- Zerbitzu berrian izena emateko epea zabaldu: alarma egoeraren eraginez izen-emate epea zegokiona baino lehenago eten zenez (martxoak 20 arte zen berezko epea), familia asko udaleku irekietan eta arte udalekuetan izen emateko aukerarik gabe geratu ziren eta ondoren, jakinarazi zen zaintza hezitzaile zerbitzua solik horietan izena emanda zeudenentzat eskainiko zela. Zerbitzu berria izanik aukera eman beharko litzaieke herriko ume guztiei izena emateko, horregatik, aste bateko epea zabaltzea proposatzen da izen-emate berriak egiteko.
- Familien kontziliazio-arazoak bideratzeko, gurasoak lanera joan behar garelako eta aiton-amonen segurtasunagatik, horiek umeak zaintzea saihesteko, dirulaguntza partida sortu, familiei zaintzaileak kontratatzen laguntzeko. Zehazki, etxean adin txikikoak (0 eta 14 urte bitartekoak) eta mendekotasuna duten pertsonak zaintzeko (kontratazio berria den edo lehendik dagoen bat den kontuan hartu gabe). Dirulaguntza jasotzeko derrigorrean kontratazioa legearen araberakoa izan behar da. Udalak, informazioa emango du kontratazioari buruz edo edozein informazioari buruz: funtzioak, zereginak, bajak, eskubideak eta betebeharrak. Horretarako Udalak begiraleen lan-poltsa sortzea proposatzen dugu.
Horiek horrela, EAJ udal taldeak aurkeztutako proposamenak helburu du, batetik, umeen sozializazioa eta osasun emozionala, bestetik, familian euskaraz komunikatzeko aukera ez duten haurrek hizkuntzarekin kontaktua ez galtzea, zerbitzua bera aldatu den heinean horretarako izen-emate epe berria zabaltzea eta, azkenik, udako haurren oporraldiak sortzen dituen kontziliazio arazoak arintzea aiton-amonen kolektiboa arriskuan jarri gabe.