Bono kanpaina bereziaren aurkezpena

Atzo arratsaldean aurkeztu zen Urretxuko saltoki eta establezimenduetan kontsumitzeko bono kanpaina berezia.

Bono kanpaina bereziaren aurkezpena 03Ekainak
2020
2020 EkainaK 03 |
URRETXU

PARTEKATU

COVID-19ak eragindako alarma sanitarioak eta honen ondoriozko krisiak herriko establezimenduetan sortutako kalteak baloratu, egoeraren diagnostikoa egin eta honi aurre egiteko, Udala herriko merkataritza mahaiarekin bildu da azken asteotan. Prentsaurrekoan adierazi dutenez bono kanpaina berezia jarriko du Udalak abian, herriko bizitza sozioekonomikoa berpiztu eta krisiak gehien kolpatu dituen sektoreak babestu eta lagundu asmoz.

Jon Luqui alkateak adierazi duenez, merkataritza eta zerbitzuen sektorea da proiektu honen lehen lan-ildoa, tokiko establezimenduei bultzada emateko. Horretarako, orain gutxi sortutako Urretxuko merkataritza mahaiarekin lankidetzan, tokiko establezimenduetan kontsumitzeko erosketa bonuak jarri dira herritarren eskura.

Bonuak Ekainaren 8an jarriko dira salgai, eta irailaren 30a bitartean eskuratu ahal izango dira Udaletxeko harreran. Orotara 80.000€ bideratu ditu udalak ekimen honetara, baina egitasmoaren inpaktu ekonomiko erreala, herrian, 120.000€koa izango da.  Kalkulatu da herrian gastatzen den euro bakoitzetik 70 zentimo herrian geratzen direla berriro ere.

Nola erosi eta nola erabili

Guztira 4000 bono jarriko dira salgai. Urretxun senide kopuru ezberdineko 2700 familia unitate ditugula kontuan hartuta, familia bakoitzak bono bat erosteko aukera izatea bermatu nahi izan du Udalak. Horrela, lehen fase honetan  kide bakarreko edo biko familia unitateek bono bakarra erosi ahal izango dute, hiru eta lau senideko familia unitateek bi bono eta bost kide edo gehiago dituztenek hiru bono.

Saldu gabeko bonorik geldituko balitz, bakoitzari gehiago erosteko aukera emango zaio.

Bono bakoitzak 30€ko balioa izango du: herritarrak 10€ jarriko ditu eta Udalak 20€. 

Batetik tokiko kontsumoa sustatu nahi du horrela Udalak, eta bestetik herritarrak eta familiak babestu eta lagundu; Udalak salmenta bonu bakoitzari gehituko dion diruari esker, gastatzeko kopuru handiagoa izango baitute.

Aipatutako 30 euroak,  denak erosketa batean edo zatika erabili ahal izango dira: 5euroko lau txartel eta 10euroko txartel batean zatitu ahal izango dira.

Bonoak Udaletxeko harreran salduko dira, betiere txartela erabiliz, eta auzo bakoitzari egun eta/edo ordu bat ezarriko zaio salmenta era ordenatuan eta segurtasun neurri guztiekin egin ahal izateko.

Parte hartuko duten establezimenduak

Urretxuarrek herriko establezimendutan erabili ahal izango dituzte beren bonoak.  Kanpainan parte hartu nahi duten denda, ostalaritza establezimendu eta zerbitzuak, kanpainara atxikituko dira. Beharrezko baldintzak betetzen badituzte beren izena uneoro eguneratuko den zerrendara gehituko da. Zerrenda hau www.urretxu.eus webgunean egongo da eskuragarri.

Establezimenduek bono bat jasotzen dutenean dagokion fitxa bete eta gorde egingo dituzte, astero-astero Udaletxean entregatu eta bono horiei dagokien diru kopurua jasoko dute horrela.

Amaitzeko, herritarren rolaren garrantzia azpimarratu du alkateak. “Merkatariak oso inplikatuta agertu dira kanpaina honekin, udalak ere bere ekarpena egin du, baina hemendik aurrera herritarren esku dago herriari bizia itzultzea, denon indarrak batu eta tokiko saltoki eta establezimenduak laguntzea da guzti honen helburua”. Aipatu du gainera,  egitasmo hau epe luzerako plan baten zati bat dela, hasi berri dugun ibilbide luzean pausu bat, “azken helburua herritarren kontsumo-ohiturak aldatzea baita, krisi egoera honen ondoren ere herrian kontsumitzen jarraitzea, eta horretarako ezinbestekoa da sektorea indartsu egotea. Horretarako lanean ari gara”.

Interesatu Zaitez