Hala ezartzen du Espainiako Gobernuak eta EAJ-PNVk sinatu duten akordioak. Akordio horrek 2020ko urriaren 31 ezartzen du hura gauzatzeko epemuga gisa, eta haren testua GDSa onartzeko Errege Lege Dekretuan jasoko da
Euskal Autonomia Erkidegoak eta Nafarroako Foru Erkidegoak beren gain hartuko dituzte Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalari dagozkion eginkizunak eta zerbitzuak, gutxieneko diru-sarrerari dagokionez. Hala erabaki dute EAJ-PNVk eta Espainiako Gobernuak, GDSa onartzen duen Errege Dekretuari erantsiko zaion testuan.
EAJ-PNVk eta Espainiako Gobernuak sinatutako itunaren arabera, GDSren kudeaketa EAEra eta Nafarroara 2020ko urriaren 31 baino lehen transferituko da. Ordura arte, administrazio eskudunek kudeaketa-gomendio bat adostuko dute neurriaren onuradunak artatzeko jarduketak egiteko.
Estatuaren, EAEren eta Estatuaren eta Nafarroaren arteko aldebikotasuna indartzen duen eta lurralde historikoen autogobernua indartzen duen itun horrek foru-ogasunen berezitasuna du oinarri. Horrela, gainera, GDSk EAEko DSBEarekin edo Nafarroako Errenta Bermatuarekin talka egitearen ondorioz sor litezkeen gatazka juridikoak bideratuko dira. Horrela, Gutxieneko Diru-Sarrera oinarrizko errenta ez da EAEk eta Nafarroak beren eskumenak baliatuz ezar dezaketenaren osagarria izango.
Azkenik, adostutako testuan zehazten da, halaber, GDSren lege-dekretuan Euskal Autonomia Erkidegoari edo Nafarroako Foru Erkidegoari egiten zaien edozein aipamenek alderdi sinatzaileen aldez aurreko adostasuna izan beharko duela.
EAJ-PNVk, bere aldetik, gutxieneko diru-sarrera onartzen duen Errege Lege Dekretuaren aldeko botoa emateko konpromisoa hitzeman du.
Asmo handiko akordioa da EAEko eta Nafarroako herritarrentzat, erkidego bietan gizarte babeserako dituzten sistemak blindatu dituelako eta, orain arte bezala, sistema horiek tokian tokiko erakundeek kudeatzen jarraituko dutelako.
Itun hori, gainera, lorpen politikoa ere bada, agerian jartzen baitu, berriz ere, EAJ-PNVren eraginkortasuna Madrilen euskal herritarren interesak defendatzeko eta azken aldian piztu diren asmo birzentralizatzaileetatik babesteko.
GARRANTZITSUA: Aitor Esteban Euskal Taldearen bozeramaileak prentsaurrekoa eskainiko du Sabin Etxean 17:00etan, lortutako akordioa azaltzeko eta baloratzeko.Agerraldi horri buruzko xehetasunak komunikabideei bidaliko zaien deialdi batean jakinaraziko dira.
** GDSren kudeaketa EAEri eta NFEri transferitzera begira adostutako akordioaren kopia:
- GDSren lege-dekretuak oinarrizko errenta gisa ezarriko du diru-sarrera hori, eta ez autonomia-erkidegoek beren eskumenak baliatuz araudi propioarekin ezar dezaketenaren osagarri gisa, eta xedapen gehigarri hau jaso beharko du:
"Foru-ogasunak izateak dakarren espezifikotasuna dela eta, foru-araubideko autonomia-erkidegoek beren gain hartuko dituzte, beren lurralde-eremuari dagokionez, Errege Lege Dekretu honetan Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalari esleitzen zaizkion eginkizunak eta zerbitzuak, Gizarte Segurantzaren gutxieneko diru-sarreraren prestazio ekonomiko ez-kontributiboari dagokionez, 2020ko urriaren 31 baino lehen erabakiko den moduan.
Aurreko paragrafoan aipatzen diren eginkizunak eta zerbitzuak beren gain hartzen ez dituzten bitartean, Estatuko eta autonomia-erkidego interesdunen organo eskudunen artean sinatu beharreko hitzarmen baten bidez kudeaketa-gomendio bat adostuko da, bertan aurreikusten diren eta onuradunei Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan arreta integrala ematea ahalbidetzen duten jarduerak egiteko.
- GDSren lege-dekretuan Euskal Autonomia Erkidegoari edo Nafarroako Foru Erkidegoari buruz egiten den edozein aipamenek aldez aurretik akordio hau sinatu duten alderdien arteko adostasuna izan beharko du.
- Ondorioz, Espainiako Gobernuak konpromisoa hartzen du EAEren eta NFEren esku uzteko GDSren kudeaketa, dagozkien autonomia-estatutuetan aurreikusitako Transferentzien Batzorde Mistoaren akordioen bidez. Transferentzia hori 2020ko urriaren 31 baino lehen gauzatu beharko da.
- EAJ-PNVk hitzeman du baiezkoa bozkatuko duela Gutxieneko Diru-sarrerari buruzko Errege Dekretuaren baliozkotzea Diputatuen Kongresuan eztabaidatzen denean.