Diputatuen Kontseiluak Elkar-EKIN LANEANen dirulaguntza deialdia onartu du, gizarte desberdinkeriari aurre egiteko neurri bezala
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak gaur onartu du Elkar-EKIN LANEANen -enpleguaren bitartez gizarte bazterkeriari aurre egin nahi dion enplegagarritasun foru programa- dirulaguntza deialdia. 1,2 milioi euroko zuzkidura du deialdiak, beharren arabera handitu daitekeena. Proiektu Estrategikoetako foru diputatu den Ainhoa Aizpuruk azaldu duenez, egungo testuinguruan, COVID-19 gaitzak eragin duen osasun krisia arlo sozial eta ekonomikoetara hedatu du. Honen aurrean, “ezinbestekoa da desberdinkeria sozialari aurre egiteko neurriak hartzea”. “Krisia hasi zenetik, Foru Aldundiaren helburu nagusia kolektibo zaurgarrienak babestea izan da. Arlo ekonomikoan, argi dago inoiz baino garrantzitsuagoa dela bazterkeria egoeran edo egotetako arriskuan dauden kolektiboetan jarri behar dugula arreta, eta hemen jarduteko modurik eraginkorrena kalitatezko enplegua sustatzea da”, esan du.
Foru diputatua hedabideen aurrean agertu da gaur, aipatutako dirulaguntza deialdiaren xehetasunak aurkezteko. Aizpuruk gogoratu duenez, Elkar-EKIN gizarte inklusioaren aldeko foru programaren enplegagarritasun lerroa da Elkar-EKIN LANEAN, eta Etorkizuna Eraikizen aterkipean garatzen da. “Beraz, Elkar-EKIN LANEANek Etorkizuna Eraikizen filosofia bera jarraitzen du: gobernantza eredu ireki eta elkarlanekoa eta esperimentazioa, kasu honetan, enpleguaren bitartez gizarte bazterkeria borrokatzeko”, zehaztu du. Azpimarratu duenez, jada dozenaka eragile sozial eta ekonomikok hartu dute parte marko honetan kokatzen diren ekintzetan.
“Beti esan ohi dugun bezala, Foru Aldundiaren helburu nagusia da Gipuzkoa Europa mailan desberdinkeria gutxien duten lurraldeen artean kokatzea. Ezin dugu etorkizuna eraiki eta ezberdinkeriaren aurka borrokatu ekonomia lehiakorra izan gabe, gainera jasangarria dena ikuspegi sozial, ekonomiko eta ingurumenekotik”, adierazi du Aizpuruk. Marko honetan, “Elkar-EKIN LANEAN estrategia integratua da, departamentu anitzekoa, enplegagarritasunerako eta aktibazio inklusiborako, suspertze eta lehiakortasun ekonomikoaren, kalitatezko enpleguaren eta gizarte-politiken bidez, gizarte-kohesioa hobetzeko”, gehitu du.
Foru diputatuak nabarmendu du Elkar-EKIN LANEAN ekimenak pertsonak jartzen dituela erdigunean. “Pertsonek osatzen dituzte enpresak. Pertsonen prestakuntzak, gaitasunak eta jarrerak eragin zuzena dute enplegagarritasunean, lan-merkatuko baldintzetan eta enpresen lehiakortasunean. Foru programa honen bitartez, enplegu hobea lortzera bultzatuko ditugu pertsonak, lurraldean kalitatezko enpleguak gara daitezen. Eta, aldi berean, enplegu duina bazterkeria egoeran edo arriskuan dauden pertsonengana hurbiltzea xede duten politikak sustatuko ditugu”, esan du.
“Orain, inoiz baino garrantzitsuagoa da berdintasunaren aldeko lan horri jarraipena ematea, kontrako norabidea egiteko mehatxuak eta arriskuak inoiz baino agerikoagoak baitira”, azaldu du foru arduradunak. Hori dela eta, datozen asteetan Foru Aldundiak marko honetan kokatzen diren ekintza eta planak garatzen jarraituko duela aurreratu du, “Elkar-EKIN LANEAN indartu eta hedatzeko lanari jarraipena emateko”. “Gure aurrean dugun krisi honi aurre egin ahal izateko, esku artean dugun Elkar-EKIN LANEAN hau bezalako enplegagarritasun planek berebiziko garrantzia izango dute”, aldeztu du.
Gazteak, adinekoak, epe luzeko langabetuak…
Gaur onartu den dirulaguntza deialdiaren bitartez, Aldundiak “lurraldea mobilizatu eta aktibatu nahi du, krisi testuinguru honetan bazterkeria enpleguaren bitartez borrokatzeko”. Deialdira hainbat eragilek aurkeztu dezakete: udalak, garapen agentziak, enpresak, hirugarren sektoreko eragileak, hezkuntza arlokoak… eta martxan jartzen dituzten proiektuak egungo egoerak bereziki kaltetu dituen kolektiboei zuzenduta egon beharko dute. Lehentasun taldeak honako hauek lirateke: 16-23 urteko gazteak, emantzipazio-prozesuetan kualifikazio txikia dutenak eta gizarte-babeseko langileak uzten dituztenak; langabezian kroniko bihurtutako pertsonak, 2 urte baino gehiago irauten dutenak; 45 urtetik gorako pertsonak; genero-indarkeriaren biktima diren eta/edo ahalduntze-prozesuetan dauden emakumeak; kualifikaziorik gabeko edo kualifikazio txikiko pertsonak; eta bazterkeria-egoeran edo bazterketa-arriskuan dauden pertsonak.
Horretarako, dirulaguntza deialdiak hainbat aukera eskaintzen ditu, hala nola, gizarteratzeko ibilbide integratuak jorratzen dituzten programak; enplegu-prestakuntzako programak, prestakuntza-zentroa eta lantokia konbinatuta; lurraldean laneratzeko enpresak sor eta manten daitezen bultzatzea (merkatu-azterlanak, enpresa horiek sortzea bideragarria den edo lehendik daudenak dibertsifikatzea jarduera berrietan eta aktibo finkoetan inbertitzea, laneratze-prozesuan dauden pertsonentzako lanpostuak sortzeko edo mantentzeko); enplegu-agentzia gisa behar bezala egiaztatutako erakundeek bitartekotza-jarduerak sustatzea eta pertsonei eta enpresei laguntzea; eta inklusio soziolaborala lantzeko, eskualdeko zerbitzu sare integratuak sortzen laguntzea.
Gainera, foru diputatuak gogoratu du pasa den urrian, eta Elkar-EKIN LANEAN ekimenaren aterkipean baita ere, Aldundiak eta Lanbidek 720.000 euroko diru partida onartu zutela, enpleguaren bitartez bazterkeria borrokatzeko eragile sareak indartzea helburu zuten proiektuak sustatzeko. “Oraindik ezin dugu balantze zehaztua egin, baina atera ditugun lehenengo ondorioak oso positiboak dira, eta jarraipena eman nahi diegu. Orain, deialdi berri honekin, hamabost bat proiektu jarri nahi ditugu martxan, lurraldeko eskualde guztietara iristeko asmoz”, adierazi du.