Aldundiak 15,5 milioi bideratuko ditu lehen sektoreko jarduera ekonomikoari eusteko

Gaur aurkeztutako planak aparteko neurriak jasotzen ditu, Covid-19ak gehien erasandako azpisektoreei laguntzeko eta jarduera dibertsifikatzeko

Aldundiak 15,5 milioi bideratuko ditu lehen sektoreko jarduera ekonomikoari eusteko 13Maiatzak
2020
2020 MaiatzaK 13 |
Gipuzkoa

PARTEKATU

Gipuzkoako Foru Aldundiak 15,5 milioi euro bideratuko ditu guztira, Covid-19ak eragindako krisiaren aurrean lehen sektoreak dituen erronkei erantzuteko. Jarduera ardatz nagusiak hauek izango dira: jarduera ekonomikoari eta enpleguari eustea, kalterik gehien jasan duten azpisektoreei laguntzea, eta lurraldeen arteko oreka.  Imanol Lasa Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak eta Xabier Arruti Nekazaritzako eta Lurralde Orekako zuzendariak "Gipuzkoaren etorkizunerako funtsezkoa den jarduera honen oinarriak blindatzea" helburu duen plan baten nondik norakoen berri eman dute, "onura kolektiboak dakartzalako, onura ekonomiko hutsetatik haratago doazenak", azaldu du Lasak.

Diputatuak nabarmendu duenez, egungo krisiaren ondorioetako bat da gizarteak barneratu egin duela "zein garrantzitsua den lehen sektore indartsu bat izatea, gai dena osasun eta kalitate berme guztiekin premia-premiazko produktuak eta lehengaiak emateko, eta gure elikagai hornidurak eta km 0 produktuen kontsumoa bermatzeko; edo klima aldaketaren aurkako borrokan laguntzeko, alderdi guztietan. Kontzientzia hartze hori aprobetxatu behar dugu lehen sektorea indartzen jarraitzeko, ez baitugu ahaztu behar Gipuzkoako azaleraren % 90 hartzen duela, eta, beraz, berebiziko garrantzia duela lurraldearen kontserbazioaren, egituraketaren, kudeaketaren, eta orekaren ikuspegitik", azaldu du.

Planaren bidez, Aldundiak departamentuko partida ekonomikoak eta programak berregokitu ditu, aurrekontu orokorra ukitu gabe, pandemiak eragindako beharrei erantzuteko eta horiek berreskuratzeko oinarriak Covid-19aren osteko agertokian jartzeko. Ariketa horretan, Foru Aldundiak, besteak beste, inbertsioen eta hitzarmenen kapitulua gutxitzearen eta, alderantziz, sektorearen lehiakortasunerako eta modernizaziorako funtsezkotzat jotzen diren laguntzen multzoari eustearen aldeko apustua egin du, guztira 10 milioi euroko zenbatekoa xedatuta horretarako. "Gure lehentasuna ekoizpen jardueraren biziraupena eta errentagarritasuna bermatzea da, baserritarrei zuzenean lagunduz.  Horregatik, diru sarrerak jaitsi arren, ahalegin handia egiten dugu funtsezko deialdiei ikuspegi horretatik eusteko. Ez dezagun ahaztu sektore honen bideragarritasunak erronka garrantzitsuei aurre egiten ziela krisi hau hasi aurretik ere, eta horri erantzuten jarraitu behar dugula", adierazi du Lasak.

Horien artean, nekazaritza ustiategietarako laguntza planak daude (nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza) eta, besteak beste, honako alderdi hauek hartzen ditu kontuan: enpresa kudeaketa hobetzea edo ekoizpen gaitasuna handitzeko inbertsioak egitea; Mendialdeetarako Konpentsazio Ordainak; gazteak baserrian gelditzeko plana (Gazte Plana), zeinak belaunaldi erreleboa bultzatzen baitu ustiategiak martxan jartzea edo eskualdatzea babestuz; nekazaritza ingurumeneko neurriak; edo nekazaritza ekologikoari laguntzeko programa, ingurumenean eragin mesedegarria eta esanguratsua izatea ahalbidetzen duten ekoizleei zuzendua. Baserritarrentzako ordezkapen zerbitzua ere bere hartan uzten da, birusak sor ditzakeen gaixotasun bajei edo konfinamendu egoerei aurre egiteko. Oporrak eta bajak estaltzeko zerbitzua da, eta Aldundiak horretarako laguntzak ematen dizkie baserritarrei. Deialdi horietako ildo batzuk egokitu egingo dira Covid-19ak eragindako behar berriei aurre egiteko, betiere sektoreko eragileekin lankidetzan.

Era berean, planak hainbat neurri berri aurreikusten ditu, 5,5 milioi euroko zenbatekoarekin, eta funtsezko bi jarduera eremu: sektoreari eta Covid-19ak erasandako azpisektoreei laguntzea, jarduerari eusteko funtsezko jarduerak sustatuz (4,5 milioi); eta udalerri txikietako biztanleen eta udalen funtsezko premiei erantzutea (milioi bat). Lehenengo jarduera esparruak, alde batetik, jasotzen du krisiak zuzenean eragindako azpisektoreen Erreskate Plana (2,5 milioi), eta, bestetik, Jarduera Berregituratzeko eta Dibertsifikatzeko Ekintzak, pandemiaren ondorengo egoera berrira egokitzera bideratua (2 milioi).

Xabier Arruti zuzendariak zehaztu duenez, Erreskate Planaren barruan, ardi sektorean, esne, gazta eta arkume soberakinengatiko likidezia eta ekoizpen kostuen murrizketa erraztuko dira, artzaintza eta tokiko lehengaien kontsumoa sustatuz; sagardoa eta txakolina egiten duen frutagintza sektoreari laguntza ekonomikoa emango zaio; nekazaritza turismoko profesionalei zuzendutako aparteko neurriak hartuko dira; nekazaritzako soberakinak bilketa eta banaketa plataformen bidez bideratzea bultzatuko da, eta beste erakunde publiko batzuekiko (Eusko Jaurlaritza, udalak eta gainerako aldundiak) lankidetza areagotuko da.

Jarduera berregituratzeko eta dibertsifikatzeko ekintzei dagokienez, oinarrizko produktuak (papera, zelulosa, zura, etab.) sortzen dituzten jarduerak bultzatuko dira tokian-tokian, ekoizpenari zein eraldaketari dagokienez; ustiategien nekazaritza dibertsifikazioa sustatuko da, baso jarduera osagarrien bidez; ingurumen kalteak prebenitzen laguntzen duten oinarrizko zerbitzuak mantenduko dira, sektoreko eragileen parte hartzearen bidez (suteak, higadura, kutsadura); eta ekonomia zirkularrean eta klima aldaketaren aurkako borrokan aurrera egingo da, NBEren 2030 Agendaren arabera. Arrutik azpimarratu duenez, "nekazaritza eta basogintza jarduerek, oro har, funtsezko zeregina dute ingurumenaren zaintzan, berotegi efektuko gasen murrizketan eta bioekonomiarako trantsizioan, eta hazkunde jasangarriaren aldeko apustua egiten dute".

Lurralde oreka

Lurralde orekari dagokionez, eta zerga bilketaren jaitsierak Gipuzkoako herri txikienetako udalen beharrizanetan eta kudeaketan izan dezakeen eragina ikusita, Planak 500.000 euro aurreikusten ditu udalei laguntza emateko eta haiekin lankidetzan aritzeko, horrela, baliabideak arrazionalizatzeko eta ematen dituzten zerbitzuen eraginkortasuna hobetzeko; udalaz gaindiko laguntza kolektiboko proiektuak eta plataformak indartzeko; eta premia larriko kasuetan baliabide ekonomikoak udaletara bideratzeko.

Horrez gain, beste 500.000 euro bideratuko dira, COVID-19aren krisiaren ondorioz konektagarritasun ezak eraginda, hezkuntza eta laguntza eremuan nabarmendu diren desberdintasunak identifikatzeko eta horiei aurre egiteko: baserrietan isolatutako adineko pertsonei elikagaiak hornitzeko arazoak, ikasturtea behar bezala jarraitzeko zailtasunak, etab. “Aldundiaren apustu estrategikoetako bat da Gipuzkoan bizi garen guztion bizi kalitatea eta zerbitzu maila parekoak izango direla bermatzea, hirigunean edo landa ingurunean bizi garen alde batera utzita.  Alderdi hori zaindu egin behar dugu, ahal den neurrian.  Gipuzkoako jarduera eta bizimodua beti egon dira nekazaritzari oso lotuta, eta etorkizunean ere hala jarraituko dute. Landa ingurunea eta gure herri txikiak biziberritzen jarraitu behar dugu, bertako bizimodua erakargarria izan dadin", esan du amaitzeko Lasak.

Interesatu Zaitez