Gaurko mahaian kultur eragileekin kulturaren inguruko neurriak lantzeko foro bat sortzea eskatu du EAJk, “bakoitzaren egoeraz eta egoera orokorraz hausnartu eta ahalik eta erabaki zuzenenak hartzeko”.
COVID 19ari aurre egiteko elkarlanerako mahaian biltzen dira astero udaleko bi udal taldeetako ordezkariak eta zenbait udal teknikari, hartu beharreko neurriak proposatu, aztertu eta adosteko eta halaxe egin dute baita aste honetan ere. EAJk kulturaren inguruko neurriak faltan bota ditu orain arte, jeltzaleek azaldu dutenez, “kontziente gara udalaren egoera ekonomikoa ez dela ona eta ditugun baliabideak ahalik eta egokien eta lehentasunak markatuz bideratu behar direla, baina gure herriko kulturari eustea lehentasunezkoa dela uste dugu” azaldu du Ainhoa Galdos bozeramaile jeltzaleak.
Joan den asteko osoko bilkuran Amaia Erostarbe zinegotzi jeltzaleak azaldu bezala, EAJ COVID 19a kultura arloan sortzen ari den eragina arintzera bideratutako proposamenak lantzen aritu da EAJ eta kultur eragileekin neurriok lantzeko foro bat eratzea eskatu du gaurko mahaiak egin duen bileran Galdosek, bakoitzaren egoeraz eta egoera orokorraz hausnartu eta ahalik eta erabaki zuzenenak hartzeko, “gu prest gaude lanketa horretan parte hartzeko, premiazkoa dela uste dugu eta atzera bueltarik ez duten erabakiak hartu aurretik, lehen bai lehen martxan jartzea eskatzen dugu”.
Eragileekin eta udal gobernuarekin landu nahi dituzten neurriak
Gipuzkoako udalerrietan kulturaren inguruan hartu diren neurriak aztertu eta Oñatira egokitzeko lanean aritu da EAJ eta 3 proposamen egin dituzte publiko gainerako agenteekin lantzeko:
1. Herriko kultura-sormena (herriko talde txikiena) lagundu eta sustatu.
COVID 19ak sortutako egoeraren eraginez, herriko taldeek aurreikusita zituzten hainbat emanaldi bertan behera geratu dira eta, ondorioz, diru-iturri hori ere eten egin da. Emanaldi presentzialak oraindik ere martxan jarri ezin direnez, Udaletik emanaldi birtualak kontratatu eta oñatiarrei eskaintzeko partida sortzea.
2. Kontratatutako emankizunei eutsi eta ordaindu.
Kontratatuta dauden emankizunak bertan behera utzi ordez, atzeratzea eta artistei bere lanaren ordainketa aurreratzea, diru-sarrerarik gabe gelditu diren momentu honetan jarduerari eusten laguntzeko.
3. Oñatiko herriaren bereizgarri diren jaiak, jaialdiak eta kultura-ekitaldiak balioan jarri.
Bizi dugun egoera ez ohikoa eta biziko dugun normaltasun berria aintzat hartuta Oñatiko jai, jaialdi eta kultura-ekitaldiak birplanteatzea, beste modu batera bada ere ospatu ahal daitezen.