EBBko presidenteak aditzera eman du atzo bertan Pedro Sánchezi bermatu ziola “EAJk hemen jarraituko duela, bere ekarpena egiten, gauzak ondo joan daitezen”, baina horrek ez du esan nahi “denari amen esan behar diogunik”
Andoni Ortuzarrek, Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak, gaur nabarmendu nahi izan du Euskadiko politikan eta estatu mailan ematen ari den fenomeno bitxia: elkarrekiko antagoniko jotzen diren alderdi bik (hainbatetan elkarrekin bozkatu duten arren), EH Bilduk eta Partido Popularrak, jazarpen eta eraiste estrategia berbera partekatzen dutela oposizioko lehen talde diren tokietako Gobernuen kontra, lehenengoak Euskadin eta bigarrenak Espainian. Radio Popular de Bilbao-Herri Irratiari eskainitako elkarrizketan, jeltzaleen buruak era berean adierazi du atzo bertan Espainiako gobernuak Berreraikitze Mahaiaren inguruan irizpidea aldatu ondoren eragin den nahasketa ikusita (minutu gutxiren buruan parlamentuko batzorde bilakatu zuten), harremanetan jarri zen Sánchez presidentearekin eta Calvo presidenteorde andrearekin EAJren borondatea adierazteko “honelakoa moduko kasuetan egin behar den kritika eta autokritika eginez, EAJk hor jarraituko du bere onena eskaintzeko, gauzak bide onetik joan daitezen”.
Ortuzarrek salatu du EH Bildu egun hauetan “hauteskunde kanpainan dagoen alderdia” dela, “ez omen dira konturatu hauteskundeak bertan behera utzi zirela. Jo eta je ari dira kanpainan, besteak pandemiaren kontra borrokatzen ari garen bitartean, egoera honetatik irteteko, autonomoei, merkatariei, ostalariei laguntzeko… Beraiek `jo eta ke´ Iñigo Urkulluren kontra. Ematen du gai hori erabili nahi dutela Lehendakaria erasotzeko”. Jeltzaleen buruaren esanetan Ezker Abertzalea ari da “Casadok Madrilen egiten duena egiten, baina apur bat basatiago”. Arnaldo Otegik Covid-19aren krisiaren kudeaketaren kariaz EAJren eta Eusko Jaurlaritzaren kontra atzo bertan jaurtiki zituen erasoez galdetuta, Ortuzarrek argi bezain sendo hitz egin du: “Horiek beti dira klaseko buru argienak. Txarto egin duzuna esaten dizute gauzak egin ondoren, baina sekula ez dute esaten gauzak egin baino lehen. Erakundeetan erantzukizuna hartzen ez dutenez, sekula ez dute ezer txarto egiten. Perfektuak omen dira. Otegiri entzuten badiozu, ematen du Otegi Doktorea dela, epidemiologo aditua; baina, nire moduan, dakiena baino ez daki, eta bere lana egin behar du”. Hala eta guztiz ere, EBBko presidenteak baieztatu du Ezker Abertzaleak eginiko kritikek ez dutela bilatzen duten eragina izango. “Onena egiten eta gauzak ahal dugun ondoen egiten saiatzen ari gara, osasun krisitik irteteko, osasuna eta lana bateragarri izan daitezen, eta albait arinen irten gaitezen osasun krisitik eta krisi ekonomikotik. Eta ez gaituzte bide horretatik aldenduko. Esan dezala Otegik goizero berak nahi duena, baina guk gure lanarekin jarraituko dugu. Emaitzek abalatzen dute gure lana. Datuak hor daude. Irteten ari gara. Inoiz ez da kolapso egoera gertatu, ZIUak oso beteta izan ditugu, baina sekula ez da desgobernu egoerarik eman”
Ortuzarri galdetu diote Espainiako gobernua hartzen ari den erabaki batzuen aurrean EAJk egin dituen kritikez, eta EBBko presidenteak nabarmendu nahi izan du ezbai horien gainetik daudela talde jeltzaleak Madrilen erakutsi dituen leialtasuna eta erantzukizuna. “Kritika eraikitzaileak egitea eta guk eraginkorrago jotzen ditugun metodoak eta konponbideak planteatzea desleiala izatea bada, kasu horretan egongo gara. Alderdi politiko gutxi daude EAJ bezain leialak hitza ematen dugunean, eta horrela egiten ari gara Estatuko Gobernuarekin. Atzo bertan Sánchez presidentearekin eta Calvo ministro andrearekin hitz egin nuen eta esan behar niena esan nien, honelako kasuetan egin behar den kritika eta autokritika eginez. Baina, era berean bermatu nien EAJk hor jarraituko duela, daukan onena eskaintzen, gauzak bide onetik joan daitezen”, baieztatu du Ortuzarrek, “baina horrek ez du esan nahi denari amen esan behar diogunik”. Eta Eusko Jaurlaritzaren baitan jeltzaleen eta sozialisten artean eman daitezkeen ezbaiez galdetuta, Ortuzarrek erantzun du horiek ez direla gertatu “Eusko Jaurlaritzak krisiari aurre egiteko moduagatik, baizik eta EAJk Gobernu zentralarekin dituen harremanengatik; eta, logikoa denez, Eusko Jaurlaritzako sozialistengan eragina dute. Baina ezbai horiek ez dira gertatu Euskadiko gaien inguruan edo Euskadiko politikaren inguruan edo Euskadiko erakundeetan krisiari aurre egiteko orduan hartu diren neurrien inguruan. Uste dut Eusko Jaurlaritzaren osasuna eta Euskadiko erakundeetan eratuta dauden gainerako koalizioena bermatuta dagoela, osasuntsu daude”.
Amaitzeko, Gobernu zentralak bultzatu nahi duen oinarrizko errentaz hitz egin nahi izan du Ortuzarrek. “Guk ez dugu eztabaidatzen Estatuan gutxieneko errenta martxan jartzea. Hemen, Euskadin, martxan jarri genuen duela hainbat urte, gure eredua eskaini diegu kopiatzeko edo gure esperientziatik ikas dezaten. Euskadiko herritarrentzat ontzat jotzen duguna ez diogu inori ukatu nahi. Baina guk hainbat urtetan egin genuena pare bat astetan egin nahi izateak elkarren artean eztabaidatzera eramango gintuzke seguruenik, hori ere autonomia erkidegoen eskuduntza delako. Estatutik abian jarri nahi dute autonomia erkidegoek martxan jarri behako luketen neurria. Orduan, zergatik ez da gai garrantzitsu honi buruzko debatea irekitzen? Zergatik ez da autonomia erkidegoekin elkarrizketa irekitzen, inori kalte egin gabe gauzak zelan egin daitezkeen ikusteko? Dekretuen bidez, agintekeriaren bidez egiteak susmo txarrak sortzen ditu. Espainiako gobernuak apurka-apurka jo behar du normaltasun politikorantz. Larrialdi egoera batean gaude osasun aldetik eta ekonomian, baina harreman politikoetan normaltasun handiagoa eman beharko litzateke, lasaitasun handiagoa, hausnarketa handiagoa eta akordio handiagoa”.