Europako Parlamentuko EAJ-PNVko diputatuak gaur goizean “Onda Vasca” irratiari emaniko elkarrizketan nabarmendu du koronabirusaren krisiak agerian utzi duela Europa gehiago behar dugula
Izaskun Bilbao Barandicak nabarmendu du gaurko pandemiaren aurrean Europa mailako prebentzio neurriak koordinatu izan balira erantzun eraginkorragoa ahalbidetuko zela konfinamendu neurri ezberdinak izan gabe edo funtsezkoak ez diren jarduerei buruzko dekretua modukoak abian jarri gabe. “Azkenean zuzendu da eta posizio zentzudunagotara bideratu da”, adierazi du. Era berean azpimarratu du mutualizatu egin beharko dela pandemiari aurre egiteko xedez Batasuneko estatuek osasun alorretik eta alderdi ekonomikotik hartu behar izan dituzten neurriek eragin duten zorra.
Ordezkari jeltzaleak gogora ekarri du hiritarrentzat edo Europarentzat ez dela bat ere ona jarduera bateratua abian jarri ez izana. “Horregatik eskatu dugu Europako osasun agentzia bat sortzea eta baliabideak ematea, estatuekin eta erregioekin elkarlanean, estatu kide guztientzako neurriak ezartzeko gaitasuna izan dezan”. Izaskun Bilbaok aldarrikatu du agentzia horrek “gomendioak ematetik harago” beste ahalmen batzuk izatea. Bilbao Barandicaren esanetan gabezia horregatik eman dira “horren erantzun ezberdinak, hau da, batzuk paseoan eta besteak konfinatuta”.
Era berean azpimarratu du erabaki komunak planteatu behar direla jarduera ekonomikoari buruzko erabakiak hartzeko orduan. Horrela mintzatu da iragan igandean estatuko gobernuak funtsezkoak ez diren jarduerak bertan behera uzteko erabaki zuen dekretuaz. “Aldaraztea eskatu genuen langileen segurtasuna lehenetsiz, baina jarduera ekonomikoa bertan behera utzi gabe”. Bilbao Barandicak berretsi du neurri horren aplikazio ez homogeneoak egoera larrian jartzen zituela gelditzera derrigortuta zeuden enpresa batzuk, beren lehiakideak beste leku batzuetan gelditzen ez ziren bitartean.
Horregatik, eta osasuna gauza guztien gainetik jartzeko beharra azpimarratuz “guk, enpresa guzti-guztiak itxi beharra ez genuen ondo ikusten. Ulertzen genuen egokitu beharra zegoela eta ikusi dugu dekretua presaka egin zela posizio politikoek bultzatuta eta zorroztasun teknikorik gabe. Azkenean, gobernuak bere jarrera zuzendu du lehengoa baino posizio zentzudunago batetara bideratuz, enpresen elkarteek, plataformek, ETEek eta garraio sektoreko eragileek eskatu zuten bezala. Oraindik ez dago oso argi dekretu hori sektore batzuetan nola aplikatu behar ote den, baina bideratzeko aukera egongo da autonomia erkidegoen lanari eta konpromisoari esker. Gobernuak kasu gehiago egin behar zien erakunde horiei eta leialak izan diren alderdiei, beti zorroztasunez eta seriotasunez lan egiten saiatzen baitira. Langileen osasuna aurretik jarriz, ahal den jarduera guztia mantendu behar da. Koronabirusetik aterako gara, eta hurrengo egunean pentsatu behar da”.
Izaskun Bilbao Europako diputatuak gogora ekarri du Europako erakundeek dagoeneko neurri batzuk abian jarri dituztela krisitik ateratzeko, besteak beste Europako Banku Zentralak bultzatu duen zorraren erosketa berezia edo 37.000 milioiko mobilizazioa talka-planak egiteko eta Europako larrialdi-funtsa aktibatzeko, baina nabarmendu du ekonomia suspertzeko plan bat egin behar dela, eta, horretarako, Europako Egonkortasun Mekanismoaren bertsio berritu bat baliatu behar dela. Eurobonuen bidez zorra mutualizatu beharraz mintzatu da, estatu batzuek aukera hori blokeatu izana deitoratu du, eta Herbehereak ere "jarrera aldatzen" ari direla azpimarratu du, krisi horrek eurobonuei ere eragin diezaiekeela egiaztatuta. “2008ko krisiak erakutsi zigun herritarrek eta sektoreek Europako neurri bateratuak eta gizarte-eredua eskatzen zizkigutela. Krisi hau gauza bera esaten ari zaigu. Osasun-krisi honekin jokoan daukaguna da herritarren konfiantza, eta horregatik proiektu hauetan aurrera egiten jarraitu behar dugu”.