Kamioiak gidatzeko denborak pandemiak planteatzen dituen beharretara egokitzeko irizpide komunak eskatu dizkio Izaskun Bilbao Barandikak Bruselari

Izaskun Bilbao Barandikak Garraio komisario andreari eskatu dio Europako Batzordeak estatu kideak behartu ditzala une honetan alde bakarrez hartzen ari diren neurriak bateratzera, garraio sektoreko profesionalen gidatze denborak eta atsedenaldiak arautzen dituen araua koronabirusak eragin duen pandemiak planteatzen dituen zerbitzu-eskakizun berrietara egokitzeko. Mugak aldebakarrez itxi izanak, lehen premiako salgaiak eta osasun-hornidurak premia larrikoak izateak eta beste inguruabar batzuek arau hori egokitzea gomendatzen dute eta, era berean, aldaketa guztiak Batasun osoan homogeneoak izatea aholkatzen dute

Kamioiak gidatzeko denborak pandemiak planteatzen dituen beharretara egokitzeko irizpide komunak eskatu dizkio Izaskun Bilbao Barandikak Bruselari  31Martxoak
2020
2020 MartxoaK 31 |
Eusko Legebiltzarra

PARTEKATU

Ordezkari jeltzaleak aurkeztu duen proposamenak hainbat elkarte profesionalek planteatu dituzten kexa eta ardurei erantzuten die, bereziki nazioarteko garraio-ibilbideak egiten dituzten elkartekideak dituztenek aurkeztutakoei. Izaskun Bilbao Europako diputatuak bere ekimenean azaldu duenez, pandemiaren ondorioz Batasuneko estatu kide kopuru esanguratsu batek, azken asteotan, alde bakarreko xedapen batzuk erabaki ditu 561/2006 Erregelamenduaren aplikazioaren inguruan. “Erregelamendu horrek, besteak beste, errepideko garraioan profesionalek bete behar dituzten gidatze denborak eta atsedenaldiak arautzen ditu”.

Eurodiputatuak ildo beretik deitoratu du aldaketak homogeneoak ez izatea, eta horrek arauen sakabanaketa eragin duela: "Alde handiak daude jarduera horri herrialde mugakideetan aplika dakiokeen araubidean, eta nazioarteko garraioa azken asteotan zailago bihurtzea eragin du. Lisboatik irteten den kamioi batek, bere ekimenean arrazoitzen duenez, erregimen erabat desberdinak bete behar ditu gaur egun Espainian, Frantzian, Alemanian edo Belgikan, Europako erdialdera iristeko. Horrek estres administratibo izugarria eragiten die enpresei egoerari egokitutako ibilbideak planifikatzerako orduan, bai eta segurtasun juridiko falta nabarmena operadore guztientzat, eta gidarientzat beren lana egiteko arazo larriak ere.

Interesatu Zaitez