Iñigo Urkullu Lehendakaria euskal alderdi politikoetako ordezkariekin bildu da gaur goizean Lehendakaritzan, apirilaren 5erako aurreikusitako hauteskunde-deialdiari buruzko erabakia elkarrekin jorratzeko.
Andoni Ortuzarrek, Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak, oso ondo baloratu du gaur goizean bertan Iñigo Urkullu Lehendakariak eta Gasteizko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden sei alderdi politikoetako ordezkariek adostu duten akordioa apirilaren 5erako deitu ziren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak bertan behera uzteko. Analisia aho batekoa izan da: koronabirusaren hedapenak salbuespen egoera batetara ekarri gaitu eta egoera horretan ahalegin guztiak bideratu behar dira pandemiaren kontra borrokatzeko ahaleginera, hauteskundeak normaltasun egoera berrezartzen den momenturako utzita. Ortuzar eta Joseba Aurrekoetxea, EBBren Antolakuntza arloko burukide arduraduna, EAJ-PNVren ordezkari gisa izan dira gaur goizean Vitoria-Gasteizen egin den bileran.
“Oso positiboa da Euskadiko alderdi politiko guztiok ,aho batez, apirilaren 5eko hauteskundeetarako deialdia bertan behera uzteko adostu dugun akordioa. Une honetan presazkoena eta lehentasunik nagusiena da koronabirusaren kontra borrokatzea eta pandemia hau albait arinen gainditzea”, baieztatu du Ortuzarrek bilera amaitutakoan. “Etorriko dira garai hobeak, berme guztiekin, hauteskundeak berriro deitzeko eta Euskadiko hiritargoa askatasun osoz bozkatzera joan dadin”, amaitu du.
Ondorengoa da Equo Berdeak, PP, PSE-EE, Elkarrekin Podemos, EH Bildu eta EAJ-PNV alderdi politikoek Iñigo Urkullu Lehendakariarekin batzartu ondoren adostu eta izenpetu duten akordioa:
Covid 19aren (Coronavirus) pandemiak eragindako egungo Osasun-larrialdiaren eta Alarma-Egoeraren testuinguruan, honako akordio hauek jakinarazten dituzte:
1. Osasun-Larrialdiaren Adierazpenarekin eta Alarma-Egoeran, ezin izango dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak egin ez osasun publikorako, ezta botoa emateko eskubidea baliatzeko behar diren bermeekin.
2. Ondorioz, indargabetuta geratuko da, Lehendakariaren Dekretu bidez, datorren apirilaren 5eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako deialdia. Erabaki hori hauteskunde kanpaina hasi baino lehen, osteguneko 24:00ak baino lehen, hartu eta argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
3. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen deialdia Osasun-Larrialdiaren Adierazpena kendu ondoren aktibatuko da. Berehala egingo da, alderdi politikoei entzun ondoren, eta Lehendakariaren Dekretu bidez.