BBBko presidenteak baieztatu du talde politikoek biztanleriari erakutsi diotela “guztion lana dela Euskadiri ez ezik mundu osoari eragiten dion pandemia hau geldiarazten saiatzea”
Itxaso Atutxak, BBBko presidenteak, gaur nabarmendu du atzoko albisterik pozgarrienetakoa izan zela Iñigo Urkullu Lehendakariak Euskadiko alderdi politikoetako ordezkariekin egin zuen batzarra amaitutakoan denek adierazi zuten adostasuna. Lehendakaria ordezkari politikoekin batzartu zen Covid-19-aren hedapenaren ondorioz sortu den egoera ikusita, apirilaren 5erako deitu ziren hauteskundeak atzeratzeko aukerak aztertzeko. “Atzo lortu zen Euskadiko alderdi politiko guztiok honetan ados gaudela erakustea, eta hiritargoari erakutsi zaio guztion lana izango dela, denon artean, Euskadiri ez ezik mundu osoari ere eragiten dion pandemia hau geldiarazteko ahalegina egitea”, baieztatu du.
Atutxak Herri Irratiari gaur goizean telefono bidez eskainitako elkarrizketan adierazi duenez “arazoa ez zen horrenbeste hauteskundeak atzeratzea” baizik eta “erabaki hori arrazoitzeko oinarri juridikoa aurkitzea”. Horregatik uste du albiste ona dela erabakia alderdi politikoek aho batez hartu izana,baina ez bakarrik hauteskundeak atzeratzeko orduan “baizik eta baita gauzak nola egin diren, gaia legearen barruan nola egingo zen eta osasun larrialdia amaitutakoan, Lehendakaria gaituta egongo delako,alderdioi kontsulta egin ondoren, hauteskundeak berriro deitzeko”.
Ildo beretik nabarmendu duenez une honetan “garrantzitsuenak dira osasun arazoak, baina horri lotuta ere badaude arazo ekonomikoak, aste batzuen barruan herritarrak antzematen hasiko direnak” eta egoerari aurrea hartzeko “neurri ezberdinak hartu beharko dira”. Zentzu horretan aurreratu duenez Eusko Jaurlaritza eta hiru aldundiak, horretarako gaitasun ekonomiko eta fiskala dutelako “elkarlanean ari dira jada” eta datozen egunotan “herritarren ekonomian eta enpresa handietan ondorio zuzenak izango dituzten erabakiak hartuko dituzte”. Atutxak nabarmendu du egoera honek geldialdi ekonomikoa ekarriko duela, baina baieztatu du lantaldeak eratu direla jada berehala hartu beharreko neurriak pentsatzeko eta lantzeko, baita “osasun krisi honetatik irteteko eta berriro ere hazkunde ekonomikoari heldu ahal izateko”.
Halaber,Bizkaiko jeltzaleen buruak bere esker ona adierazi die Caritas eta Gurutze Gorria erakundeei boluntariotza alorrean “beti egin ohi duten baina egunotan mila aldiz biderkatu zaien esfortzuagatik”. BBBko buruak adierazi du EAJ-PNVk bere alkate guztiak eskaini dituela eta erakunde hauen zerbitzura jarri dituela Bizkaia Gara Bizkaiko Foru Aldundiaren boluntariotza programarekin koordinatuta. “Lan egiteko modurik onena da, koordinatuta egin behar delako Eusko Jaurlaritzaren Osasun,Segurtasun eta Gizarte Ekintza Sailekin, beren lana arrisku bilakatu ez dadin”, azaldu du. “Ezinbestekoa da ondo antolatuta egotea, hartuko diren neurriak protokolo batzuen arabera hartu daitezen eta neurriak jarriko dituzten pertsonen segurtasuna bermatzeko”, baieztatu du.