Trantsizioan alderdikidetutako lehen emakumeak omendu ditu Arabako EAJ-PNVk

Martxoaren 8ko ospakizunean, Jose Antonio Suso ABBko presidenteak egungo gizarteak berdintasunaren arloan dituen gabeziak gainditzeko deia egin du

Trantsizioan alderdikidetutako lehen emakumeak omendu ditu Arabako EAJ-PNVk 08Martxoak
2020
2020 MartxoaK 08 |
ABB

PARTEKATU

"Garai nahasiak ziren. Ziurgabetasun-denborak. Desberdintasun handiko garaiak ziren, lau hamarkadetan emakumeak ikusezin bihurtu ondoren, kanpora begira apaingarri eta etxe barruan etxekoandre bihurtuta. Ilusioa sortzen zuten aukeren garaiak ere baziren. Gaur omenduko ditugun alderdikideek urrats bat aurrera egin zuten eta alderdikidetzeak suposatzen duen konpromisotik EAJ-PNVren proiektuan murgildu ziren". Hitz horiekin omendu zituen Jose Antonio Suso Araba Buru Batzarreko presidenteak 1976an Araban Euzko Alderdi Jeltzalean  alderdikidetu  ziren lehen emakumeak.

Martxoaren 8ko goizean antolatutako ekitaldian, Euzko Alderdi Jeltzaleak gogora ekarri nahi izan du bere herriarekiko konpromiso politikoa hartu zuten emakume jeltzale askoren lana, sarritan isileko lana izandakoa. "Euskadirentzat irekitzen ziren garai berriak ondo irakurtzen jakin zenuten emakume kontzienteak izan zineten", esan die.

Gasteizko Goiuri jauregian egin den ekitaldia , Alava “Sarea. Emakume ikusezinen sarea" dokumentalaren proiekzioarekin hasi da. ABBko presidenteak salatu duenez, emakumeek garatutako proiektu askoren konpromiso politiko eta soziala ikusezina izan da. Horren adibide dira, bere ustez, gerra zibilean euskal kartzelak eta erbesteko euskal gobernua lotzen zituen informazio-sarearen parte izan ziren dokumentaleko protagonistak edota, gaur egunera etorrita, emakumeek landa-eremuan egiten duten lana.

"Gaur, emakumeak ikusezin bihurtu dituen mantu hori erortzea eskatzen dut. Gure gizarteak aurrera egin du arlo ekonomikoan eta sozialean. Baita berdintasunaren alorrean ere. Aurrera egin dugu, bai, baina genero-desberdintasuna gizarte gisa aurre egin behar diogun erronka nagusietako bat da", adierazi du Jose Antonio Susok. “Gure ahalegin osoa erronka hori lortzera bideratu behar dugu, emakumeen aurkako indarkeria matxistari amaiera emateko eta, batzuetan, zoritxarrez, baita haien seme-alaben aurkakoa ere. Pobreziaren ondorio handienak emakumeen kolektiboari lehentasunez eragitea gainditzeko. Parte-hartze soziopolitikoaren indizeak modu positiboan berritzeko. Soldata arrakala gainditzeko".

Arabako presidente jeltzaleak "gizonen eta emakumeen arteko berdintasun erreala eta eraginkorra lortzeko urrats irmoak ematen jarraitzeko konpromisoa" hartu du Euzko Alderdi Jeltzalearen izenean.

Interesatu Zaitez