Suso: “Gaurkoa gogoratzeko eguna da, bai eta salaketa egitekoa ere”

Araba Buru Batzarreko presidenteak martxoaren 3ko zoritxarreko gertakarien 44. urteurrena bete den egunean aldarrikatu du biktimentzako aitortza eta erreparazioa eta gertakariak behin betiko argitzea

Suso: “Gaurkoa gogoratzeko eguna da, bai eta salaketa egitekoa ere” 03Martxoak
2020
2020 MartxoaK 03 |
ABB

PARTEKATU

“Egiteke dago biktimei aitortza eta erreparazioa eskaintzea. Denboratxoa daramagu hori lantzen, baina oraindik ez da gertatu. Gauza bat dela beste bat dela harresi batekin egin dugu topo. Poliziaren ekintza haren erantzukizunak argitu behar dira, Trantsizio garaiko larriena izan zenarena. Horiek dira erantzuna behar duten faktore biak. Gaurkoa da gogoratzeko eguna baina baita salaketa egitekoa ere. 44 urte asko dira eta EAJ-PNVk bide hori jorratzen jarraituko du”. Hitz horiekin, Jose Antonio Suso Araba Buru Batzarreko presidenteak martxoaren 3ko gertakarien urteurrenean ekarri ditu gogora “hiri oso bat eta bizitzea tokatu zitzaigun pertsonak” markatu zituzten gertakariak izan zirela esanez.

Gaur goizean Radio Vitoriari eskainitako elkarrizketan, EAJ-PNVren Araba Buru Batzarreko presidentea konbentzituta agertu da, bere aburuz hautesleriak jakingo duelako Eusko Jaurlaritzak azken urteotan egin duen lana hautestontzietan baloratzen. “Hiritarrek jakingo dute lau urteotako lana baloratzen, une honetan egoera berri eta oso konplikatuetan egiten ari den lana. Oposizioko alderdiak egoera horiek ‘armatzat’ baliatzen ari dira hauteskunde garaian gaudela aintzat hartuta. Oposizioko buru batzuk Euskadira etorri dira hemendik bertatik Eusko Jaurlaritzaren jarduna kritikatzeko. Kanpaina gogorra izango da. EAJ da menderatu beharreko alderdia”, zehaztu du.

Ildo beretik, Susok auzitan jarri ditu oposizioko alderdi batzuek apirilaren 5eko hauteskundeetarako bidea egiteko darabiltzaten estrategiak. “‘Alonso ereduak’ eta ‘Iturgai ereduak’, PPk Madriletik inposatutakoak, ez daukate zerikusirik. Honezkero, EAJren erradikaltasunari buruz hitz egiten badute, inortxok ere ez du sinetsiko. Mundu guztiak sinesten duena bai da PPk hartu duen bide erradikala”. Beste alde batetik, burukide jeltzaleak zalantzan jarri nahi izan du Podemosen ildo estrategikoa , hauteskundeen ondren EAJ-PNVren alternatiba bideratzeko akordioa iragartzen duena. “Titular gisa ona da kanpainarako diskurtsoa ematen dielako, baina funtsean beraiek ere ez dute sinesten, eta hala adierazten dute. Eta norberak sinesten ez duenean, arrakasta ez dago bermatzerik”, baieztatu du.

Estatutuaren betepenaz eta lurralde ereduaren aldaketaz galdetuta, ABBko presidenteak uste du biek “eskutik” joan behar dutela. “Ematen du Aurrera egiten ari garela eta epe laburrean transferentzia batzuk izango ditugula Euskadiko eta Espainiako gobernuen artean 40 urteren buruan Estatutua osorik betetzeko adostu duten akordioaren poderioz. Aldi berean, bestelako lurralde eredu bat izateko urratsak eman behar ditugu. Katalunian abian jarri den elkarrizketa mahaiak bere fruituak eman behar ditu Estatuak Autonomia Erkidego historikoekin duen harreman eredu berria sortzeko. Martín Villak denontzako kafea erabaki zuen, eta eredu horrek ez du inor asebetetzen”, adierazi du.

Interesatu Zaitez