ETSk eta Andoaingo Udalak Sorabilla auzoko baserriak udalerriko ur sare orokorrera lotzeko soluzioa adostu dute

Proiektuan inplikaturiko auzokideen eskari guztiak sartu ondoren, ETSk eta Udalak laneko mahai bat eratu dute, obraren jarraipena egiteko eta gauzatu beharreko jarduketak koordinatzeko

ETSk eta Andoaingo Udalak Sorabilla auzoko baserriak udalerriko ur sare orokorrera lotzeko soluzioa adostu dute 10Otsailak
2020
2020 OtsailaK 10 |
Berria

PARTEKATU

Gipuzkoako adarrean Euskal Y-aren lanen arduraduna den Euskal Trenbide Sarea euskal trenbide administratzaileak eta Andoaingo Udalak, Sorabilla auzoko baserriak udalerriko ur sare orokorrarekin lotuko dituen proiektuaren beharrak adostu dituzte. Esku-hartze hori, “Euskadiko Trenbide Sare Berriaren plataformako jarduketa gehigarrien proiektua. Bergara-Astigarraga tartea” izenekoaren barruan daude. Proiektuak, Euskal Y-a gauzatzearen ondorioz sorturiko eraginak hobetzea edo konpontzea bilatzen du.

Andoaingo tartean, lur-azpiko iturburuetako ur hornidura jasotzen zuten Belkoain inguruko baserriek jasan zuten eragina. Eginiko txostenaren arabera lur-azpiko iturburuak “beraien tokian jarraitzen duten eta ura badagoen” arren, sortzen den ur-emaria ez da erregularra urte osoan, eta ezin daiteke gutxieneko hornidura maila bermatu.

Abagune hori konpontzeko, ETSk idatzi duen proiektuak 13 baserri udalerriko ur sare orokorrarekin lotuko ditu zuzenean. Horrela, “eguneko 24 orduetan eta urteko 365 egunetan, kalitatezko ura” bermatuko da, azaldu du Mari Jose Izagirre Andoaingo Zerbitzu zinegotziak. Udalerriko ur sare orokorrera lotuko diren baserriak Intxusaran, Murkaio, Murkaio-Berri, Villla Mendiola, Borda, Aitzeta, Erramueta, Errazpi, Zuhaizpe, San Migel, Goikoetxeberri, Kapela Gorri eta Allurralde dira.

Kontratua askoz luzeagoa da, eta horrek zailtasun administratiboak gehitzen ditu. Hala ere, Udala bitartekari gisa aritu da prozesuan, herritarren ekarpenak eta eskariak jasotzeko. Sentsibilitate hori zenbait jarduketatan jaso da, hala nola, sarearen presioa handitzean, hasierako inbentarioan ez zeuden baserriak sartzean, eta baita nekazaritzako ustiapenetara konexio berriak egitean eta tarte batzuetan hodien sekzioa egokitzean ere.

Jarduketa garrantzitsu horri esker, auzo horretan udalerriko ur sarearen eraztuna itxi ahal izango da. Lanak datorren astetik aurrera, bost hilabetetan, gauzatuko dira era koordinatuan, eta astero zehaztuko dira, auzokideek jasango dituzten eraginak ahalik eta gehien murrizteko. Lehenbiziko lur mugimenduak Allurraldetik hasiko dira. Aurrekontua 329.000 eurokoa izango da.

Aitor Garitano ETSko Zuzendari Nagusiak eta Mari Jose Izagirre Zerbitzu zinegotziak “erakundeen arteko koordinazioa funtsezkoa” izan dela azpimarratu dute, sorturiko arazoa bideratzeaz gain, “behin betiko konpontzeko”.

Horrela, Izagirrek “ETSk erakutsitako jarrera eta sentsibilitatea” eskertu ditu, “inguru horretan bizi diren andoaindarren arazo handiak konpontzera zuzendu baitira”. Hori dela eta, pozik agertu da, “beharra onura bilakatu dugulako, landa ingurune bati, Belkoaini, hornituriko ur zerbitzuaren kalitatea nabarmen hobetuko duen azpiegitura berria ematen diogulako”.

Interesatu Zaitez