Eider Mendoza foru bozeramaileak gogoratu duenez, gizarte desberdinkeriari aurre egin eta murriztea foru erakundeak duen helburu estrategiko nagusia
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak babesgabetasun egoeran dauden adingabeei eskaintzen zaizkien zenbait zerbitzu eta gizarteratze ekimenak bultzatzeko dituzten hitzarmenak berritzea onartu du gaur. Guztira, 23,4 milioi euro bideratuko ditu foru erakundeak bi esparru hauetako akordioei jarraipena emateko. Eider Mendoza foru bozeramaleak Kontseiluak onartutako erabakien dimentsioa eta balio kualitatiboa azpimarratu ditu, eta bi neurriak Aldundiak duen helburu estrategiko nagusia bultzatzera bideratzen direla gaineratu du: “Hau da, desberdinkeria borrokatzea, eta Gipuzkoa Europa mailan desberdinkeria gutxien duten lurraldeen artean kokatzea. Daukagun ongizate mailari eusteko, ezinbestekoak da gizarte politika, eta bide beretik jarraituko dugu”.
Mendoza hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, foru Gobernuaren aste honetan bileran onartutako erabakien berri emateko. Gizarte politika arloko lehen erabakiari helduz, honi esker babesgabetasun egoeran dauden adingabekoei zerbitzuak eskaintze aldera hainbat erakunderekin sinatutako kontratu programen eta lankidetza hitzarmenak luzatzen dira. Guztira 12.802.194,48 euro bideratzen dira alor honetara, eta adingabeen zaintzan aritzen diren itundutako zortzi erakundeen zerbitzuak finantzatzen dira partida honekin, 10 udalerritan banatzen diren 155 plaza kudeatzen dituztenak. Une honetan, guztira, Aldundiak 777 adingabe ditu babesgabetasun egoeran, hauetatik 431 egoitza sarean eta gainera 346ak harrera familietan.
Mendozak lerro honen bidez finantzatzen diren bi programa aipatu ditu, adibide gisa, biak ere Gurutze Gorriak kudeatzen dituenak. Alde batetik, Crono programak akonpainamendu sozio-hezitzailea eskaintzen die adingabeei, eskolan lagunduz eta lan mundura bideratutako formakuntza ikasketetan babesa eskainiz. Bigarren ekimena Eskutik programa da, eta honen bitartez, babesgabetasun egoeran dauden adingabeak boluntario batekin jartzen dira harremanetan, erreferente egonkor eta esanguratsua izan dezaten. “Boluntario hauek ikasketekin laguntzen diete, aisialdian eta denbora librean akonpainamendua egiten diete, eta baita ere eskola kirolean”, azaldu du foru diputatuak.
Bestalde, Diputatuen Kontseiluak hartutako bigarren erabakia gizarteratze programen atalean kokatzen da. Honen ondorioz, mendekotasun egoeran dauden adineko pertsonei eta bazterkerian dauden edo arriskuan egoteko dauden pertsonei hainbat zerbitzuko eskaintzeko hitzartutako hitzarmenak luzatzen baitira. Guztira 10.569.381,39 euro bideratzen ditu Aldundiak lerro hau finantzatzera, eta baliabide hauekin 14 hitzarmen berritu ditu foru erakundeak. Hauen bitartez, eguneko zentroetan eta egoitzetan arreta zerbitzu ezberdinak eskaintzen dira: esku hartze psiko soziala, familietan esku hartzea, akonpainamendu espezializatua, esku hartze psiko-hezitzailea… Guztira alor honetan Aldundiak 457 egoitza plaza ditu eta 186 eguneko zentroetan, gaur berritutako plazak barne hartuta.