Gobernantza eredu berrietan sakonduz, komunitatea sendotzeko

Aurreko legealdian martxan jarritako Tolosatzen prozesuaren baitan egitasmo berriak jarri ditu eta jarriko ditu martxan udalak, herri elkarrizketa sustatzea eta herritarren ahalduntzea helburu hartuta, komunitatea sendotzeko asmoz

Gobernantza eredu berrietan sakonduz, komunitatea sendotzeko 10Otsailak
2020
2020 OtsailaK 10 |
Tolosa

PARTEKATU

Gizartea bezala etengabeko aldaketa prozesu batean murgilduta gaude eta garai berriek egiteko modu berriak eskatzen dituzte, hori dela eta, udal gobernuak gobernantza eredu berrietan sakontzea ezarri du legealdiko helburu estrategikoen artean.

Tolosako Udalak, baina, badu bide bat egina esparru honetan. Joan den legealdian Tolosatzen prozesua jarri zen martxan herritarrekin diagnosi eta herri plangintza partekatua osatze aldera 2017-2027 Ekintza Plana izan zen emaitza. Herri plangintza estrategikoa urtez urte betetzen joateko eta urteroko jarraipena egiteko Tolosatzen aurrekontu parte hartzaileak ere abiarazi zituen Udalak.

2019-2023 Legealdian ekindako bideari jarraipena eman nahi zaio, herritarrekin harremantzeko modu berriei bide eginez eta elkarlanean aritzeko helburua berretsiz. Hori dela eta, herri elkarrizketa sustatzea, herritartasun aktiboa lortzea eta herritarren ahalduntzea bultzatzea lehenetsi ditu udalak, komunitatea sendotzeko. “Udalaren eta herritarren arteko harremana zuzenagoa eta gertuagoa den heinean, herriak dituen beharrekiko ezagutza areagotuko da eta beraz, zerbitzuen eskaintza hobetzeko aukera izango dugu eta herri bezala etorriko zaizkigun erronka handi desberdinei hobeto erantzuteko moduan egongo gara” azpimarratu du Olatz Peon alkateak.

Helburu horien baitan ekintza eta egitasmo ezberdinak abiarazi ditu eta abiaraziko ditu udalak aurten eta horiek datozen urteetan jarraipena izatea da asmoa:

1. Aurrekontu parte hartzaileak urte osora zabalduta:

Udalaren eta herritarren arteko elkarrizketa urteko momentu jakin batera mugatu ordez, urte osora zabaltzea da asmoa, elkarlanaren bidetik herri aukerak eta erronkak identifikatu eta proiektu osatuagoak lantzeko. Modu honetara ere, Tolosatzen Eskola Irekiak helburu duen komunitatearen sendotzean sakonduko litzateke.

2. Auzoz-auzo bisitak eta eragileekin bilerak:

Bi astez behin Auzoz-Auzo bisitak egingo dira, momentuko behar eta lehentasunetatik haratago, etorkizunera begirako lanketak egiteko, auzotarrekin eta auzo elkarteekin batera, lan ildo estrategikoak zehazte aldera.

Joan den legealdian bezalaxe, enpresatara bisitak egingo dira, udalarentzat ezinbestekoa delako tokiko enpresengandik gertu egotea, haien bidelagun izateko eta beren beharrak gertutik ezagutzeko.

Halaber, etorkizunera begirako gai eta erronka estrategikoak lantzeko eragile ezberdinekin ere bilerak egitea aurreikusten du udal gobernuak, hala nola, integrazioaren eta inmigrazioaren gaiak jorratzeko.

3. Tolosatzen Eskola Irekia

Jada talde motorra eratuta, urte osoko proiektua lantzeari ekin dio taldeak, herri agenda partekatua osatzea helburu hartuta. Tolosatzen Eskola Irekia proiektu pilotua da, baina jarraipena izateko helburuarekin jarri da martxan. 

Talde motorrak garatuko duen proiektuak 3 ardatz nagusi izango ditu:

  • Herritarren trebakuntza eta ahalduntzea

Gure balio sistema indartzeko, herritarrak alor ezberdinetan formatu eta ahaldunduko dira: entzute aktiboa, errespetua… horretarako ikastaroak, hitzaldiak edota tailerrak antolatuko dira.

  • Komunitatea sendotzea

Indarrak batzea ere du helburu proiektuak, horregatik herri eragileen sarea indartzeko elkarte ezberdinen arteko topaketak antolatuko dira, elkarte bakoitzak komunitateari egiten dion ekarpena balioan jarri eta ezagutarazteko.

  • Elkar-ezagutzan sakontzea

Lurraldea, herria bera eta erakundeen eskuduntzak eta zerbitzu desberdinak… ezagutzea ezinbestekoa da parte hartzea eta elkar-harremana sustatzeko.

4. Gobernantza ordenantza berria:

Gobernantza eredu berrietan sakontzeko, udalaren eta herritarren arteko hartu-eman eta elkarrizketa etengabearen estrukturaketarako, ordenantza berria garatzea ezinbestekoa da, besteak beste, eraginkortasunaren, kontu-ematearen, gardentasunaren eta parte hartze kanal desberdinen definizio beharraren ikuspegitik. Hortaz, aurten Gobernantza ordenantza berria garatuko da.

5. Tolosako talde eta eragileen katalogoa:

Tolosatzen prozesuaren baitan sumatutako gabezia bati erantzuteko, eta komunitatea sendotzeko helburuaren baitan kokatuta, Komunitatea eta Gobernantza sailak aurten Tolosako elkarte, talde eta eragileen direktorioa osatu eta online herritar guztien eskura jarriko du.

Egitasmo guztiek, beraz, lotura dute beren artean eta guztiek dute helburu komunitatea sendotzea, herri elkarrizketa sustatzea eta gertutasunean, gardentasunean eta konfiantzan oinarritutako harremanak sustatzea. Gauzak horrela, Tolosako errealitate eta beharretara egokitutako gobernantza eredu berrietan sakontzea da helburu nagusia Tolosako herriari zerbitzu hoberena emateko, egindako bidea oinarri hartuta, baina iparra eta helmuga etorkizunean jarrita. 

Eta norantza horretan lanean, datozen urteetan TOLOSATZEN microsite edo gune bat sortzeko asmoa ere azaldu dute, parte hartze digitala sustatu eta herritarrei kontu emateko, besteak beste.

Interesatu Zaitez