Aldundiak elkarlaneko gobernantza eredua aurkeztu du Universidad Pontificia Javeriana delakoan

Etorkizuna Eraikiz kontrastatu eta indartuko du, 30.000 ikasletik gora dituen Bogotako unibertsitatearekin elkarlanean

Aldundiak elkarlaneko gobernantza eredua aurkeztu du Universidad Pontificia Javeriana delakoan 06Otsailak
2020
2020 OtsailaK 06 |
Gipuzkoa

PARTEKATU

Foru Aldundiak Etorkizuna Eraikiz dinamika partekatu du Kolonbiako erakundeetako eta ehun ekonomiko eta unibertsitarioko ordezkarien aurrean. Universidad Pontificia Javeriana delakoak foru erakundearen laguntzarekin abian jarritako Lehiakortasunari eta Elkarlaneko Gobernantzari buruzko I. Katedraren esparruan egin du aurkezpena. Bertan, Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatu Imanol Lasak eta Estrategiaren arduradun Xabier Barandiaranek hitzaldi bana eta tailer bat eskaini dituzte Gipuzkoan etorkizuneko erronkei modu partekatuan aurre egiteko hasitako esperientziari buruz.

Barandiaranek elkarlana aldarrikatu du "guztion onurako" oinarri gisa; elkarlanak "lehiakortasunaren eta kohesioaren" estrategietan eragin behar du, "politika egiteko modua aldatzeko" betebeharraren aurrean.  "Lankidetza dinamikak indartu behar ditugu, eta harreman gune ez hain hierarkizatuak eraiki, burokrazia klasikoa ez baita gai gizartearen aldaketak eta haien konplexutasuna ulertzeko, oso azkar gertatzen baitira gauzak", azaldu du.  "Guztion onura gizarte osoaren ondasuna da, eta guztion artean eraikitzen da", azpimarratu du, "ez da politikaren egituratik bakarrik egituratzen", baizik eta "demokraziaren etorkizuna gizarte zibila indartzetik". 

Lasak ikuspegi horretan sakondu du, eta Gipuzkoan politika publikoen baterako sorkuntzaren esparruan garatzen ari diren ekintzak, proiektu esperimentalak eta erreferentzia zentroak azaldu ditu, Etorkizuna Eraikiz ereduan gauzatuta.  Nabarmendu du eredu horrek "lurraldearen etorkizuneko erronka ekonomiko eta sozial nagusiak identifikatzea" ekarri duela, besteak beste, zahartzeari arreta eskaintzea, sare ekonomikoa indartzea ahalmen handiena duten sektoreen alde eginez, hala nola elektromugikortasuna, edo desberdintasunak murriztea, eta "gizarte zibil antolatuarekiko lankidetzatik eta esperimentaziotik aurre egitea". "Oinarri horren gainean proiektu pilotu eraldatzaileak jartzen ditugu martxan, arrakasta duten kasuetan politika publikoak hobetzeko aukera ematen digutenak, konfiantza sortzeaz gain", azaldu du.

Lankidetza hitzarmena

Apustu hori nazioartekotzen jarraitzeko asmoz, eta Kolonbiarako bidaiaren testuinguruan, Foru Aldundiak lankidetza hitzarmen bat sinatu du Universidad Javieranarekin, Lasak eta Jorge Humberto Pelaez errektoreak izenpetuta. Hitzarmen horrek bi jarduera ildo nagusi jasotzen ditu: batetik, Latinoamerikan eta kontinente osoan garatzen diren elkarlaneko gobernantza ereduak ikertzea, eta, bestetik, Unibertsitatean beste prestakuntza bat abian jartzea, Etorkizuna Eraikiz indartu eta kontrastatuko duena.

Bogotako unibertsitate pontifikalak ospe handia du, 30.000 ikasle baino gehiago ditu, eta harreman akademikoa, kontinente osoko beste unibertsitate ospetsu batzuekin, besteak beste, Estatu Batuetakoekin. Lasa pozik agertu da unibertsitatearekin lortutako akordioarekin, "kontinentean garatzen diren gobernantzako jardunbide egokiak atzemateko antena pribilegiatua bihur daitekeelako, eta hori gure ereduan txertatu ahal izango dugulako, aberasteko". Gaineratu du Latinoamerikan gertatzen ari diren eraldaketa sozial eta ekonomikoek eta populazioaren dimentsioak "birsortze demokratikoari" eta "agenda politiko berri baten garapenari" heltzeko "jarraitu beharreko espazio" bihurtzen dutela.  "Gainera, sentsibilitate sozialean, lehiakortasunean eta ekitatean oinarritutako ikuspegia partekatzen dugu Unibertsitatearekin", ondorioztatu du.

Bestalde, egun hauetan eta bidaiaren alderdi ekonomikoan, Aldundiko ordezkaritza herrialdeko hainbat enpresa bisitatzen ari da, ehun produktiboa bertatik bertara ezagutzeko asmoz. Agenda amaitzeko, Bogotako Merkataritza Ganberako presidente Nicolas Uriberekin elkartuko da Gipuzkoako ordezkaritza. Bilera horretan, lankidetza ekonomikorako bideak aztertuko dira, potentzial handieneko sektoreak identifikatuz eta herrialdean inbertitzeko edo hedatzeko interesa duten Gipuzkoako enpresekin harremanak eginez, ez baitugu ahaztu behar Bogota 9 milioi biztanletik gorako hiria dela.

Interesatu Zaitez