“XII. Bilboko Elkarrizketak: Europa eta Latinoamerika” jardunaldiaren inaugurazio ekitaldian hitz egin du azken aldiz EAJ-PNVren babesarekin sortu zen Sabino Arana Fundazioko presidente gisa
Juan Mª Atutxak azken ekitaldian parte hartu du gaur Sabino Arana Fundazioaren lehendakari gisa, hain zuzen ere, “XII. BILBOKO ELKARRIZKETAK: Europa-Latinoamerika. Mobilizazioak eta matxinadak krisi politiko eta sozialen aro globalean” izeneko mintegian. Europako Demokraten Institutuak (IED).
Jardunaldiaren hasiera-ekitaldian, Atutxak azken urteotan egin diren hamabi edizioak balioetsi ditu; bestalde, adierazi du “mundua errotik aldatu” dela hamabi urte hauetan eta “eredurik gabe” geratzen ari garela: “eredurik gabe politikan, ekonomian eta bizitzaren esparru ugaritan. Eta horrek guztiak umezurtz, ziurtasunik gabe, Iparra galduta sentiarazten gaitu, oihanaren legearen eta indartsuenaren boterearen menpe. Munduan hedatu diren mobilizazio eta matxinadetako batzuk egoera horren isla dira”.
“Arrazoiaren alde matxinatu gaitezen, mundu zuzenago, gizatiarrago eta iraunkorragoaren kausak beti merezi izango baitu”, azpimarratu du.
Fundazioaren lehendakari moduan egin duen azken agerraldi publikoa denez, Atutxak eskerrak eman nahi izan dizkie “Fundazioaren jarduera eta mintegietan parte hartu duten milaka pertsona guztiei”. Era berean, poztu egin da bere azken hitzak “gogoeta-mintzagune honetan” izan direlako, beronen printzipioak, baita nireak ere, elkarrizketa, giza eskubideak, bakea eta bizikidetza izan direlako beti.
Azkenik, “eskerrik asko esan nahi diot, hunkituta, nire alderdiari, EAJ-PNV alderdiari, nire bizitzan eragin handia izan duten ardurak betetzeko nigan konfiantza izateagatik”, esan du.
Amaitzeko, esan du “ohore handia eta pribilegioa dela nork bere herriaren zerbitzuko jardutea eta Euskadiren zerbitzuan aritzea dela norberak, apaltasun osoz, izan dezakeen ametsik handiena”.
Atutxaz gain, hasiera-ekitaldian Andoni Ortuzar EAJ-PNV alderdiaren EBBko burua eta PDE-EDPko presidenteordea, eta Francesco Rutelli IEDeko presidentea −azken horren hitzaldi grabatua ikusi dute bertaratutakoek, mintegian bertan ezin izan delako egon.
Ortuzarrek atzoko greba orokorra hartu du hizpide, eta hauxe esan du: “Zorionez, porrot egin zuen, eskaera eta kezka erreal eta bidezkoen manipulazio interesatuan oinarritu zelako; greba orokorrera deitu zuten sindikatuek manipulatu baitzuten greba orokorrez mozorroturiko greba politikoa egiteko, baina, azkenean, ez zuen euskal gizartearen gehiengo zabalaren babesa izan”.
Buruzagi jeltzaleak laudorioz eta begirunez amaitu du Juan Mari Atutxaren gaineko berbaldia, eta adierazi du “balioen eredu garbia” dela.
“Sabino Arana Fundazioaren lehendakaritzari utzi dio, baina gurekin jarraituko du, bere herriaren eta Euskadi oparo, demokratiko eta askearen ideiaren defentsan segituko du lanean etengabe”, gaineratu du Andoni Ortuzarrek.
Mintegiak Europan nahiz Latinoamerikan jazotzen ari diren gizarte-gertakari berri horiek guztiak diagnostikatu eta aztertu nahi izan ditu, gure gizarteak biziki kezkaturik baikaude, eta, horretarako, Txileko eta Mexikoko politikariek, katedradunek eta abarrek parte hartu dute mintegian, besteak beste, Txileko Alderdi Demokrata Kristauaren (PDC) presidente Fuad Chahín; Gabriel Ascencio diputatua, Txileko Diputatuen Ganberako presidente ohi eta enbaxadore ohia; Mariana Gomez del Campo, PAN-Mexikoko senatari eta Amerikako Antolakunde Kristauaren (ODCA) presidenteordea; Ander Gurrutxaga, UPV/EHUko Soziologia katedraduna; Guillermo Herrera, Carmen Freiren Kabineteko burua eta PDC alderdiaren gaikako mahaien arduraduna; Javier López, Europako Parlamentuko kidea eta Europa-Latinoamerikako Asanblada parlamentarioaren presidentekidea. Europako Parlamentuko kide Izaskun Bilbaok gidatuko du jardunaldia, eta hizlariek hitz egin osteko galderen txandak moderatuko ditu.
Mikel Burzako jaunak, Europako Demokraten Institutuaren administratzaile nagusiak, eta Carmen Beatriz Fernández andreak, aholkulari eta Nafarroako Unibertsitateko irakasleak, amaiera eman diote jardunaldiari, eta Carmen Beatrizek goizean azaldu diren zenbait gogoeta nabarmendu ditu.
Nafarroako Unibertsitateko irakaslearen arabera, jardunaldia “biziki pizgarria izan da, baikorren eta ezkorren arteko borroka, baina adostasuna egon da honako gai honen inguruan: demokraziaren krisiari amaiera emango dioten konponbideak politikatik bertatik atera behar dira”.
Politika “erreseteatzera” gonbidatu gaituzte, des-globalizazioa bultzatzeko proposamenak egin dira, eta paradoxikoa bada ere, globalizazioaren tresnak darabiltzate proposamenok mobilizatzeko eta era globalean protesta egiteko.
Halaber, argi geratu da, “Pertsona politikaren erdigunea dela, eta demokrazia berritu egin behar dela ikuspegi hori gauzatu ahal izateko”. Beste alde batetik, “politikaren zentroa muturren aurrean ez makurtzeko” deia egin dute, “polarizazioa elementu bereizgarria baita bizi garen aroan”. Eta airean geratu den galdera hauxe izan da: “Orduan, nola jo zentrorantz polarizazioa joera nagusia bada?”.