Udalbatzak EAJ-PNV, PSE-EE eta Elkarrekin-en arteko akordio politikoa berretsi du, eta Gasteizek 2020an aurrekontua izatea ahalbidetuko du horrek. Zuzenketen bidez erantsitako azken aldaketak kontuan hartuta, datorren urterako gastuen proiektua 393,1 milioi euroraino iritsiko da (udal sozietate eta enpresen aurrekontuak kanpo utzita). Gaur hasierako onespena eman ondoren, partikularrek alegazioak aurkezteko epea irekiko da abenduaren 30etik urtarrilaren 21era arte, eta 2020ko urtarrilaren 28an indarrean jartzea aurreikusi da.
Aurrekontu akordioari esker 2020ko aurrekontuaren bi ildo estrategiko indartu dira: kalitateko zerbitzu publikoen aldeko apustua, kutsu sozial handia duelarik, eta Gasteizek ekonomia berdearen alorrean duen erreferentziazko lekuarekin lotutako proiektuetan aurrera egitea. Horretarako, Elkarrekin taldearen zuzenketak —3 milioi eurotik gorakoak— gehitu zaizkio gobernu taldeak proposatu zuen proiektu ekonomikoari.
Besteak beste, auzoak birgaitzeko inbertsioak milioi erdi bat euro hazi dira. Larragorri parkea abian jartzeko behar diren lurzoruak desjabetzeko zuzkidura ere milioi erdi handitu da; Eraztun Berdea hegoaldetik ixteko balioko du horrek. Abetxukuko ekimen etxeari eta ikastetxeetako obrei dagozkien inbertsioak ere handituko dira, 700.000 euroan. Orobat, zuzkidura berriak sortu dira, edo zeudenak handitu, alor hauetarako: trantsizio ekologikoa, politikak feministak, gizarte arreta, dibertsitate sexualerako agenda eta abar.
Gizarte Kontseiluak parte hartzeko kanalak baliatuz egindako proposamenak ere bere egin ditu Urtaranen gobernuak zuzenketen tramitean. Horien artean mugikortasun iraunkorraren alorrekoak nabarmentzen dira: 150.000 euro Salburuko eta Zabalganeko superetxadietan trafikoa lasaitzeko, eta 100.000 euro bizikletentzako sarea hobetzeko.
Aurrekontuko zenbaki handienek, berriz, herritarrengandik hurbilen dauden zerbitzuetarako partidak hobetzea dute helburu: garbiketa, segurtasuna, auzoetako obrak, berdeguneak eta garraio publikoa. Era berean, datorren urterako kontuek agintaldiko proiektu handiak abian jartzeko zuzkidura ekonomikoa jasotzen dute: Gasteiz Antzokia, Terrorismoaren Biktimen Oroitzapenezko Zentroaren ingurua eraberritzeko lanen bigarren fasea, Mendizorrotza handitzea, autobus elektriko adimentsua, tranbiaren sarea luzatzea, Principal antzokia eraberritzea, eta entzunareto berria, besteak beste.
iturria- fuente : vitoria-gasteiz.org