Donostiako alkateak nabarmendu du, 2020a urte erabakigarria izango dela hiriaren etorkizunarentzat
Donostiako alkate Eneko Goiak amaitu berri den urtearen balantzea egin du eta hasi berri den urtearen hainbat erronka aipatu ditu, baita legealdian zehar garatuko diren eta 2020an egiten jarraituko diren proiektuak ere.
Goiak honakoa azpimarratu du: "Donostian hainbat proiektu garatzen ari dira, eta horietako batzuk tamaina handikoak dira, eta horiei esker hiriko hainbat gune onerako erabat aldatuko dira". Hortaz, 2019ko balantze positiboa egin du alkateak, izan ere, hiriak jauzi kualitatiboa egiteko hainbat proiektu martxan jarri dira.
Horrenbestez, Donostiako alkateak adierazi du, Udalak eta Udal gobernuak argi dutela zeintzuk diren lehentasunak: "Gobernu Programa bat dugu, eta 2020rako inbertsioak lehenesten dituen aurrekontua dugu. Horiek izango dira jarraibidea, eta horiei esker bizi dugun hiria imajinatzen duguna egingo dugu".
Proiektuak
Amaitu berri den urteak, besteak beste, segidako proiektuen garapena ikusi du: Bretxaren lanen eboluzioa; Espartxo zubiaren eraikuntza eta Astiñeneko zubi berriaren lanen hasiera; Urumearen ubidea zabaltzeko bigarren fasearen lanen hasiera; Aiete eta Morlans arteko hiriko lehen igogailu inklinatua, eta Larratxoko igogailu inklinatuaren lanen garapena.
Eneko Goiak esan du, 2019an hainbat proiektu hasi edo amaitu direla, eta 2020a urte garrantzitsua izango dela garapenean dauden proiektuentzat, zein hasi gabe dauden beste hainbatentzat. Eta hainbat proiektu aipatu ditu, besteak beste, honakoak: Altzako kiroldegia, Matigoxotegiko futbol zelaia, Yoldi kiroldegia, Zubietako hockey zelaia, Anoetako miniestadioa, Antxo Jakitunaren lanen amaiera edo Loiolako bulebarizazioaren lanen jarraipena.
Mugikortasuna
2019an aurrerapen handia izan dute Topoaren igarobidearen lanek. Ibilbide berria egiteko indusketa lanak oso aurreratuak daude, eta 2020a urte garrantzitsua izango da proiektuarentzat. Horren harian, Eneko Goiak donostiarrei eskatu die pazientzia izateko eta zentzudun izateko San Martin kalearen itxierari aurre egiteko: "San Martin kalea uztailean itxiko da, eta Mugikortasun departamentuak plangintza prest du itxierari aurre egiteko, hain zuzen ere, guztion laguntza beharko duen plangintza".
Era berean, 2019ko abenduan lanak esleitu ondoren, 2020a beste proiektu garrantzitsu baten lanen hasierako urtea izango da: Atotxako Abiadura Handiko trenaren geltokia. Lanak apirilean hastea aurreikusita dago. Goiaren iritziz, bi proiektu horiek hiriko mugikortasuna erabat aldatzeko eta mugikortasunaren eskemaren diseinuak aurrera pausoak ematen jarraitzeko aukera emango dute.
Bizikletak ere protagonismoa izango du 2020an. Lehen seihilekoan dBizi zerbitzu publikoaren lizitazioa egingo da, eta horri esker sistema mixto bat jartzeko aukera emango du, bizikleta zein geltoki gehiagorekin, eta auzo guztietara modu progresiboan zabalduz. Gainera, Altza eta Larratxoren arteko, eta Kursaal eta Bulebarraren arteko bidegorri zatien diseinuak ahalbidetuko dute bidegorri sarea handitzea, lehen kasuan, eta hobetzea bigarrenean.
Halaber, mugikortasunarekin lotura duten hainbat proiekturentzat urte garrantzitsua izango da, besteak beste, segidakoentzat: Autobus Elektriko Adimentsua 17.linean jartzeko proiektuaren diseinua eta definizioa - Eusko Jaurlaritzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean -; Marrutxipiko lotunea sortzeko proiektuaren onarpena; Taxien ordenantza berriaren onarpena; eta Isabel II kalea oinezkoentzat egiteko lanen hasiera.
Jarduera urbanistikoak eta ondarea
Donostiako alkateak adierazi du, 2020an lehentasuna izango dela, etxebizitzak eraikitzeko garapen urbanistikoen plangintzan eta tramitazioan aurrerapausoak egitea, dagoen eskaerari erantzun egokiagoa emateko.
Hortaz, Udalak Hiri-lorategia, Aldakonea edo Infernuaren garapenak, eta Alde Zaharreko Plan Bereziaren idazketa bultzatzen jarraituko du, eta era berean, 2020a urte garrantzitsua izango da, Plan Orokorraren berraztertzen hasiko duelako. Eta Plan Orokorra izango da etorkizuneko hiria planifikatzeko oinarrizko tresna.
Eneko Goiak, halaber, adierazi du, urtearen hasieran PEPPUC delakoaren hasierako onarpena egingo dela, eta bertan, 250 elementu berri sartuko direla, eta horri esker, hiriak ondarearen babesa eta garapen berriak uztartzeko aukera izango du.
Ekonomiaren garapena
2020a Eskusaitzeta industrialdearen komertzializazioaren hasierako urtea izango da. Eta horren adibide izango dira, Zardoya-OTIS edo Mubil elektromugikortasun zentroa bertan ezartzeko lanen hasiera.
Gainera, behin 2019aren amaieran Miramongo hirigintza-baldintzak malgutzen dituen Plan Berezia onartuta, 2020an enpresa berriak iritsiko dira Miramongo Parke Teknologikora. Horiei esker, hirian kalitatezko enplegua sortzeko aukerak sustatuko dira, eta beraz, langabezia-tasa gutxitzeko aukera emango du. Eta horrek hiri kohesionatuagoa egiteko aukera emango du.
Donostia Kulturak 30 urte
Urte berriak urteurren oso berezia dakar: Donostia Kulturaren 30. urteurrena. Horren harian, Eneko Goiak honakoa adierazi du: "30. urteurrenak aukera emango digu kultur-etxe sarea eta hiriko beste hainbat kultura-ekipamendu balioan jartzeko, baita hiriak duen kultura jarduera oparoa ere".
Ildo beretik, esan du Udalak Literaktum bezalako festibalak bultzatzen jarraituko duela, eta Urgull-eko Hiriaren Historiaren Museoarentzat edota San Telmo Museoarentzat urte garrantzitsua izango direla. Izan ere, Urgulleko museoan hainbat berrikuntza egingo dira, eta San Telmo euskal sormenaren zentroan bilakatzeko pausoak emango dira. Eta hori guztia, Cristina Iglesiasen eskultura Itsasargiaren etxean jartzeko, edo Miramar Jauregian Richard Serraren eskultura jartzeko proiektuak ahaztu gabe.
Era berean, behin lehengo astean Eusko Jaurlaritzak Haizearen Orraziari Monumentu Multzo izendapena emanda, 2020a Haizearen Orrazia Gizateriaren Ondare izendatzeko hautagaitza aurkezteko talde sustatzailea osatzeko urtea izango da.
Donostia hobeagoa hiritarrekin elkarlanean
Azkenik, Donostiako alkateak esan du, Udalak 2020an lanean jarraituko duela donostiarrei ematen dien zerbitzuak hobetzeko, eta hiritarrekin elkarlanean arituko dela hurrengo urteko aurrekontuak diseinatzeko prozesu partehartzailearen bitartez.
Ekialdeko barrutia sendotzea izango da beste erronketako bat. Horretarako osaera berria izango du barrutiaren batzarrak. Goiaren ustez, helburua argia da, hiritarrekin elkarlanean jarraitzea Donostia hobeago bat egiteko.