EAJ-PNVk poztasun handiz hartu du EBJAk Junquerasi buruz eman duen epaia, eta espero du laster Europako Parlamentuan dagokion eserlekuan ikusi ahal izatea

Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak eta Izaskun Bilbao Barandica Europako Parlamentuko diputatu andreak adierazi dute EBJAk eman berri duen epaiak “egoerak behar duen distentsioa ekartzea” nahiko luketela eta espero dutela Estatuaren eta Kataluniako independentisten artean ireki diren elkarrizketa bideak “indartzen” laguntzea, Kataluniako gatazka politikoa konpontzera begira

EAJ-PNVk poztasun handiz hartu du EBJAk Junquerasi buruz eman duen epaia, eta espero du laster Europako Parlamentuan dagokion eserlekuan ikusi ahal izatea 19Abenduak
2019
2019 AbenduaK 19 |
EBB
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

EAJ-PNVk “poztasun handiz” hartu du Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak (EBJA) eman berri duen epaiak. Europako auzitegiak agiri horretan ezarri du Oriol Junqueras, ERCko presidentea, Europako Parlamentuko diputatutzat hartu behar dela maiatzean Europako Parlamentua osatzeko egin ziren emaitzak aldarrikatu ziren momentutik. Era berean aitortu du arrazoi horregatik ere ,Europako diputatu gisa, inmunitatea duela. Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak eta Izaskun Bilbao Barandica Europako diputatuak epaiaren balorazioa eskaini dute erabakia ezagutu eta minutu gutxitara.

“Erabateko poztasuna EBJAk @junkeras-en alde eman duen epaiagatik. Europako organoek Espainiako sistema judizialaren kontra behin eta berriz hartu dituzten erabakiek Estatua derrigortu beharko lukete bere funtzionamendua albait arinen berraztertzera, gehiegitan politikaren mende egon delako”. “Berandu baino lehen @junkeras aske ikusiko ahal dugu!, Bruselako eta Estrasburgoko Europako Parlamentuan daukan tokian eserita‬”, zabaldu du Ortuzarrek bere sare sozialetan. Jeltzaleen buruak era berean hitz egin du Kataluniako Gobernuko presidente Quim Torraren gaitasungabetzeaz, Kataluniako Auzitegi Gorenak erabaki duena eta EBJAren epaia ezagutu eta minutu batzuetara ezagutzera eman dena. “Quim Torra Presidentearen gaitasungabetzeak, Kataluniako gatazka politikoaren konponbidera hurbildu beharrean, urrundu egiten gaitu. Behin eta berriz eta nekatu gabe esango dugu arazo politikoek elkarrizketa politikoa behar dutela, eta ez epairik, askatasun-gabetzerik edo gaitasungabetzerik” esan du Ortuzarrek.

Izaskun Bilbao Barandicak, Europako Parlamentua Estrasburgon gaur egiten ari den osoko bilkuratik, era berean nabarmendu du ondorengoa: “Katalunian arazo politiko bat dago eta elkarrizketa eta negoziaketa bidetik baino ezin da konpondu, parte biek elkar aitortuta eta aintzat hartuta. Hasierako gelditasunak, gertatzen ari zena ukatzeko ondorengo jarrera setatiak, alde bakarreko jardunak eta justizia penalak esku hartu izanak hitz eginaz konpondu beharko litzatekeen gai bat eraman dute oraingo krisi larri bihurtzera. Espero duguna da azken epai honek egoera hau guztia “berrabiatzea” eta hasierako tokira eramaten laguntzea. Gizatalde bat dago, gehiengo nagusi batez, Espainiarekin daukan harremana berraztertu nahian dabilena, akordio batetara iritsi eta erreferendum baten bidez erabaki nahi duena. Hori dena demokratikoa eta zentzuzkoa dela eta negoziaketa bidez heltzea besterik ez dagoela zenbat eta arinago ulertu, orduan eta hobeto”. Estrasburgoko ordezkari jeltzaleak era berean espero du Espainiako estatuak epai hau albait arinen onartzea eta betetzea eta Junqueras libre uztea eta Europako diputatu bilakatzen uztea. “Bestelako erantzun, espekulazio edo saihestezina dena atzeratzeko edozein saiakera ,Europako justiziatik eta Estatu kide guztiak derrigortzen dituen legeetatik ihes egiteko ahalegintzat har liteke. Legea eta Zuzenbideko estatua errespetatu behar direla behin eta berriz esan dutenek aukera paregabea daukate orain printzipio horretan sinesten dutela eta praktikatzen dutela erakusteko”, esan du.

Bilbao Barandicak era berean uste du epai honek era berean esan nahi duela Carles Puigdemont Presidente ohiak eta Toni Comín kontseilariak ere Europako diputatu izaera hartu dutela. “Uste dut egokia dela gogoratzea ez direla iheslariak. Belgikako justiziaren esanetara daude, Espainiako justiziak beraien kontra eman duen euroagindua aztertzen ari baita. Ondorioz, albait arinen beren eserlekuez jabetzea ahalbidetu beharko litzaieke eta uztailetik ona egin den hutsegite demokratikoa zuzendu. Azken hauteskundeetatik hona Europako Parlamentuak hiru kide gutxiagorekin funtzionatu du Justiziak, Hauteskunde Batzordeak, Espainiako agintariek eta Europako Parlamentuko aurreko presidenteak eginiko hutsegiteagatik, berehala zuzendu beharko litzatekeen hutsegitea, hain zuzen". 

Interesatu Zaitez