Estebanek TVE-ri eskainitako elkarrizketan nabarmendu duenez, inbestidura “zenbat eta gehiago atzeratu” orduan eta gehiago konplikatuko da, eta gaineratu duenez EAJ-PNVk “ahalegin guztiak” egingo ditu “Gobernu egonkorra egon dadin”
Aitor Estebanek, Diputatuen Kongresuko EAJ-PNVren Legebiltzar Taldeko bozeramaileak, gaur baieztatu duenez “horrenbeste talde politiko ezberdinen arteko akordioa” aurkitzea “nahiko konplikatua” izan daitekeen arren “zaila da gauza zehatzak eta xehetasun guztiak zehaztea”, eta horregatik azaldu du EAJ-PNVren eta PSOEren arteko elkarrizketen hizpide nagusi direla “hurrengo Gobernuak alderdi sozial, ekonomiko-industrialean eta lurralde esparruan ezarriko dituen jarduera lerroak”.
`Los Desayunos de TVE´ telebista saioan egin dioten elkarrizketan, Estebanek nabarmendu du Espainiako politikak bizi duen ezegonkortasuna “ez dela bat ere egokia, eta ez da ona ez hiritarrentzat ezta erakundeen arteko elkarrizketarako” eta zentzu horretan gaineratu du EAJ-PNVk “une honen garrantziaz jabeturik, ahalegin guztiak egingo dituela Gobernu egonkorra egon dadin”.
Hain zuzen ere, Estebanek gogora ekarri ditu alderdien arteko elkarrizketak, PSOEko hautagaiaren inbestidura ahalbidetu lezaketela nabarmenduz, baina “baikor” agertu arren ohartarazi duenez “egoera hau zenbat eta gehiago luzatu,orduan eta gehiago konplikatuko da, jendea detailetan sartuko da eta gauza batzuk gerta daitezke elkarren arteko ulermena zailago egin lezaketenak eta posizioa markatu behar izatera eraman lezaketenak”.
Alderdi politiko batzuek inbestidura ahalbidetzeko planteatu dituzten proposamenez galdetuta, besteak beste hauteskundeetako irabazleari 50 diputatu gehiago ematearena, Estebanek nabarmendu du hori hutsalkeria dela “ez dauka zentzurik orain etorkizuneko lege aldarazpenez hitz egiteak”. “Ordenamendu juridikoari errua leporatzeak ez dauka zentzurik, eta aldarazpenik egin behar bada, hitz egingo dugu horretaz etorkizunean”, amaitu du.
Amaitzeko, bozeramaile jeltzaleak gogora ekarri du Konstituzioak Estatuko lurralde auziari eman zion “erantzuna” ez zela egokiena izan eta gaineratu duenez “ondoren oso interpretazio murriztailea ikusi dugu hainbat Gobernuren aldetik eta Auzitegi Konstituzionalaren aldetik, konponbideak eta elkar-ulertzeak are zailago eginez”. Testuinguru honetan nabarmendu duenez “hainbat hamarkadaren ondoren, berriro ere agerian geratu da lurralde auzi bat dagoela Euskadin eta Katalunian” eta baieztatu du badela “gai horri heltzeko garaia”.