EAJ-PNVren ordezkariak Senatuko Gobernu Organoan “parte hartzeak eta eragina izateko gaitasuna izateak” duen garrantzia azpimarratu du.
Imanol Landa Jauregi Senatuko Mahaiko Bigarren Idazkari izendatu dute gaur. Honenbestez, senatari bizkaitarrak Goi Ganberako Gobernu organoan jarraituko du, aurreko legealdian Hirugarren Idazkaritza ardura izan baitzuen.
Landaren aukeraketa ez da EAJ-PNV eta PSOEren arteko akordio baten ondorioa, baina jeltzaleek sozialistek egindako eskaintza onartu dute “EAJ-PNVrentzat beti delako garrantzitsua Euskadi eta euskaldunengan eragina izan ditzakeen erabakiak hartzen diren erakundeetan parte hartu ahal izatea eta eragina izateko gaitasuna izatea”.
Beste behin, jeltzaleek erakundeen egonkortasunaren aldeko jarduna egiteko asmoa azaldu dute, ardura honetan berriz egoteko Ganberaren babesa lortzea ahalbidetu duen lan “serio eta arduratsuarekin” jarraituz. Hain zuzen ere, “zalantzarik gabe frontea egiteko eta oztopatzeko jarrera hartu dutenek ez bezalako” jarrera izango dutela adierazi dute jeltzaleek, Alderdi Popularrak bere adierazpenetan aurreratu duen posizioari erantzunez.
EAJ-PNVtik jakinarazi dutenez, Senatuko Mahaiaren osaketa “legegintzaldi honetan Ganberan dagoen orekarekin” bat dator, non jeltzaleak laugarren alderdia dira ordezkari kopuruen arabera. Bai Euskal Taldeak bai Talde katalanek duten posizio nabariak Senatuak agintaldi honetan izango duen “lurralde Ganbera izaera nabarmenduko dute”. Bere hamar senatariekin, “batzuek Estatua zentralizatzeko eta uniformizatzeko martxan jarri duten prozesuak aurrera ez egiteaz gain, Estatu nazio anitza eta deszentralizatua garatzen jarraitzeko” lan egingo duela agindu du EAJ-PNVk.
Getxon, 1966ko azaroaren 1ean jaioa, Imanol Landa Zuzenbidean lizentziatua da, ezkonduta dago eta alaba bi eta seme bat ditu. Bere jaioterriko alkate izan zen 2007ko ekainetik aurtengo maiatzeko hauteskundeetara arte; postu horri esker, EUDEL erakundeko presidente ere izan zen 2015etik aurtengo urrira arte.
Senatuko Mahaiko presidentea Maria Pilar Llop sozialista izango da, bere alderdikide den Manuel Cruz ordezkatuz. Bestalde, Cristina Narbona (PSOE) eta Pío García-Escudero (PP) Lehen eta Bigarren Presidenteordeak izango dira, hurrenez hurren. Idazkaritzei dagokionez, azkenik, lehen aipatutako Bigarrenaz gain, Francisco Manuel Fajardo (PSOE) Lehen Idazkaria izango da; Rafael Hernando (PP), Hirugarren Idazkaria; eta Cristina Ayala (PP), Laugarren Idazkaria.