Bihar, Abenduren 3a, Frantzisko Xabier Nafarroako semearen eguna eta Euskararen Eguna ospatzen ditugun egunean, Euzko Alderdi Jeltzaleak ondorengoa adierazi nahi dio Euskadiko biztanleriari:
Euskararen hiztun guztiek; euskaldunok propioa dugun hizkuntzaz hitz egin ez arren, askatasun osoz beren seme-alabek euskaraz mintzatzeko aukera izatea erabaki eta aukeratu duten pertsona guztiek; eta gaztelaniaz edo frantsesez soilik hitz egin eta komunikatu nahi duten guztiek; horiek denek, salbuespenik gabe, merezi dute beren eskubideak babestuak eta errespetatuak izan daitezela. Euzko Alderdi Jeltzaleak zentzu berean aitortzen eta ospatzen du Euskal Herriak ondare oparo eta aberatsa duela eta bere barnean hiru hizkuntza hartzen dituela. Eta arrazoi horregatik, eta Nazio Batuen Erakundearen zein nazioarteko beste erakundeek eginiko adierazpenekin bat eginik, ulertzen dugu gure ahaleginen parte esanguratsu bat bideratu behar dugula ahulena babesteko ahaleginera, ahalik eta etorkizunik hurbilenean gure herriko hiru hizkuntzak normaltasun osoz batera eta berdintasun osoz bizi daitezen.
Espainiako estatuko legeriak botere publikoei ezartzen die estatu barruko nazio hizkuntzak babesteko eta sustatzeko lana. Frantziako Errepublikak ere urrats batzuk egin ditu azken urteotan. Hala ere, jabetzen gara gaztelania, frantsesa eta euskara gaur egun ez daudela egoera berean eta ez dutela babes berbera jasotzen ezta aukera berberak izatea ere. Errealitate horrek berresten digu, gure ustez, ezinbestekoa dela gure Herria bizi den hiru errealitate administratiboetan, egungo hizkuntza-desoreka hori arinduko duten eta eremu urriko hizkuntzak eta hizkuntza gutxituak, kasu honetan euskara, modu eraginkorrean babestu eta indarberrituko duten legediak idatzi eta onartu arte lanean jarraitzea.
Euskara osasuntsu dago gaur egun. Azken hamarkada hauetako egoerarik onenean dago. Inoiz baino euskal hiztun gehiago ditu. Inoiz baino herritar gehiagok ulertzen dute. Inoiz baino lagun gehiagok errespetatzen dute. Inoiz baino pertsona gehiagok maite dute. ‘Euskaraldia’ moduko ekimenek arrakasta biribilak ekarri dituzte eta euskal gizartearen oinarrietan errotu dira. Hala ere, ezin dugu ezkutatu gure hizkuntzaren gainean gaur egun dauden mehatxuek eragiten diguten kezka handia. Alderdikeriagatik eta ezagun ditugun helburuak lortzeko, badago euskara dagokion lekutik atera nahi duenik. Eraso horiek planifikatzen eta egiten dituenari zera galdetuko genioke: baldin eta euskara estatu oso baten ondarea bada, zergatik jo behar da haren sustapenaren aurka? Zergatik jo behar da euskaraz mintzatu nahi dutenen eskubideen aurka? Zergatik ez dituzte errespetatzen edo babesten euskaraz adierazteko eskubidea aitortua duten hiztunak?
Euzko Alderdi Jeltzaleak gaur berretsi nahi du pertsona guztien eskubideak babesteko orduan hitzeman duen konpromisoa, baita beren hizkuntza propioan mintzatu nahi direnena ere. Eta, ondorioz, eginkizun horretan jardungo du eremu guztietan, eta, aldi berean, salatu egingo ditu herri honen hizkuntza propioaren aurkako erabaki, jarrera eta jokaera guztiak. Euskararen defentsa utzi ezinezko printzipioa da guretzat. Horregatik, euskal gizarteari eskatzen diogu babesteko eta adi egoteko jarrera hau gurekin parteka dezala. Halaber, euskal herritar guztiak animatzen ditugu erakunde publikoek eta entitate pribatuek Euskararen Eguna ospatzeko egingo dituzten ekimenetan parte hartzera. Euskara guztiona da. Maita dezagun. Erabil dezagun. Errespeta dezagun. Parteka dezagun. Babes dezagun.