Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan, EAJ-PNVren Euskal Taldeko bozeramaileak aitortu du PSOErekiko elkarrizketak “bide onetik doazela” baina nabarmendu duenez “egunez egun inbestidura gero eta konplikatuago bihurtzen ari da”
OHARRA: Elkarrizketaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.
Aitor Estebanek, EAJ-PNVren Diputatuen Kongresuko Euskal Taldeko bozeramaileak gaur deitoratu du estatuko alderdiek Vox-ekiko erakusten duten jarrera, eta baieztatu duenez Euskadin egoera hori “bestela bizi dugu”. Ildo beretik ohartarazi duenez “batzuk suarekin jolasean ari dira eta beste batzuek ez diote garrantzi handirik ematen” “sistema demokratikoaren oinarriak ahultzea helburu dituen alderdiari” eta berretsi duenez “gakoa litzateke PPk iritzi publikoari esatea Vox ez dela alderdi demokratikoa ezta aukera konstituzionalista ere”.
Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan, Estebanek era berean ekarri ditu gogora inbestidurarekiko negoziaketak. Jeltzaleen bozeramaileak adierazi du PSOErekiko elkarrizketak “paper banaketa barne”, ondo doazela, baina argi utzi nahi izan du akordioa ez dagoela itxita. Edozein kasutan, Estebanek bai nabarmendu du “garrantzizko gauzei heldu behar zaiela, funtsezkoei”, “zail dagoelako gehiengo konplexua eratzea, askotarikoa, bakoitzak bere lehentasunak dituelarik”.
Zentzu berean, jeltzaleen bozeramaileak azpimarratu nahi izan duenez “egunez egun gero eta konplikatuago dago inbestidurari bide ematea” eta “laster saiatzea” eskatu du. “Uneak interpretatzen jakin behar da eta nik uste dut Gobernu bat behar dela, eta espero dut PSOEk ulertzea Gobernu horrek gauza batzuetarako balio behar duela”, esan du. Estebanen aburuz, Gobernu horrek “oinarri batzuk ezarri behar ditu, norabide bat”, eta gero gobernua babestuko duen gehiengoa osatuko dutenen artean “ez gaitezen elkarren oinak zapaltzen ibili”.
“PSOE eta Unidas Podemos alderdiek argi izan behar dute Gobernuak norako bidea hartu behar duen eta guk jakin behar dugu momentua zein den, premiazkoa eta osagarria zein argi izanik”, laburbildu du Estebanek.