Gipuzkoako Urrezko Plaka jasoko du ASPEGIk

Elkarte honek emakume eta gizonen aukera berdintasunaren alde alor ekonomikoan egin duen lana aitortu nahi izan du Foru Aldundiak

Gipuzkoako Urrezko Plaka jasoko du ASPEGIk 26Azaroak
2019
2019 AzaroaK 26 |
Berria

PARTEKATU

Diputatuen Kontseiluak erabaki du espedientea hastea Gipuzkoako Urrezko Domina, hots, Foru Aldundiak ematen duen bereizgarri gorena, Gipuzkoako Emakume Profesional eta Enpresarien Elkarteari (ASPEGI) ematea. “Emakume eta gizonen aukera berdintasunaren alde elkarte hau egiten ari den lana aitortu nahi izan dugu, batez ere alor ekonomiko, sozial eta laboralean”, azaldu du foru bozeramaile den Eider Mendozak. Urrezko Plaka emateko ekitaldia abenduaren 18an egingo da, foru Jauregian.

Mendoza hedabideen aurrean agertu da gaur, Aldundiaren Gobernu Kontseiluak hartu dituen erabakien berri emateko. Adierazi duenez, Urrezko Plakak balioko du Gipuzkoak ASPEGIrekin duen konpromisoa berresteko, “proiektu moderno bat bultzatzen jakin izan baitu gizarte justu eta berdinago bat lortzeko bidean”. Bide batez, foru bozeramaileak enpresa arloan eta esparru ekonomikoan dauden emakume guztiei hedatu nahi izan die aitortza.

“Aldundiak aitortu behar du ASPEGIk gure lurraldearen garapenaren alde egindako lana, enpresen efikazia eta eraginkortasuna bultzatuz enpresak osatzen dituzten pertsonen balioen sustapenaren bitartez, behar diren baliabideak bilatuta, eta, bereziki, emakumearen giza balioak eta balio sozial eta profesionalak lagunduz, defendatuz eta garatuz, enpresari, zuzendari eta profesional diren aldetik”, azaldu du foru arduradunak.

ASPEGI irabazi asmorik gabeko elkartea da, 1998an sortu zena. Bere helburu nagusia emakumeen eta gizonen arteko aukera eta eskubide berdintasuna lortzea ekonomia, gizarte eta lan arloetan. “Egiten dituen jarduerekin, Gipuzkoako emakume enpresari, profesional eta zuzendarien lotura kate eta erakunde ordezkari izan nahi du, horien interesak babestuz, ordezkatuz eta sustatuz, enpresa, lanbide eta gizarte arloen garapenean eta lehiakortasunean”, azaldu du.

Hori lortzeko, elkarteak ekimenak bultzatzen ditu emakumeak lan eta enpresa-munduan sartzea sustatu eta errazteko, eta haien ikusgarritasunaren alde egiteko. Honela, elkartearen helburua da gizarte justuagoa eta berdinagoa lortzen laguntzea, horretarako bere jarduketa eta eragin esparrua gero eta gehiago zabalduz. Gaur egun, ASPEGI Gipuzkoako 650 emakumek baino gehiagok osatzen dute, enpresa sektore eta lanbide arlo guztietakoak.

Urrezko Domina (kasu honetan Plaka, kolektiboa delako) 1982an eman zen lehen aldiz, eta Aldundiak ematen duen errekonozimendu garrantzitsuena da. Historian zehar, hainbat izan dira aitortza hau jaso dutenak: Jose Miguel Barandiaran (1982), Donostiako Orfeoia (1985); Xabier Arzalluz, Pedro Luis Uriarte eta Carlos Garaikoetxea (2005); Pedro Miguel Etxenike, Itziar Astiasaran eta Andoni Egaña (2006); Mikel Laboa (2008); Angel Olaran (2010); Nestor Basterretxea (2013); Benito Lertxundi (2014); Juan Antonio Urbeltz (2015); Ramon Saizarbitoria (2016); frankismoaren biktimak eta beraien senideak (2017); eta Jakin Taldea (2018).

Interesatu Zaitez