Herriko gizarte eragileek eta enpresek, Aldundiarekin eta Udalarekin batera, HerriLab proiektu gauzatuko dituzten egitasmoak aurkeztu dituzte
Beasain kontziliazio erantzunkiderako laborategi bihurtuko duen ekintza plana aurkeztu dute erakundeek eta herriko ikastetxe, elkarte eta enpresek. Hain zuzen ere, azken hilabeteotan elkarlanean garatu dituzte HerriLab egitasmoa gauzatzeko lan-ildoak eta horiek guztiak ezagutzera eman dituzte gaur goizean Igartza jauregian egindako jardunaldian, non elkartu diren 80 herritar eta ordezkari.
Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, ireki du ekitaldia eta aurkezpenean parte hartu dute, baita ere, Beasaingo alkate Aitor Aldasorok eta Kataluniako ordutegien erreformarako bulegoko koordinatzaileak, Alexis Serrak. Ekintza planaren aurkezpena bera egiteko hitza hartu dute, berriz, Berdintasuneko foru zuzendariak, Miren Elgarrestak; Murumendi eskolako zuzendariak, Karmele Arraizak; ASMUBE emakumeen elkarteko Mari Paz Sanchezek; Goieki Goierriko Garapen Agentziako Ane Urteagak, eta Udaleko Berdintasun zinegotziak, Amets Arrospidek.
2018an abiarazi zuten prozesua eta ordutik, herritarren bizitza pertsonal, familiar eta profesionalari buruzko ikerketa bat egin dute –350 lagunek parte hartu dute inkestan– eta ekintza plana osatu eta aberasteko hiru tailer garatu dituzte, 40 eragile eta ordezkariren partaidetzarekin. Lan horren guztiaren ondorioz, gaur iragarri den moduan, 2019-2023 tarterako egitasmoak definitu dituzte guztien artean. Plangintzaren garapenerako, gainera, talde eragile bat sortu da, herritarren inplikazioa sustatu eta ekintza zehatzak definitzen jarraitzeko.
Besteak beste, datozen lau urteotan eta kontziliazio erantzunkideari buruzko sentsibilizazio jardunaldiak antolatuko dira ikastetxeetako gazte eta gurasoekin; zerbitzu publikoen eta aisia, kirol, kultura eta abarreko jarduerak hobetzeko premiak identifikatuko dira –ordutegien moldaketa, estaldura, malgutasuna–; ikastetxe, enpresa eta denden ordutegien koordinazio lana egingo da, kontziliazio erantzunkidea lagundu eta, aldi berean, tokiko merkataritzari bultzada eman asmoz; denbora bankua antolatuko da eta belaunaldi arteko ekimenak sustatuko dira. Orotara 16 ekintza lerro garatuko dituzte.
HerriLab proiektuaren ekintza-planaren bitartez, kontziliazio erantzunkidearen esperimentazio-probalekua bilakatuko da Beasain. Herriko eragileak eta biztanleak inplikatuz, elkarlanean, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna era esanguratsu eta iraunkorrean sustatzeko ekintzak diseinatu, probatu eta ezarriko dira, beraz. Esperientzia aitzindari honetatik eratorritako ezagutzak berdintasun eta kontziliazio politiketarako baliatuko dira, eta aldi berean, eredu bezala balioko dute lurraldeko beste udalerri eta eskualdeetan antzerako esperientziak egiteko.
Kontziliazio Erantzunkiderako I. Foru Planeko oinarriak gauzatzeko aurrerapauso garrantzitsua izango da. Izan ere, HerriLab-en ekintzak hiru esparrutan garatuko dira Beasainen: ekonomiko-laborala, soziala eta erakundeetakoa. Honenbestez, ekimenaren exekuzioan parte hartuko dute Beasaingo ehun sozio-ekonomikoaren, aisialdia eta kulturaren eta erakundeetakoaren eragile adierazgarrienek, kontziliazio erantzunkiderako bidean lagunduko duten ohitura berriak adostea eta hartzea helburu.
Berdintasunerako “palanka”
Kontziliazio erantzunkidea terminoa bizitza pertsonala, zein familia eta lan bizitza kontziliatzeaz ari da, ezinbestekoak baitira bizitzari eusteko; gizonezkoek etxea eta familia zaintzeko duten erantzunkidetasunetik, bai eta erakundeek, komunitateak eta lan-munduak zaintza lanekin –ezinbestekoak baitira bizitzari eusteko– duten erantzukizun sozialetik eraiki beharreko kontziliazioaz.
Diputatu nagusiak gaur goizean adierazi duenez, gizarte aurreratu eta moderno izateko ezinbestekoa dugu "emakumeen eta gizonen arteko desberdintasuna gutxitzeko eta bizitza aukera-berdintasunean garatzeko sustapen lana". “Oraindik ere asko dugu egiteko gizon eta emakumeen berdintasunera bidean. Hori lortzeko palanka nagusietako bat kontziliazio erantzunkidea da”, adierazi du. Olanoren esanetan, gaur egun emakumeek hartzen dute nagusiki beren gain etxeko lana eta zaintzaren ardura eta beharrezkoa da gizonezkoak alor horretan “askoz ere gehiago” inplikatzea.
"Gipuzkoa kontziliazio erantzunkidean ere erreferentziazko lurraldea" izan dadila nahi du diputatu nagusiak eta beasaindarrek emandako aurrerapausua eskertu du. “Elkarlanari eutsiz, herritar komunitate gisa desafio honi modu berritzailean erantzunez, lurralde osorako erreferentzia izango zarete”, adierazi du, Foru Aldundiak HerriLab proiektuari emandako babesa berretsiz.
Aitor Aldasorok, Beasaingo alkateak, Beasain udalerri gisa HerriLab ekimenerako eredu hartu izanari balioa eman dio eta proiektua “epe ertain eta luzera garatzeko” giltzarriak xehetu ditu. “Herrian kontziliazio erantzunkidea garatzeko beharrezko aldaketak eman behar badira, enpresen eta hezkuntzaren arteko hibridazioa, zerbitzu publikoen eta enpresen arteko lankidetza eta hezkuntza, aisia, kultura eta kirolaren arteko lankidetzari garrantzi handia ematea izango da gakoa. Eta noski, eragile desberdinen eta herritarren parte hartzea errazteko bideak aktibatzea”, laburbildu du.