Gaur aurkeztutako mozioen helburua da gizarte-politikak indartzea, ekonomia susperttu eta kalitatezko enplegua sortzea, zergak harmonizatzea eta koordinatzea, gizarte-desberdintasunen aurkako borroka eta berdintasuna
"Kudeaketa Plan Estrategikoari buruz egiten dugun balorazioa oso positiboa da, ez bakarrik ekonomiaren martxa onagatik, ez bakarrik iragarritako proiektu guztiak gauzatze-egoera aurreratuan daudelako, baizik eta lurraldearen etorkizunaren garapenean aurrerapauso garrantzitsuak eman direlako gobernantza-eredu partekatu berri baten eskutik. Eta EAJ-PNVren batzarkide taldean bat gatoz politika egiteko modu eraikitzaile horrekin", adierazi du Maria Eugenia Arrizabalagak, Gipuzkoako Batzar Nagusietako EAJ-PNVren bozeramaileak, Foru Aldundiaren 2020-2023 Plan Estrategikoari buruzko eztabaida monografikoan.
"Gaur aurkeztutako plana – jarraitu du EAJ-PNVko bozeramaileak – lau kontzeptutan laburbil daiteke. Asmo handiko plana da, gure etorkizuna eraikitzeko ahalegin kolektiboa planteatzen diguna, lurralde gisa dugun lehiakortasunaren hobekuntzan eta kalitatezko enpleguaren sorreran eragiten duena, kohesioa eta gizarteratzea jorratzen dituen plana, eta gizarte-desberdintasunaren aurka borrokatzen duena. Gainera – azaldu du –, plan egingarria dela iruditzen zaigu, lurraldearen egungo errealitatearen azterketa zehatz batetik abiatzen dena, aurrean ditugun erronkei heltzeko. Beraz, Gipuzkoako gizarteak eskatzen duenari egokitutako plana da, eta politika publiko guztiak, zerbitzu publikoak eta Aldundiak datozen lau urteetan jorratuko dituen proiektuak egituratzen dituen beharrezko plana da ".
"EAJ-PNVren batzarkide taldeak – jarraitu du Arrizabalagak – 31 mozio aurkeztu ditu bere gobernu-bazkidearekin batera, eta mozio bat bakarka. Horien bidez, gaur aurkeztutako kudeaketa-plana hobetzen lagundu nahi dugu, eta lurraldearen etorkizuna diseinatzen, balioetan oinarritutako proiektuen bidez, eragileen, enpresen eta herritarren parte-hartzea sustatuz, Etorkizuna Eraikiz programa ardatz nagusitzat hartuta ". "Azken batean, aurkeztutako mozioekin Gipuzkoako gizarteak dituen erronkei erantzun nahi diegu", azpimarratu du.
Bakarka aurkeztutako mozioari dagokionez, Maria Eugenia Arrizabalagak adierazi duenez, "EAJ-PNVk bakarka aurkeztu dugun mozioa erabakitzeko eskubidearen printzipio politiko demokratikora zuzenduta dago. Eta EAJ-PNVren batzarkide taldetik beste behin ere aldarrikatu nahi dugu herri gisa dagokigun printzipio politiko demokratikoa, gure instituzionalizazio propioa artikulatzeko, nazioen arteko berdintasunetik abiatuta eta ez menpetik abiatuta – amaitu du – ".