Jeltzaleek deitoratu egin dute Estatuan ultraeskuindarrek izan duten igoera eta alderdi politikoei dei egin die “amore eman ez dezaten” eta “gutxieneko batasun batetik, Vox-ek inolako disimulurik gabe apurtu nahi duen demokrazia sistema berma dezaten”
Kongresuan sei eserleku eta Senatuan bederatzi eskuratuz, EAJ-PNV berriz ere izan da alderdi bozkatuena EAEko hiru lurraldeetan, guztietan bere boto portzentajea igoz. Andoni Ortuzar, EBBko presidentearen hitzetan, datu hauek “egin dugun lanari eta azken lau urteotan erakutsi dugun konpromisoari emandako abala dira”. Azpimarratu duenez, “Euskadik berriz ere erakutsi du politikoki desberdina dela”, baina ultra eskuindarrek lortu duten ordezkaritzarekin arduratuta daudela azaldu du agintari jeltzaleak. “Alderdi politiko demokratikoei dei egiten diegu amore eman ez dezaten eta, gutxieneko batasun batetik, Vox-ek inolako disimulurik gabe apurtu nahi duen demokrazia sistema berma dezaten”.
Ortuzarrek hauteskunde jardunaldian izan den normaltasuna balioetsi du, eta herritarren parte hartzea ere azpimarratu du, nahiz eta “hauek lau urtetan izan diren laugarren Hauteskunde Orokorrak izan, eta hirugarrenak azken sei hilabeteetan”. Horrela, alderdi politikoei dei egin die, baita ere, “etapa berria zabaltzea exijitzen duten” erronka ekonomiko eta politikoei aurre egiteko. “Emaitzek ikuspegi politiko oso zaila uzten dute Estatuan eta horregatik, hain zuzen ere, politika gehiago eta elkarrizketa gehiago behar dira. Hauteskundeen garaia pasatu da; irtenbideen garaia irekitzen da”.
EAJ-PNVko agintari nagusiak Estatu mailako emaitzak ere baloratu ditu. Bere iritziz, bi aipamen nabarmendu behar dira: Lehena: “Euskadi, Katalunia eta Estatuko giza errealitateak oso desberdinak direla; eta bigarrena: aukera politiko anitzak daudela”. Hori dela eta, “inflexio puntu bat ezarri eta aro berri bat zabaltzeko beharra” ikusi du. “Estatuaren nazio aniztun errealitatea onartzeko garaia da. Desberdinen arteko zubiak eraikitzeko eta gobernagarritasuna errespetutik, elkarrizketatik, negoziaziotik eta akordiotik bermatzeko garaia da sistema demokratikoa sendotzeko”.
Testuinguru honetan, Ortuzarrek EAJ-PNVren “laguntzeko gonbitea luzatu du era positiboan aurrera egiteko”. “Euskal gizarteak jakin badaki Euzko Alderdi Jeltzaleari emandako botoa, boto baliagarria izango dela Euskadiren interesen defentsan. Euskal agendan aurrera egiteko boto baliagarria. Estatuan aro berri bat zabaltzearen alde lan egingo duen boto baliagarria. Nazioa aniztun errealitatea onartzen duen eta elkarrizketaren eta irtenbide politikoa bultzatzen duen aro berria zabaltzearen aldeko boto baliagarria”, esan du.
Azkenik, EBBko presidenteak jelkide eta jeltzalei eskerrak eman dizkie egindako lanagatik eta jasotako konfiantzagatik, “emaitzak beste aurrerapauso bat direlako”, baita hautagai guztiei eta haien lan taldeei eta euskal gizarteari orokorrean. “Bihotz bihotzez eskerrik asko! Euskadik aurrera darraio!”.