Lasarte-Oriako EAJ-PNVk mozio bat erregistratu du osoko bilkuran eztabaidatzeko, Lasarte-Oriaren etorkizunari heltzeko legealdiko plan bat eskatuz.
EAJ-PNV udal taldeak, Jon Antxordoki bozeramailearen bitartez, mozio bat erregistratu du azaroaren 11ko osoko bilkuran eztabaidatzeko. Mozio horretan, gobernu-taldeari eskatzen dio legegintzaldiko plan bat aurkez dezala Lasarte-Oriak izango dituen hurrengo erronkei heltzeko. "Talde politikook, hauteskunde kanpainari begira, gure hauteskunde programak aurkezten dizkiegu herritarrei. Orain legealdi hasieran gaudenez, Lasarte-Orian jorratu nahi ditugun etorkizuneko erronkak antzeman behar diren unea dela ulertzen dugu. Garaiz gaude gobernu-taldeak legealdirako plan bat aurkez diezagun, eta, horrela, alderdi guztiok ideiak, helburuak eta proposamenak ekar ditzagun, Lasarte-Oria hobe baterako bidea bilatzeari begira. Ziur gaude alderdi guztien artean adostasunetara iritsi ahal izango garela ".
Antxordokik berak esan duenez, "Egungo egoera politikoan, herritarrek akordioak eskatzen dizkigute. Eta zer hoberik gure udalerriaren etorkizuna adostea baino?. Aldez aurretik gainera badakigu, hauteskunde programak ikusita, ezberdinen arteko elkarguneak badaudela. Lan egin dezagun akordio horietan, sigla politikoak alde batera utziz eta herritar guztiei mesede eginez”.
MOZIOA
Lasarte-Oriako udal-korporazio berria eratu zenetik ia 150 egun igaro dira; oraindik ere, ez herritarrek ez oposizioak ez dakigu zeintzuk izango diren gobernu-talde honek datozen urteetako Lasarte Oriari begira planteatzen dituen erronkak eta eginbeharrak.
Denbora tarte honetan, oposizioa osatzen dugun taldeok egiaztatu ahal izan dugu gobernu-taldeak osoko bilkuretan erregistratutako mozioak transakzionatzen jardun duela, informazio-batzordeetan in voce zuzenketa transakzionalak proposatu dituela, zerga-ordenantzak aztertzeko mahai teknikoetaz edota parte-hartze batzordeaz guztiz ahaztu direla, herritarrei luzatu nahi zaion lurrazpiko zakar ontzien inguruko galdera zehazteko garaian parte-hartzea ukatuko egin zaigula.
Izan ere, igarotako epe honetan eta ikusita udal gobernu honek ezarri duen catennacio jokua dela eta, ez dugu nahi legealdi hau galdutako beste legealdi bat izatea.
Badakigu zein diren udal baten eguneroko kudeaketak dakartzan zereginak, baino gobernu-taldeak talde politiko ezberdinen hauteskunde-programak berrikusteko denbora izan duela ere badakigu, eta une honetan oposizioarekin adostu daitezkeen puntuak zein diren jakingo du ere. Gainera, gaur egungo egoera politikoa ikusirik, herritarrek gero eta gehiago eskatzen diguten aukera zabaldu beharko genuke gure herrian: desberdinen arteko akordioak adostea, gizartearen onurarako.
Horregatik, EAJ-PNVk honako hau proposatzen du osoko bilkuran eztabaidatzeko:
1. hilabeteko epean, gobernu-taldeak udala osatzen dugun indar guztioi legegintzaldiko plan baten zirriborroa aurkez diezagula eskatzea.
2. Legealdi planaren zirriborroak oposizioa osatzen dugun taldeoi ekarpenak aurkezteko aukera ematea.
3. Zirriborroa eta bere ekarpenak negoziatu ondoren, osoko bilkurara ekartzea, eztabaidatu eta ondoren bozkatu ahal izateko.