Diputatuen Kongresurako hautagai jeltzaleak Euskal Taldeak herrialde honentzat ekarri dituen lorpenak zerrendatu ditu, hauen artean Forondako aireportuan 24 orduko zerbitzua berreskuratu izana, Goi Nerbioiko saneamendu sarea hobetzeko lanak, ureztatze sistemen garapena, AHT Vitoria-Gasteizen lur azpitik sartzeko proiektua, Jundizeko plataforma logistikoa edo hainbat trenbide pasabide kentzeko proiektuak
OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.
Aitor Estebanek, Diputatuen Kongresurako Bizkaiko zerrendaburuak, “ekintza eta emaitzekin” erakutsi du EAJ-PNV Madrilen egon ezik “Araba eta Euskadi ere ez direla egongo”. Aditzera eman duenez, gaur gaurkoz, hainbat gai daude oraindik Madrilen esaten denaren menpe daudenak eta “Madrilen hartzen diren erabakiek gure eskuduntzei zuzen-zuzenean eragiten diete” eta “horretarako, han egon behar dugu, gauza batzuk ez egotea saihesteko edo gai batzuk bide onetik eramateko”. Berrautaketara aurkezten den hautagaiak berriro ere nabarmendu du EAJ-PNVk Arabako herrialde osoarekin daukan konpromisoa. “Inork Arabako agenda propioa badauka, hori da EAJ-PNV”. “Araba bihotzean daramagu”, gaineratu du “eta beste batzuei, lau diputatu baino izango ez direlako, herrialde honek arduratzen ez dien arren, guretzat guztiz funtsezkoa da”.
Estebanen hitzetan, hitzetatik harago “konpromisoa adierazi behar da ekintzekin eta emaitzekin”, eta “Arabako beste diputatu batzuek autogobernuaren eta euskal herritarren interesen kontra egin dituztenak” gaitzetsi ditu. Lehenengo eta behin, PSOEko Arabako hautagai eta Hezkuntza eta Lanbide Heziketako ministro andre Isabel Celáaren jarrera salatu du Estatuak Euskadiko beka sistemaren kontra jarri zuen errekurtsoaren aurrean. “EAJ-PNVk errekurtsoa erretiratzea behin eta berriz eskatu arren, ministro andreak ahalbidetu du Euskadiko familia gutxiagok bekak jaso ahal izatea, banatzeko kopurua txikiagoa delako. Hori da ereduak beherantz berdintzea” deitoratu du. Jarraian gogoratu duenez Iñaki Oyarzabal Arabako senatariak “aurtengo otsailean Senatuan mozio bat aurkeztu zuen Gernikako Estatutua ez betetzea eta Euskadira eskuduntzak ez transferitzea eskatzeko”. “Hori ote da Araba defendatzea?”, txarretsi du.
Jokaera horien guztien aurrean, Aitor Estebanek argi eta garbi esan du EAJ-PNV dela Madrilen Arabaren defentsa bermatzen duen bakarra eta “Euskal Taldearen lanari esker” Arabarentzat lortu direnak aipatu ditu: “zerrenda luze-luzea daukagu esaten duguna erakusteko”.
Diputatuen Kongresuko bozeramaile jeltzaleak gogora ekarri du Jundizen egingo den plataforma logistikoa, eta ildo horretatik aurreratu duenez “proiektua definituta eta amaituta dago” eta “laster zehaztuko da, Abiadura Handiko Trenarekin batera, azpiegitura hori guztia martxan jartzera begira”. Halaber, Goi Nerbioiko arazketa sistemaz hitz egin du (bi araztegi eraikiko dira) “une honetan garapen prozesuan daude eta proiektua epe laburrean amaituko da” eta Forondako aireportuan 24 orduko zerbitzua berreskuratu dela ekarri du gogora. Terminalaz hitz egiterakoan, Estebanek gogoratu du aurrekontuetan jasotako konpromisoen artean dagoela terminala hobetzeko partida bat “espero dut partida hori betetzea, egin ezik Gobernuak hitzemanda dauden akordioak urratuko lituzkeelako”, ohartarazi du.
Era berean nabarmendu du EAJ-PNVk AHTren inguruan daukan konpromisoa eta gogora ekarri du EAJ-PNVk egin duen lana Abiadura Handiko Trena Arabako hiriburuan lur azpian sartzeko proiektuaren inguruan. Ildo beretik azaldu du Vitoria-Gasteizen kasuan lanak “atzeratuta daudela”. “Ez dago ulertzerik Jarduneko gobernuak esandakoa ez betetzea; azterketa informatiboak irailetik Ingurumen Ministerioan egon beharko luke eta oraindik ez dago”, baina “EAJ-PNVk eskatzen jarraitzen du eta laster egongo da zehaztuta”, hitzeman du. Trenbideen ildotik ere, Bizkaiko hautagaiak hainbat trenbide pasabide kentzeko konpromisoa gogoratu du. “Areetakoa amaituta egongo da eta Amurriokoan lanak egiten ari dira orain”, azaldu du. Halaber, Urduña-Miranda linean “hainbat trenbide pasabidetako lanak zehaztuta daude dagoeneko. Gobernuari dagokio orain horiek denak egitea”. Era berean bete beharko dute “Arabako ureztatze sistemak garatzeko konpromisoa. Zergatik ez da orain arte bete?”, salatu du berrautaketara aurkezten den hautagaiak.
Estebanek era berean gogoratu ditu argindar tarifen beherakada lortu izanak Arabako enpresentzat ekarri dituen onurak, Añanako Gatz Harana edo Artium bezalako kultur ekimenek jasotako babesa eta Argantzunen irisgarritasuna hobetu izana. “Hori dena nork lortu zuen? EAJ-PNV izan zen horiek denak bultzatu eta lortu zituenak. Horregatik behar dugu talde indartsua Madrilen: Araba eta Euskadi defendatzeko; euskal hiritargoaren interesak eta beharrak defendatzeko”, amaitu du.