EBBko presidenteak eta Aitor Estebanek Basaurin salatu dute PP eta Ciudadanos-en “isiltasuna” Vox-ek EAJ ilegalizatuko duela esanez egin dituen mehatxuen aurrean,eta euskal herritarrei eskatu diete isiltasun hori igandean boto jeltzaleen “zaratarekin” borrokatzea.
OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.
Andoni Ortuzarrek, Euzkadi Buru Batzarreko buruak, Basaurin deitoratu du gaur atzo `bosten arteko eztabaidak´ euskal hiritargoarentzat ez duela ezer berririk ekarri, Euskadiren beharrak eta eskariak aipatu ere ez zirelako egin EAJ-PNVk eztabaidan parte hartu ez zuelako, eta baieztatu du debatea gogoratuko dela soilik literatura politikoari egin dion ekarpenagatik: “alferreko botoa”. “Kanpainan buru belarri ari garela, alderdi guztiok hitzetik hortzera darabilgu boto probetxugarriarena. Atzo argi baino argiago geratu zen kontrakoa,hau da, alferreko botoa zein den. Eta atzo Madrilen batu ziren bostek argi utzi zuten ez dutela merezi Euskadiko botoa, Herri honentzat alferreko botoa izango direlako: alferrekoa aurrera egiteko, alferrekoa hitz egiteko, alferrekoa Euskadik aurrera egin dezan. Beraz, alferreko boto horren aurrean, guk boto eraginkorra proposatzen dugu, boto fidagarria, ganorazko botoa, inoizko probetxugarriena: EAJren aldeko botoa”, esan du Ortuzarrek. Aitor Estebanek Kongresurako Bizkaiko zerrendaburuak bat egin du EBBko presidentearen hitzekin eta baieztatu du hauteskunde eztabaidan “EAJ ez badago”, “ ez da Euskadiren inguruan hitz egiten eta ez dira Euskadirentzako proposamen positiboak egiten”. Era berean salatu du Casado eta Riveraren “isiltasun zaratatsua” Vox-ek EAJ-PNV ilegalizatzeko egin duen proposamenaren aurrean eta gaineratu duenez “bakar batek ere ez du ilusioa pizten, bakar batek ere ez du etorkizunerako argia pizten, inork ez du konfiantzarik ematen”
Ortuzarren hitzetan “eztabaida benetan gogaikarria izan zen, Espainiak daukan alfer-lurraren erakuslerik onena, oinarri sendo eta gaitasun politikodun liderrak falta dituen seinalerik argiena”. Hori bai, jeltzaleen buruak ez du ezkutatu nahi izan kezka eragin diola ageri-agerian geratu zen isiltasunak. “Espainiako eskuindarrak, PPk eta Ciudadanosek, lau alditan uko egin zioten Vox-i txarresteari EAJren ilegalizazioa proposatzeagatik, lau alditan uko egin zioten zentzugabekeria horren aldeko ez direla esateari. Bai deseroso egiten gatzaizkiela, gorroto handia izan behar digute, demokrazia batean, Vox-ek planteatzen duena zorakeria autoritarioa dela ez aitortzeko!”. Horregatik, Ortuzarrek euskal herritarrei proposatu die datorren igandean “isiltasun lotsagarri eta lotsagabe hori” borrokatzea “ demokraziaren zaratarekin, askatasunaren zaratarekin, EAJ-PNVren botoek egingo duten zaratarekin. Bestelakoak gara eta horrek ere agerian geratu behar du Hauteskunde hauetan ere bai: Euskadi bestelakoa dela, bestela bozkatzen duela, gauzak bestela egiten ditugula”.
Ekitaldi berean,EBBko presidenteak Juan Mari Atutxari aintzatespena eta esker ona adierazteko hitzak esan ditu. Atutxa ekitaldian izan da eta bertaratu guztien txalo zaparrada beroa jaso du Auzitegi Gorenak bere kontrako zigorra baliogabetu duenez geroztik. Ortuzarrek era berean azaldu du Atutxak Espainiako estatuari exijitu, irabazi eta kobratu dion kalte-ordaina : “Euro bat”. Halaber, jeltzaleen buruak ‘Aiarza efektua’ berreskuratu du gaurko mitinerako,A10ean zazpigarren diputatua lortzeko dagoen aukerak EAJ-PNVrengan sortzen duen ilusioa nabarmenduz. Zazpigarren hori izango da Jon Aiarza. “Lehengo egunean etxerako behar zaila jarri genion: Riverari eta Abascali Foruei eta gure jatorrizko burujabetzari buruzko lezioa ematea. Gaur beste etxerako beharra jarriko diogu. Jon, joan zaitez demokraziari buruzko oinarrizko kontzeptu batzuk prestatzen, benzinaren hirukoak- Casadok,Riverak eta Abascalek- argi eta garbi erakutsi zutelako Espainiako eskuindarra eta demokrazia sekula lotuko ez diren kontzeptuak direla, elkartzen zailak. Nire gomendioa da, lehen ataza gisa, berrehun aldiz `Ez dut EAJ ilegalizatzea bilatuko´ idatz dezatela”, esan du Ortuzarrek .
Aitor Estebanek, Diputatuen Kongresurako EAJ-PNVko Bizkaiko zerrendaburuak hauteskunde eztabaidan “EAJ ez badago”, “ ez da Euskadiren inguruan hitz egiten eta ez dira Euskadirentzako proposamen positiboak egiten” esan ondoren salatu du Casado eta Riveraren “isiltasun zaratatsua” Vox-ek EAJ-PNV ilegalizatzeko egin duen proposamenaren aurrean eta gaineratu duenez “bakar batek ere ez du ilusioa pizten, bakar batek ere ez du etorkizunerako argia pizten, inork ez du konfiantzarik ematen”. Are gehiago, Estebanek kritikatu egin ditu Sánchezek euskal eskuduntzen kontra proposatu zituen ekimenak, hezkuntza esparruan eta komunikabideetan” eta lurralde krisiari begira “ Zigor Kodea gogortzeko proposatu zuten planteamenduaren” kontra hitz egin du. “Berriro ere ostrukarena egiten. Gero eta lege gehiago. Legea alderdi batetik soilik ezarria. Eta gero nahiko dute jendea Euskadin eta Katalunian Espainiako ordenamendu juridikoarekin identifikatzea”, deskribatu du, eta “EAJ-PNVren politika sendoa” aldarrikatu du “horrenbesteko itxurakeria eta keinu hutsalen aurrean””.
Hauteskundeetako eztabaida alde batera utzita, Estebanek kritikatu du estatuko alderdiak ez direla “pentsioen etorkizunaz edo lan arloko erreformaz kezkatzen eta ez dituzte ekonomiaren moteltzearen kontrako neurriak prestatzen, dagoeneko hemen dagoen arren”. Ildo horretan hitzeman du berriro ere proposamen legegilea bultzatuko duela amiantoaren biktimei ordaina eskaintzeko eta, Francoren exhumazioa kritikatu ondoren, Estebanek baieztatu du EAJ-PNVk “biktimak eta oroimen historikoa” errespetatzearen alde lan egingo duela. Zentzu berean gogoratu du Erorien Haranean “euskaldunak daudela” eta “ gugandik exijitzen dute egoera umiliagarri horretatik askatzeko konpromisoa” eta hitzeman du “beren senideekin itzuli ahal izatea, beren gorpuzkiak behar bezala identifikatu eta berreskuratu ondoren”. Sánchezi ere erreklamatu dio erantzuna ematea “beren senideen gorpuzkiak exhumatzeko egin duten eskariari eman beharreko erantzunaren zain dauden 14 euskal familiei”.
Azkenik, Estebanek EAJ-PNVren “politika sendoa” aldarrikatu du “horrenbesteko itxurakeria eta keinu hutsalen aurrean”. “Konponbidea emateko garaia da. Hitz egin gutxiago eta gehiago egin. Marra gorri gutxiago eta argi berde gehiago. Gatazka gutxiago eta akordio gehiago. Irain gutxiago eta errespetu gehiago”, amaitu du.
Josune Gorospe Diputatuen Kongresurako Bizkaitik aurkezten den hautagaiak ere bat egin du Ortuzarrek eta Estebanek EAJ-PNVren aldeko botoa eskatzeko luzatu duten aldarriarekin, eta arrazoi modura alderatu ditu Estatuko politikagintza eta Euskadikoa. “Gelditasunaren aurrean, eboluzioa; maximalismoen aurrean, buru argitasuna politikan; presaka ibiltzeko joeraren aurrean, pazientzia politikoa; uniformizazioaren aurrean, autogobernu handiagoa; ezberdintasunen aurrean, gizarte kohesioa; ‘matxirulo iberikoen’ aurrean, ez beti da ez; indarkeriaren aurrean, elkarbizitza; bidegabekeriaren aurrean, justizia; errepresioaren aurrean, eskubideak eta askatasuna; inposaketaren aurrean, erabakitzeko eskubidea”, zerrendatu ditu. “Espainiako politikagintzaren gelditasunaren eta eskaintzen ari den ikuskizun lotsagarriaren aurrean, Euskadin badago alternatiba bat: Hemen EAJ-PNV”, amaitu du.