Tolosan jai berdinzaleagoak sustatzeko helburuarekin 3. urtez, San Joan jaien inguruko azterketa sakona egin da, besteak beste, jai bilerak, egitaraua, komunikazioa, musika, partaidetza eta indarkeria sexista aztertuz
Berdintasunaren alde urratsak egitea funtsezkoa da, gizarte orekatu eta parekideagoa eraikitzeko. Gizartean aldaketa horiek ematen diren heinean, emango dira baita ere aipatu aldaketak gainerako esparruetan, baita jaietan ere.
Edozein kasutan, Tolosako Udalak jaien inguruan arreta berezia jarri nahi izan du azken urteotan eta hori dela eta, 3. urtez, Tolosan jai berdinzaleagoak lortzeko eta sustatzeko helburuarekin, San Joan jaien inguruko azterketa sakona egin da. Azterketa honek, halaber, berdintasunaren aldeko garapena ere neurtzen du.
Jai behatokiak hainbat alor aztertu ditu: jai bilerak, komunikazioa, egitaraua... eta horien baitan zenbait ondorio atera.
Jai bilerei dagokienez, partaidetza parekidea izan da eta hitza modu parekidean hartu da, edozein kasutan, adinari eta ordezkaritzari dagokionez, gizonezkoetan aniztasun gehiago dago. Jaiak berdinzaleagoak izateko sortutako gidaren sozializazioa ez da nahi adinakoa izan, jai bileretan parte hartu duten ordezkarien herenak bakarrik ezagutzen zuelako eta berdintasunaren eta indarkeriaren gaia ez da gai zerrendan txertatu. Hortaz, gidaren zabalkundea egin beharko litzateke eta antolatzen diren bilera guztietan banatu; halaber, berdintasun eta indarkeriaren gaiak bilera guztietako gai zerrendan joan beharko lukete.
Komunikazioaren esparruan, eduki eta irudi ez sexisten erabilera barneratuta dago: kartela, sare sozialak, panel digitalak, egitaraua, udal agerraldia....
Indarkeria sexistaren kasuan: tabernari eta merkatariei indarkeria matxistarik gabeko herri baten aldeko gida banatu zaie eta aurrera begira, prebentzio urratsetan jarraitzeko, berdintasunaren aurrera pausoen bisibilizazioan sakontzeko eta tabernariekin lanketa espezifikoa egiteko behar eta aukerak sumatu dira.
Egitarauaren kasuan, aurten txupinean ez da berdintasun irudirik bermatu gizonezkoek osatutako txistularien bandak jaurti duelako txupina eta indarkeriaren aurkako edota berdintasunaren aldeko mezurik ere ez da egon. Guztira, 37 musika ekintza programatu dira, %28 emakumezko musikariak izan dira; kontratatutako taldeen %63a talde mistoak izan dira, baina talde mistoen %85a, maskulinizatua egon da, partaideen %60 edo gehiago gizonezkoak izan direlako eta gaueko kontzertuetan gizonezkoek osatutako taldeak izan dira nagusi.
Kirolari dagokionean, Gazte Topaguneak antolatuta gazte erronka eta kirol giro jarduerak gauzatu dira. Parte hartzea parekidea izan da eta berdintasuna sustatu da, lehiakortasunari baino ondo pasatzeari eman zaiolako garrantzia. Ekintzak antolatzeaz eta gidatzeaz arduratu diren hezitzaileen parte hartzea, baina, ez da parekidea izan.
Pauso bat gehiago emateko garaia da:
Jai behatokiaren azterketaren arabera, Jai berdinzaleagoen aldeko urratsetan aurrera doa Tolosa eta orain arte egindako bidea jada egonkortua dago, kanpainak egonkortu baitira. Orain helburua da eragin eremua handitzea aurrerapen kualitatibo zein kuantitatiboak ematen jarraitzeko.
Hori dela eta jai behatokiaren aburuz, estandarrak igotzeko unea da, pauso bat gehiago emateko garaia, alegia. Horretarako, azterketaren emaitzak oinarri hartuta, besteak beste, jaien baitan emakume musikari- kirolarien figurak indartzea, txupina botatzeko irizpideak zehaztea berdintasuna sustatuz eta bermatuz, gidaren zabalkunde eta sozializazioa egitea eta programatutako musika ekintzetan emakume musikari eta emakume taldeen portzentaia igotzea proposatzen da. Proposamen horiek guztiak, orain, Ekintza Plan batean jasoko dira datorren urtera begira zein epe luzera hartu beharreko neurriak zehazteko.