Udal Gobernuak datozen lau urteetarako kudeaketa konpromisoa aurkeztu du, gobernu onaren printzipioan oinarrituta
Donostiako Udalaren Gobernu Programak hainbat izaeratako 500 jarduera eta proiektu baino gehiago biltzen ditu, hiriaren eta donostiarren bizi-kalitatea eta bizi-baldintzak hobetzeko. Programa honek Gobernu Onaren printzipioan oinarritutako hamar ardatz estrategiko aurreikusten ditu, udal sailen jarduera-plana zehaztu eta Udalak hurrengo lau urteetan izango duen ekintza definituko duen ibilbide-orria eratuko dutenak.
Eneko Goia alkateak eta Ernesto Gasco Ekonomia Sustapeneko zinegotziak gaur aurkeztu dute gobernu programaren edukia, EAJk eta PSE-EEk ekainean aurkeztutako legegintzaldi-akordioan hartutako konpromisoari jarraiki.
Gobernu Programak dio Udalaren ardura dela “balio erantsia ematea Donostiari eta Donostian bizi diren emakume eta gizonei”, “herritar bakoitzari bizi-maila ezin hobea” bermatuz. Hala, konpromiso hori bere gain harturik, datozen lau urteetarako aurreikusitako kudeaketa ekintzak zehaztu ditu Udaleko sail bakoitzak.
Hiri proiektuak
Horrezaz gainera, “hiri proiektu”tzat identifikatutako jarduera batzuk ere zehaztu ditu gobernu programak. Garrantzi berezia duten proiektuak dira, bai irismen eta exekuzio nahiz aurrekontu handia dutelako, bai hiriaren etorkizunerako garrantzia handia dutelako. Hor ditugu, konparazio baterako, bigarren talent housea bultzatzeko proiektua, Marrutxipiko sarbide berria, topoa lur azpitik eraman eta Easoko trenbide-zabaldegiak utziko dituen hogei hektareak diseinatzekoa, Kontxako pasealekuko trafikoa ere lurpetik eramateko aukera aztertzekoa, Bretxako gune berrian izango diren osasun zentroari, betiko azokari eta kirol guneari buru ematekoa edota abiadura handiko trenaren geltoki berria egin eta Atotxa-Tabakalera inguruan plaza goratu berri handi bat egitekoa ere.
Halaber, udal gobernuak helburu estrategikotzat jarri ditu Iztuetako pasabidea kentzea, Saguesen urbanizazioa diseinatzeko nazioarteko lehiaketaren deialdia egitea, etxeak egitea hiriko zenbait tokitan (Lorategi Hirian, Illarran, Infernuan, Aldakonean, Antzietan eta Sarruetan, esate baterako), Altzako kiroldegia bukatzea eta Parte Zaharreko Plan Integrala martxan jartzea.
Horrekin batera, Santa Klara uharteko itsasargian Kristina Iglesiasek egingo duen proiektua abian jartzea ere aurreikusi da, Anoetako kirol-instalazioak birmoldatzeko bigarren ekinaldiari heltzea, terrorismoaren eta indarkeriaren biktimak oroitzeko memoria-plakak jartzen jarraitzea eta Haizearen Orraziaren hautagaitza bultzatzea Unescoren Gizateriaren Ondare izateko.
Proiektu horiekin batera, beste eragile eta erakunde batzuekin ere jardungo du gobernu-taldeak lankidetzan, ez atzera ez aurrera dauden zenbait gai desblokeatzeko ahaleginean. Alde horretatik, lehentasunezko helburutzat du Armadak Loiolan dituen lurrak berreskuratzea —etxebizitza politika garatu ahal izateko han— eta Martuteneko kartzelaren amortizazioa —Txomineneko bigarren ekinaldiari buru eman ahal izateko—.
Gobernu onaren zeharkako politika
Gobernu onaren zeharkako printzipioa udal administrazio osoaren kudeaketa- eta gobernantza-printzipiotzat harturik, hauek dira gobernu-programa osatzen duten hamar ardatz estrategikoak:
1.- Kalitatezko enplegua eta garapen ekonomikoa
2.- Gizarte kohesioa
3.- Etxebizitza eta hirigintza
4. - Giza Eskubideak
5.- Nortasuna
6.- Iraunkortasuna
7.- Hiri garbia eta segurua
8.- Lurralde oreka eta kohesioa
9.- Berdintasuna
10.- Hiri osasungarria
Eneko Goia alkateak adierazi duenez, legealdiko Gobernu Programa hau Udalak agintaldi honetan izango duen “ibilbide-orri eta plan estrategikoa” da. Programa horrek, Udalaren gobernu-taldea osatzen duten bi alderdien borondate honi erantzuten dio: “baldintza batzuk sortzea gaur egungo Donostiatik abiatuta etorkizuneko Donostia eraikitzeko, udal-baliabideak eraginkortasunez eta planifikazioz kudeatuz eta herritarren zerbitzura lan eginez beti, gardentasun eta gertutasunez”.
“Legegintzaldi honetan ere, garapen sozio-ekonomiko iraunkor bat bultzatzen jarraitu eta hiri erosoagoa eta atseginagoa eraiki nahi dugu. Hiri bizigarriago eta kohesionatuagoa, alegia”, adierazi du alkateak.
Goiak adierazi du, orobat, aurreko legealdiko lau urteetan izandako gobernu partekatuaren ondoren, “proiektu asko jarri zituen martxan hiriak, eta agintaldi honetan burutuko dira”. Baina, hala ere, alkatearen iritziz, “beharrezkoa da beste helmuga eta beste erronka batzuk ere jartzea hiriari”.
“Ez daukagu geldi egoterik, zeren eta munduak biraka jarraitzen du eta helburu berriak planteatu beharra daukagu, baita hiri gisa ere”.
Bestalde, Ernesto Gasco Ekonomia Sustapeneko zinegotziak azpimarratu du Gobernu Programa “erantzun ona dela hiriarentzat. Gizarte kohesiorako eta auzoentzat beharrezkoak eta garrantzitsuak diren inbertsioak jasotzen ditu. Kalitatezko enplegua, berrikuntza eta talentuaren aldeko apustua egiten du, zerbitzuen hobekuntzaren alde eta klima aldaketari aurre egiteko politikak jasotzen ditu”.