Izaskun Bilbao Barandicak, Europako Parlamentuko EAJ-PNVren diputatuak, gaur adierazi du atzo Cuelgamurosko haranean eta Mingorrubioko hilobian bizi zen espektakulua Europan guztiz onartezina dela, frankismoa goratzeko eta diktaduraren gogortasuna ezerezean uzteko ariketa ikusi baitzen
Izaskun Bilbao Barandicak gaur goizean hitz egin du ETB-1en Egun on Euskadi saioan eta Europako gaurkotasunaren nondik norakoak azaldu ditu. Europako diputatuak nabarmendu du diktadorea hobitik atera izana berez urrats positiboa izan den arren, exhumazioaren kudeaketa okerra izan dela eta frankismoa goratzeko ekitaldia izan dela, Europako legeriak debekatzen dituenetakoa. Dena dela, era berean esan du tamalez zigorrik gabe geratuko dela. Espainiako agintariek gertakari horien aurrean egingo dutena ezagutzeko zain geratu da eta deitoratu du diktaduraren krimenen inpunitatea salbuespen bat dela Europan oroimenaren alde egiten diren politiken artean, Europako parlamentuak horiekin amaitzea esan duen arren. Era berean eskatu du Europan demokraziaren kalitatearen eta zuzenbide estatuaren kontrola indartzeko mekakismoa finkatzea. “Gure aburuz, esan du, estatu kideen finantzak kontrolatzera dedikatzen den mekanismoa bezain sendoa izan beharko luke. Gure egitasmoan eraman genuen eta batzordeak bere lehentasunen artean jaso du”.
Bilbao Barandicak era berean hitz egin du Kataluniako auziaz eta nabarmendu du Estrasburgon Kataluniaz egin den eztabaida bakarrean, urriaren bateko erreferendumaren kontra egin zen errepresio polizialaren ondoren, “argi geratu zen Europaren irizpide nagusiena dela legetik kanpo ezin dela ezer egin,baina legearekin soilik ere ez dela konponduko elkarrizketa eta negoziaketa behar duen auzia”. Era berean deitoratu du Espainiako alderdi nagusiek Europako bitartekaritzarik ez onartzea gatazka honen korapiloa askatzera begira “behar bada pentsatzen dute ahultasun seinalea dela, eta nik uste dut guztiz alderantzizkoa dela, elkarrizketa eta negoziaketa behar duen arazoa konpondu ahal dela”.
Bilbaok era berean aztertu ditu Europako asilo eta babes politikak eta Euskaditik eztabaida honi egin diren ekarpenak balioetsi ditu, gizarte zibiletik zein erakundeetatik egin direnak “Share” programaren bidez errefuxiatuak estatu kideen artean banatzeari ekiteko. Era berean txarretsi du Europako erakundeen eta estatu kideen jarrera eta konbentzituta esan du urte batzuen buruan “barkamena eskatu beharko dute gai hau oso txarto kudeatu dutelako”.
Brexitari dagokionez, Europako Parlamentuko diputatu jeltzaleak esan du prozesua amaitu behar dela “ziurgabetasuna eta paralisia” eragiten duelako, eta adibide gisa azaldu ditu urte askotarako finantza markoaren negoziaketarako dakartzan ondorioak, marko hori Europako aurrekontuak prestatzerako orduan oso garrantzitsua dela nabarmenduz. Era berean esan du esparru politikoan Brexitak oso garai interesgarria irekiko duela itxi gabeko eztabaidak agerian jarriko dituelako, besteak beste Eskoziaren independentzia eta Irlandaren bateratzea.