Agirretxearen ustetan, tokatzen ez diren hauteskundeak ezarri ditu Sanchezek eta Kataluniako egoera izan da Podemosekin adostasunera ez iristeko arrazoietako bat
Joseba Agirretxeak, EAJ-PNV Gipuzkoatik Kongresurako hautagaiak azpimarratu du datozen hauteskundeetan euskal haserrea eta boto aktiboa hauteskundeetara behartuta eraman gaituztenentzat “zigor boto” bilakatu behar dela. Madrilen pil-pilean dagoen politika eta arduragabekerien aurrean, EAJ-PNV seriotasuna erakutsi duen alderdi bakarra dela esan du, eta horrenbestez, alderdi jeltzalearena dela boto erabilgarri bakarra. Gehitu du PSOEk eta Podemosek “beraiengan soilik” pentsatu dutela eta “izen abizenak dituzten porrot honen erantzule bakarrak” direla. Agirretxeak balioan jarri du Madrilen euskal talde sendo bat izatea, “gurea defendatzeko eta errespetatu gaitzaten”. Izan ere, “gu ez bagaude han, nork egingo du gure interesen aldarrikapena?”, esan du.
Agirretxeak Tolosako batzokian egin ditu baieztapen hauek, EAJ-PNVk hauteskundeei begira mantendu duen lan-bilera batean. Agirretxearekin batera egon dira Iñigo Barandiaran, Maribel Vaquero, Jokin Bildarratz, Luke Uribetxeberria eta Mertxe Garmendia, Kongresurako eta Senaturako hautagaiak, eta Tolosaldeko hainbat alderdikide, zinegotzi eta udaletako bozeramaile jeltzaleak.
Joseba Agirretxeak Kataluniako sententziaren inguruan hausnartu du eta hauteskundeen errepikapenei errepasoa egin die, bere esanetan “ezer konpontzeko gauza izan ez diren eta adostasun borondaterik ez duten” alderdi politiko batzuek “behartu” dituztenak, hain zuzen ere. Hautagai jeltzaleak baieztatu du alderdi sozialistak Podemosekin adostasunera iristeko borondaterik ez izatearen arrazoietako bat Kataluniako egoera izan dela, eta horren harira gehitu du: “Pedro Sanchezek bazekien sententzia iritsiko zela eta bera ados zegoela sententzia horren zigorrarekin, horregatik hasieratik garbi zuen ez zuela Podemosekin gobernatu nahi”. “Dudarik gabe, horrek guztiak ez du inongo zerikusirik EAJ-PNVk politika egiteko duen estiloarekin eta erakutsi duten arduragabekeria hori salatu dugunok ere kaltetuak izan gaitezke azaroaren 10ean”, gehitu du eta sententzia “gogor eta injustuaren” kontrako jarrera irmoa eusteak garrantzia duela azpimarratu du.
“Azaroaren 10ean berriro hauteskundeak izango ditugu, baina ez tokatzen direlako, horretara behartu gaituztelako baizik”, eta hauteskunde hitzordu berriaren aurrean parte hartzeko deia luzatu du. “Normala da jendearengan amorrua nagusitzea, eta hain justu ere haserre hori zigor boto aktiboa bilakatu behar da, ez abstentzioan”, esanez amaitu du Agirretxeak Tolosan bere hitzaldia.