Aitor Estebanek Gobernu sozialistari leporatu dio “aitzakiak” jartzen dabilela Estatutua ez betetzeko eta “presazko” egutegi legegileari ez heltzeko

Kongresu eta Senaturako Gipuzkoako EAJ-PNVren aurkezpenean, Egibarrek iragarri du bere alderdiak irmo lan egingo duela lurralde ereduaren eztabaida behin betiko zabal dadin

Aitor Estebanek Gobernu sozialistari leporatu dio “aitzakiak” jartzen dabilela Estatutua ez betetzeko eta “presazko” egutegi legegileari ez  heltzeko 19Urriak
2019
2019 UrriaK 19 |
Gipuzkoa
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.

Aitor Estebanek, EAJ-PNVk azaroaren 10eko hauteskundeetan Kongresurako aurkeztuko duen zerrendaburuak,  Espainiako gobernuari leporatu dio “aitzakia bila” ibiltzea Gernikako Estatutuaren betepena atzeratzeko. “Ikusten ari gara dagoeneko: hauteskunde egunaren ostean etorriko dira gobernu negoziaketak, gero inbestidura, gero gobernua eratzea, gero aurrekontua prestatzen ibili beharra, gero… beti gauzak geroratzen”, esan du Isabel Celáa jarduneko gobernuko bozeramaile andreak  hauteskundeen ondoren transferentzien egutegiari helduko diotela hitzemanez aste honetan  egin dituen adierazpenak salatuz

Donostian EAJ-PNVk Kongresu eta Senaturako Gipuzkoako hautagaitzak aurkezteko egin den ekitaldian, Estebanek era berean kritikatu du Gobernu sozialistak ez diela aurre egin “Estatuaren agenda legegilean jasota dauden presazko gaiei”, besteak beste pentsioen erreforma, lan merkatuaren erreforma, “Mozal Legea” izenez ezagutzen denaren aldarazpena edo Sekretu Ofizialen Legearen aldarazpena, azken biak  Kongresuko Euskal Taldeak proposatuak. “PSOEk esan du hainbat gauza egingo dituela, baina kontua da hainbat gauza horiek dagoeneko eginda eduki beharko zituela, baina ez du egiten jakin edo ez du egin nahi izan”, nabarmendu du.

Amaitzeko, Pedro Sánchezi eta Pablo Iglesiasi  “negoziatzeko moldeak ulertzen ez dituztelako” hauteskundeak errepikatu beharraren errua leporatu ondoren, hautagai jeltzaleak  euskal herritarrak animatu ditu azaroaren 10ean bozkatzera gonbidatu ditu, “zer eta zergatik gertatu den” pentsatuz eta “batzuek herri honekiko duten jarreraz” hausnartuz.

Gipuzko Buru Batzarreko presidente eta Legebiltzarreko bozeramaile jeltzaleak, Joseba Egibarrek, hartu du jarraian hitza, EAJ-PNV sendo bat “hemen eta Madrilen" beharrezkoa dela ohartarazteko.  “Ordezkari onenak ditugu Euskadiko interesak defendatzeko, euskal agendari dagokionean eta baita eskubide ekonomiko, sozial eta politikoen defentsan ere”, ziurtatu du.

Egibarrek aurreratu du bere alderdiak irmo lan egiten jarraituko duela lurralde ereduaren eztabaidari behin betiko hel diezaioten. “Gurea bezalako Estaturik gabeko nazioek elkarbizitza libre batean oinarritutako harreman berri bat behar dute Estatuarekin. Gure herriak, askatasunetik, bere borondate demokratikoa aurrera eramateko daukan eskubidea errespetatua izan behar da”, esan du. Bozeramaile jeltzaleak Sanchezi egotzi dio eztabaida honi ez denboraz heldu izana eta azaldu du horren ondorio dela Katalunian gertatzen ari dena.

Kongresurako Gipuzkoako hautagaia, Joseba Agirretxea, ildo beretik mintzatu da datozen hauteskundeetako aukera onena Euzko Alderdi Jeltzalea dela esan duenean. “Euskal eta talde. Horiek dira gu hoberen definitzen gaituzten hitzak. Gure herria maitatu eta errespetatzen dugu eta taldean aritzen gara, udal, aldundi eta legebiltzarretan egiten dugun bezala”, argudiatu du.

Hitza hartzen azkena izan da EAJ-PNV Gipuzkoako Senaturako zerrendaburua,  Maribel Vaquero. “Hauteskunde hauek ez ziren tokatzen, behartutakoak izan dira gainerako alderdiek luzatutako eskua ontzat hartu ez eta interes pertsonalak eta alderdi interesak gainerakoaren aurretik jarri dituztenengandik”, salatu du. Vaquerok azpimarratu du EAJ-PNVren  estiloak ez daukala zerikusirik Estatutik datorren zarata, antzezpena eta zalapartarekin. “Guk politika zintzotasunez, errespetuz eta balio demokratikoetan oinarrituta egiten jarraituko dugu”, amaitu du.

Interesatu Zaitez