Ibone Bengoetxea buru duen Sailak Bizkaia Digitala nahi du, mundura konektatuta dagoen Bizkaia; horrela, Aldundia hurbilago egongo da, eraginkorragoa, berritzaileagoa, malguagoa, gardenagoa, parte-hartzaileagoa eta inklusiboagoa izango da, eta pertsonen ongizatea eta bizi-kalitatea areagotzen laguntzeko zerbitzuak eskainiko ditu
Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatu Ibone Bengoetxea Bizkaiko Batzar Nagusietako Gobernu Onaren eta Gardentasunaren Batzordean agertu da astelehen honetan, berak eskatuta, Sailak legegintzaldi honetarako dituen jarduketa-ildo nagusien berri emateko.
Bere esanetan, Bizkaiko Foru Aldundiak, hurrengo lau urteetan zehar, gaur egungo herritarren beharrizanei erantzuteko asmoa du, herritarrak hiperkonektatuta daudelako, mugikorrak direlako, informazio ugari dutelako, eragin handia dutelako, zorrotzak direlako eta administrazio publikoekiko harremanak beste modu batera egin nahi dituztelako. Aldi berean, Aldundiak lurraldearen eraldaketa digitalerako bidea egin nahi du.
Honako hau adierazi du: "Hurbilago dagoen Bizkaiko Foru Aldundia eratzera bideratuko ditugu gure lana eta ahaleginak, baita mundura konektatuta dagoen Bizkaia eratzera ere. Aldundia berritzaileagoa eta modernoagoa izango da; baliabideak modu eraginkorragoan erabiliko ditu; bizia, malgua eta gardena izango da; parte-hartzailea eta inklusiboa izango da; herritarren eskaeren aurrean sentikorragoa izango da, eta lurraldearen kohesioa bereziki azpimarratuko du". Horiek dira Ibone Bengoetxea foru diputatuak aipatu dituen konpromisoak "balio erantsi handiagoa duten zerbitzuak eskaintzeko, eta zerbitzu horien bidez herritarrek, udalek eta enpresek orain eta etorkizunean dituzten beharrizanei erantzun ahal izateko. Azken batean, Bizkaian bizi garen eta etorkizunean Bizkaian bertan biziko diren pertsonen ongizatea eta bizi-kalitatea bermatzea da helburua, Bizkaia Digitala lortzea".
Bizkaiko Foru Aldundiak administrazio digitala izateko erronka hartu du eta, xede horrekin, Plan Estrategiko Digitala abiaraziko du, Bizkaia erregio adimenduna izateko eta horretan bilakatzeko.
Aldundi barrua eta lurraldea eraldaketa digitalean sartu ahal izateko bestelako jarduerak behar izango dira, jarduera berritzaileagoak, bizkorragoak eta eraginkorragoak, lan egiteko modu berriei lotuta daudenak. Hau da, foru aldundian lan egiten duten eta lan egingo duten pertsonak prestatu beharko dira, testuinguru berri horretara egokitzeko. Horrela erakundea etorkizunerako prestatuko da.
Horrez gain, Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako Sailak herritarrei arreta osoa emateko bulegoen hedapenarekin jarraituko du eta herritarrei emandako arreta digitalizatzeko bidean aurrera egingo du, baina zuzeneko arreta mantenduz. Sailak bereziki bultzatuko du izapidetza elektronikoa; elkarreragingarritasuna, administrazioaren sinplifikatzea eta "0" burokrazia sustatuko ditu, eta erregistroak egiteko prozesuak hobetuko ditu.
UDALERRIENTZAKO ARRETA INDARTU
Aldundiarentzat lehentasunezkoa da udalerrien zerbitzura egotea, udalerriak Bizkaiko pertsonen zerbitzura egon daitezen. Ildo horretan, Foru Aldundiak udalerrientzako zerbitzuen eta laguntzen ataria berrituko du; informazio-trukea eraginkorragoa izan dadin bilatuko du; udalek eskaintzen dituzten zerbitzuak egokitzen jarraituko du, online diren izapide gehiago sartuz; eta, berrikuntza moduan, Tokiko Gobernuak Bizkortzeko Zerbitzua proposatuko die lurraldeko udalei, zerbitzu horrek lagunduko baitie beren herritarren beharrizanei erantzuteko moduko zerbitzuak identifikatzen eta diseinatzen.
Ibone Bengoetxeak adierazi du, gainera, Aldundiak konpromiso berezia duela lurraldearen kohesioarekin. "Herri Txiki Aukera Handi" izeneko proiektua abiaraziko dela adierazi du, horren bidez Bizkaiko udalerri txiki guztiek zerbitzu publikoetara heltzeko aukera berberak izan ditzaten, Bizkaian "lehen mailako pertsonak eta herriak" baino ez daudelako.
GOBERNU ONA, ERAGINKORTASUNA ETA IRAUNKORTASUNA
Bizkaiko Foru Aldundiak barruko kudeaketa eraginkorrago egiten eta baliabideak optimizatzen jarraitzeko asmoa du. Izan ere, Kudeaketa Aurreratuko Eredua finkatzea ere bada Aldundiaren helburua. Foru Aldundiko sail guztiek dute eredu hori, etengabe hobetzeko moduak, bitartekoak eta baliabideak izan ditzan erakundeak. Halaber, eraginkortasunari lotutako proiektu berriak abiarazten eta kontratazio zentrala garatzen jarraituko da.
LARRIALDIETARAKO GARAPEN TEKNOLOGIKOA
Bizkaiko larrialdietarako zerbitzua Europan eta nazioartean erreferentziakoa izatea lortu nahi da, berritzailea izateagatik eta abangoardiako teknologia erabiltzeagatik. Lurraldeko larrialdietarako foru sektorean eraldaketa digitala egin nahi du Foru Aldundiak. Lehenbizi eredu operatiboa berrikusi nahi du eta, pixkanaka, eguneratu, larrialdien eta garapen teknologikoaren errealitatera egokitzeko. Bestalde, segurtasunari lotuta konponbide berritzaileak bilatzen jarraitzea azpimarratuko du.
Legegintzaldi honetan suhiltzaile-etxe berri bi egingo dira Zallan eta Arratzun; aurrerapen teknologiko berrienak izango dituzte biek. Ibilgailuak ere hobetuko dira, berrienak ekarriz. Horrez gain, ekipamendu eta material egokiagoak eta seguruagoak erosiko dira pixkanaka, eta Bizkaia Prest eredua hedatzen jarraituko da.
Ibone Bengoetxeak amaitzean zera adierazi du: "Etorkizuneko erakundea prestatuko dugu, herritarren beharrizan, zalantza eta aukera berriek etengabe aldatzen duten testuingurua erronka gisa hartuta, jarduketa berritzaileak, bizkorrak eta eraginkorrak behar baitira orain. Eskakizun guztiei erantzuten saiatuko gara, inguruan ditugun gainerako entitate publiko eta pribatuekin elkarlanean, betiere mundura begira, eta abangoardiako lurraldeetan modu aktiboan baina etengabe lan eginez, Bizkaiak dituen aukerak identifikatu ahal izateko".
ITURRIA: BFA