Ekonomia Sustatzeko sailaren ardatzak: industria, ekintzailetza, talentua, turismo jasangarria eta eskualde garapena

"Dagoeneko hasita dagoen eraldaketa prozesua aurrera eramateko helburuarekin lan egingo dugu legegintzaldi honetan; hain zuzen ere, Bizkaiaren posizionamendua sendotzeko asmoarekin, lurralde berritzailea, talentuduna, erakargarria, konektatua eta orekatua den aldetik", azaldu du Ainara Basurkok

Ekonomia Sustatzeko sailaren ardatzak: industria, ekintzailetza, talentua, turismo jasangarria eta eskualde garapena 11Urriak
2019
2019 UrriaK 11 |
Bizkaia BBNN

PARTEKATU

Ekonomia Sustatzeko Sail berriak indartu egingo du Bizkaiko Foru Aldundiak industriari eta balio erantsi handiko zerbitzuei ematen dien babesa. Era berean, ekintzailetza aurreratuaren alde egingo du, nazioarteko presentzia sendotuz, eta turismo jasangarria eta iraunkorra babestuko du. Horrez gain, eskualdearen garapenaren alde jarduteko eremu bat sustatuko du, tokiko nahiz eskualdeko eragileekin lankidetza areagotzeko, eta, horrela, lurralde oreka bultzatzeko. Horrela laburtu ditu Ainara Basurko foru diputatuak sailaren ildo estrategikoak Batzar Nagusietan egin duen aurkezpenean.

"Ekonomia Sustatzeko Sailak dagoeneko hasita dagoen eraldaketa prozesua aurrera eramateko helburuarekin lan egingo du legegintzaldi honetan, hain zuzen ere, Bizkaiaren posizionamendua sendotzeko asmoarekin, lurralde berritzailea, talentuduna, erakargarria, konektatua eta orekatua den aldetik. Hori guztia, etorkizuneko Bizkaiak honako ezaugarri nagusi hau izan dezan: kalitatezko enplegua sortzeko eta mantentzeko gaitasuna eta Europako gizartearen eta ekonomiaren aitzin-aitzinean egoteko gaitasuna duen lurraldea", baieztatu du Basurkok.

BIZKAIA, EKINTZAILE IZATEKO ETA HAZTEKO TOKIRIK ONENA 

"Ekintzaileek euren enpresa proiektuak errealitate bihurtzeko eta nazioartean lehiakorrak diren eta hazteko gaitasun handia duten enpresa berritzaileak martxan jartzeko Europako hegoaldeko tokirik onena Bizkaia izan dadin lan egiten jarraituko dugu" esan du Ainara Basurkok. Ildo horretatik, azpimarratu du Bizkaiko Foru Aldundiaren legegintzaldi honetako proiektu estrategikoetako bat Nazioarteko Ekintzailetza Zentroa izango dela.

Diputatuak gogorarazi duenez, azelerazio-zerbitzuak nazioarteko operadore espezializatu baten lankidetzarekin eskainiko dira. Basurkok adierazi du Bizkaiko ekintzailetza aurreratuko ekosistema munduari irekita egongo dela: nazioarteko sistema aurreratuenen bikaintasun-maila izango du eta 2021ean Bizkaia Dorreko instalazioak zabaltzearekin batera gorenera iritsiko da.

Lehen ardatz horren baitan, gainera, beste ekintza estrategiko batzuk ere barne hartu dira, besteak beste: potentzial handiko enpresa proiektuak dituzten ekintzaileak zein Bizkaiko sektore estrategikoen arloetan arituko diren nazioarteko startup hasiberriak erakartzea, tresna finantzarioak indartzea eta izapideak erraztea.

BIZKAIA, BERRITZAILEA ETA LEHIAKORRA 

Ekonomia Sustatzeko diputatuak lehentasuna eman dio Bizkaiko Foru Aldundiak industriari eta zerbitzu aurreratuei ematen dien babesa sendotzeko eginkizunari. Hala, legegintzaldi honetan sailak babes integrala eskainiko du  lehiakortasunaren hiru palankak jorratzeko (berrikuntza, inbertsioa eta nazioartekotzea ), eta aparteko garrantzia emango zaio Bizkaiko ekosistema berritzaileko enpresen arteko lankidetza sustatzen duten zerbitzuak abian jartzeari.

Horrez gain, Basurkok azpimarratu du aproposa dela  enpresa txikien beharrizanetara egokitzen diren laguntza programen eskaintza pertsonalizatzea, teknologiaren hobekuntzan eta eraldaketa digitalean arreta berezia jarriz.

Invest in Bilbao Biscay zerbitzua ere aipatu du, inbertsio berrien eskariari aurre egiteko helburua izango duena. Zerbitzu horrek industriako lurzoru eskaintza integrala eskainiko du, baita finantzaketa espezifikoa, zerga-sistema propioa eta berrikuntzarako, inbertsiorako eta nazioartekotzerako dirulaguntzak ere. Jarduketa eremu honetan, gainera, proiektu handi ugari barne hartu dira, hala nola Ezkerraldeko Meatzaldeko Parke Teknologikoa eta Bizkaiko zentro zientifiko-teknologikoentzako babesa.

BIZKAIA, LURRALDE ERAKARGARRI ETA KONEKTATUA 

Ainara Basurkok adierazi du sailak Bizkaiaren posizionamendua finkatzeko helburuarekin lan egiten jarraituko duela, hartara, Bizkaia inbertsioak, talentua, bisitariak eta ekitaldiak erakartzeko izaera propioa duen eta munduko nodo nagusiekin konektatuta dagoen lurralde gisa kokatzeko nazioartean.

Horretarako, Bizkaiak lehentasunezko nazioarteko merkatuetan duen posizionamendua indartuko da, betiere hazkunde jasangarria eta iraunkorra sustatuz. Era berean, turismoari dagokionez, turismo industriari zein biztanleei mesede egingo dien garapen ekonomikoko jarduera gisa planteatuko da, lehentasunezko interesa duten arloetan.

BIZKAIA, LURRALDE OREKATUA

Ekonomia Sustatzeko Sailak jarduketa eremu berri bat jorratuko du legegintzaldi honetan, Bizkaiak garapen orekatu bat izatea xede izango duena. Horretarako, lankidetzan aritzeko eta sarean lan egiteko eredu berri bat jarriko du martxan. Izan ere, Bizkaia desberdina da eta lehiakortasun-politikak eremu bakoitzak dituen beharrizan espezifikoetara egokitu behar dira. Helburu hori lortzeko, tokiko garapen ekonomikoko eragileekin batera lan egin eta eskualde plan estrategikoak egin beharko dira.

BIZKAIA, EZAGUTZAK ETA TALENTUA DITUEN LURRALDEA 

Ardatz estrategikoen baitan, Basurkok talentua ere aipatu du. Ildo horretatik, talentua garatzeko, berreskuratzeko eta atxikitzeko estrategia integral bat landuko da, baita talentua enpresei modu eraginkorrean hurbiltzeko ere. Sarean lan egiteko estrategia bat izango da, mundu osoko euskal profesionalen eta euren ibilbide profesionala garatzeko Euskadi aukera ona dela uste duten nazioarteko talentuen artean konexioak ezartzeko.

Hori lortzeko, talentia programa indartuko da ezagutza zentroen laguntzarekin, Bizkaiko gazteei unibertsitate ospetsuetan bikaintasunaren arloan nazioarteko prestakuntza jasotzeko aukera emango zaie  eta, besteak beste, Bizkaia 42 izeneko programaren bitartez gaitasun digitalak trebatzeko ekintza ugari jarriko dira martxan.

ITURRIA: BFA

Interesatu Zaitez