Aldundiaren lehentasuna erronka demografikoari aurre egitea da, Bizkaiko herritarrentzako arreta-sare indartsu baten bidez

Sergio Murillok, Gizarte Ekintzako diputatuak, beste helburu bat ere aipatu du, zehazki, gure gizartea indartuko duen sare sozial bat berreraikitzea, erakundeen arteko lankidetzan eta lankidetza publiko-pribatuan oinarritua

Aldundiaren lehentasuna erronka demografikoari aurre egitea da, Bizkaiko herritarrentzako arreta-sare indartsu baten bidez 09Urriak
2019
2019 UrriaK 09 |
Bizkaia BBNN

PARTEKATU

Bizkaia Europako eskualderik aurreratuenen erronka sozialak partekatzen dituen lurraldea da, eta politika publikoaren arloko erantzun guztiak eszenatoki demografiko berri batera egokitzeko beharrizanean sakonduko du. Izan ere, biztanleak zaharragoak dira, eta kohesio sozial handiagoa lortu nahi da, arreta-sare indartsua eta administrazio arin, efiziente eta hurbila ezarrita. Sailhonen jarduketen lehentasunezko foku dira mendekotasun-egoeran dauden adinekoak, desgaitasuna duten pertsonak, babesik gabe eta/edo zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonak, eta haien inguruko zaintzaile ez-profesionalak.

Sergio Murillo Gizarte Ekintzako foru diputatua Bizkaiko Batzar Nagusietako Gizarte Ekintzako Batzordean izan da, berak eskatuta, bere sailak legegintzaldi honetan izango dituen jarduketa-ildo nagusien berri emateko.

Gizarte Ekintza Sailaren xedea pertsonarengan zentratutako arreta-sare bat garatzea da, Bizkaiko herritarren egungo beharrizanetara eta Bizkaiko erronka berrietara egokitua. Gizarte Ekintzako foru-diputatuak beste helburu bat ere aipatu du, zehazki, gure gizartea indartuko duen sare sozial bat berreraikitzea, erakundeen arteko lankidetzan eta lankidetza publiko-pribatuan oinarritua. Batez ere, hirugarren sektorea hartu nahi da ardatz, bai eta administrazio arinagoa, hurbilagoa eta efizienteagoa sustatu ere.

Sergio Murillok Gizarte Ekintza Sailaren lehentasunak azaldu ditu, testuinguru zehatz batetik abiatuta: aurrekaririk gabeko aldaketa demografikoa gertatzen ari da Europa guztian, bizi-itxaropena handiagoa baita, osasunaren, elikaduraren eta babes sozialaren arloetan egindako aurrerapena dela eta. Bizkaia ere ez dago bilakaera horretatik kanpo. Izatez, lurraldeko bizi-itxaropena gero eta luzeagoa da, Europako batezbestekoa baino bi urte gehiago bizi baikara.

Ildo horretan, Gizarte Ekintza Saileko foru-diputatuaren iritziz beharrezkoa da politika publikoko erantzun guztiak eszenatoki demografiko berri -zaharrago- batera egokitzea, azken hamarkadetako garapen sozial eta ekonomikoaren maila mantenduta. Izan ere, eszenatoki berri horri esker, gure aberastasunaren zati handi bat politika publikoetan inbertitzen jarraitzeko aukera izango dugu. Politika horiek testuinguru demografiko berriaren argitan berrikusi behar ditugu, gero eta gizarte ekitatiboagoa, aukera-berdintasunean oinarritua, izateko.

Hori guztia, sailaren ekintza-fokuari, zaurgarritasun egoerarik handienean dauden bizkaitarrei, begira. Zehazki: mendekotasun-egoeran dauden adinekoak, desgaitasuna duten pertsonak, babesik gabe eta/edo zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonak, haien inguruko zaintzaile ez-profesionalak eta ingurunea bera, inklusiorako oinarrizko faktorea baita.

Arloka, hauek dira Gizarte Ekintza Sailak legegintzaldi honetarako dituen jarduketa-ildoak:

MENDEKOTASUN-EGOERAN DAUDEN ADINEKOEN ZAINTZARAKO SAREA ESPEZIALIZATZEA

Bizkaitarren bizi-itxaropen aparta, 86 urte emakumeen kasuan eta 81 gizonenean, Bizkaian azken urteotan gertatu den lorpen sozialik garrantzitsuenetakoa da. Lorpen hori, era berean, lehen mailako erronka da zaintza-sistemei dagokienez, adinean gora goazen neurrian gero eta ugariagoak baitira mendekotasun- eta kronikotasun-egoerak.

Sergio Murillok adierazi duenez, errealitate horri erantzuteko zenbait neurri hartu behar dira: zentroen sarea espezializatu (bai eguneko arreta-zentroak, bai egoitzak); zaintzaileei laguntza eman; eta zaintza partekatua egiteko sistema mistoak ezarri, zaintza formalak eta ez-formalak konbinatzeko, betiere pertsona bakoitzaren aukera errespetatuta. Gainera, Gizarte Ekintza Sailak belaunaldien eta komunitateen arteko lotura egiteko formula berriak sustatuko ditu; Bizkaiko Lurralde Historikoko Adinekoen Kontseilua indartuko du; eta zahartzaroarekin lotutako jarduera ekonomikoaren garapena eta osasun-zientziak bultzatzen jarraituko du.

DESGAITASUNA DUTEN PERTSONEK ERABATEKO PARTE-HARTZE ETA AUKERAK IZATEA 

Desgaitasuna duten pertsonen arloan, Bizkaiak komunitatean parte-hartu eta bizi-kalitatea sustatzeko eredua ezartzearen alde egin du, eredu hori erreferentziatzat hartuko baita desgaitasuna duten pertsonen eta haien familien arreta eta sustapenerako. Bizkaiko Foru Aldundiak lurralde mailan ondo orekatutako sare bat ezarriko du, behar bezalako erantzuna emateko; etxean jarraitzeko laguntzak garatu eta orokortuko ditu; eta desgaitasuna duten pertsonen bizi-itxaropen handiagoari ere erantzungo dio. Gainera, talde horren emantzipaziorako esperientzia berritzaileak sustatuko ditu.

ZAINTZAILEAK: ZAINTZAILEA ZAINTZEA

Bizkaian 20.000 pertsonatik gora daude mendekotasun- edo desgaitasun-egoeran, eta legegintzaldi honetan ere arreta beraiengan jarriko da. Aldundiak zaintzaileen atsedenerako, prestakuntzarako eta informaziorako jarduerak bermatu eta zabalduko ditu, apurka-apurka eta lurraldeka.

BABESGABE DAUDEN ADINGABEAK

Gizarte Ekintza Sailak esku-hartze espezializatuko programak indartuko ditu, eta familia-harrera izango da ezarriko duen lehentasunezko neurria. Betiere, kalitatea mantenduta eta egoitza-harrerarako baliabideetan dauden profil berrietara egokituta.

Iturria: BFA

Interesatu Zaitez