Gobernatzen hasteko eskatu dio EAJ-PNVk PSEri, 100 egun geldieran igaro ondoren

Inbestidura saiotik 100 egun baino gehiago igarota, jeltzaleek salatu dute oraindirik ere ez dagoela Gobernu Programarik eta Udalean “erosokeria eta jarraikeria” direla nagusi, “agintean daudenek inongo ilusiorik erakutsi gabe”

Gobernatzen hasteko eskatu dio EAJ-PNVk PSEri, 100 egun geldieran igaro ondoren 10Urriak
2019
2019 UrriaK 10 |
EIBAR

PARTEKATU

Eibarko EAJ-PNV udal taldeak udalerriko egoera politikoaren balorazioa egin du, inbestidura saiotik 100 egun igaro ondoren. PSE-EE PSOE alderdia bakarrik dago Eibarko udal gobernuan eta, jeltzaleen iritziz, “aurreko agintaldien inertziazko luzapena baino ez da ikusten ari garena, txalotzeko moduko inolako berritasunik gabe”.

Jeltzaleek “sozialisten gobernuaren ekimen eza” salatu dute, eta beren jardueraren ardatzak deskribatu: “informazio falta, inprobisazioa eta elkarrizketarako gaitasun eza”.

Alderdi abertzaleak penaz hartu du 100 egun igaro ondoren ez dutela Gobernu Programarik aurkeztu, “ildo estrategikoak zeintzuk izango diren esan ere ez dute egin”.

“PSOEko gizonek (udal gobernua %100 gizonek osatua baita) geldo, makal eta jarrera itxiaz hasi dute agintaldia”, eta ondorioz, jeltzaleek uste dute hemendik aurrera ere “akordioak haustea, atzerapenak, eta azken orduko jirabueltak” etorriko direla.

Eibarko Udaleko bozeramaile jeltzaleak, Josu Mendicutek, PSOEri exijitu dio “has dadila behingoz gobernu posizioetara gerturatzen. Ekin diezaiola gutxieneko zorroztasun, seriotasun eta errespetu irizpideak betetzeari” baldin eta sozialistek udal mailako akordioak nahi badituzte jeltzaleekin.

Horregatik guztiagatik, Eibarko EAJ-PNV udal taldeak PSOEri eskatu dio “agintaldia benetan abiatu dezala egin beharrekoa eginez, alegia, gobernatuz”, inbestiduratik 100 egun igaro eta gero. “Arduraz jokatuko dugu, baina bakoitzak dagokionari eutsi beharko dio eta, oraingoz, PSOEk blokeatuta dauka Udala. Batzorde batzuk deitu ere ez dituzte egin oraindik”.

 

Interesatu Zaitez