Hautagai jeltzaleak kritikatu du gobernua “geldituta” dagoela ohiko gaietarako, besteak beste Euskal Agenda betetzeko eta eskuduntzen transferentzia burutzeko, bere presidentea buru belarri alderdiko ekitaldietan eta elkarrizketetan buru belarri ari den bitartean
Aitor Estebanek, azaroaren 10eko hauteskundeetarako EAJ-PNVk aurkeztuko duen zerrendako buruak, gogor hitz egin du gaur Pedro Sánchez hauteskundeei begira erakusten ari den hiperaktibitatearen eta ekitaldietan etengabe egiten dituen iragarpenen kontra, bien bitartean Gobernuko ohiko jarduerak albo batera uzten dituela nabarmenduz. “Gelditu ere ez da egiten, Moncloan edo gobernu lanetan ez dut sarritan ikusten, eta ez dakit funtzioko presidentea edo funtzioz funtzio dabilen presidentea ote den”, baieztatu du Estebanek Diputatuen Kongresuan hedabideei eskaini dizkien adierazpenetan.
Esteban “harrituta” agertu da Pedro Sánchezek daraman erritmoarekin, azken egunotan Vigo, Barakaldo, Madril eta Andaluziatik ibili dela gogora ekarriz. Toki horietan guztietan egin diren ekitaldietan hitz egin du eta “lehenago egin zitezkeen” gaiei buruzko iragarpenak egin ditu, besteak beste lanari buruzko legeriaren aldarazpenaz edo eskubide eta askatasunei buruzko legeen aldarazpenaz. “Ez dira lehenago egin, nahi izan ez delako edo egitera ausartu ez direlako”. Ildo beretik salatu du Sánchezek aipatu dituenetako zenbaiten kasuan, pentsioen gaian esaterako, “egiazkoak ez direnak” esan dituela. “Esan du PSOEk egin zuela pentsioak KPIaren arabera igotzearena, eta beraiek ondo dakite ez zela horrela izan, EAJ-PNV izan zelako neurria proposatu zuena eta urte birako igoera hori lortu zuena; geroan ere berdin izan dadila lortzeko prest gaude”, azaldu du.
Hautagai jeltzaleak era berean kritikatu du Pedro Sánchezek Kataluniarekiko jarrera aldatu duela: “eskua luzatzetik eta hitz egiteko prest dagoela esatetik igaro baita egun osoan zehar 155. artikuluaz hitz egitera”. Zentzu berean, Estebanek nabarmendu du ezin dela Konstituzioaren 155. artikulua aplikatu horretarako “Generalitatearen aldetik gauza oso zehatz bat gertatu beharko litzatekeelako, oraindik gertatu ez dena”, eta gauza berbera esan du Segurtasun Nazionalaren Legeaz. “Ez da zuzena balio ez duten tresnak aplikatzeaz hitz egiten aritzea”, baieztatu du.
Hartara, Estebanek salatu du Gobernua “geldituta” dagoela Euskal Agendaren inguruan hartutako konpromisoak betetzeko, funtziotan egonda ere “har daitezkeen neurriak” egon badaudela ematen duenean. “Hainbat gai daude Gobernuak bete beharko lituzkeenak, funtzioko Gobernuak egin litzakeenak”, besteak beste Arabako sail ureztatuetarako edo Lezoko plataformarako Aurrekontuetan jasota dagoena betetzea, edo Eusko Jaurlaritzarekin eskuduntzen inguruan adostutako egutegia betetzea. “155. Artikulua hitzetik hortzera bai, baina Estatutua betetzeko orduan Gobernua funtziotan dagoela”, salatu du.
Egutegia laburtzeko eta azaroko hauteskundeen ondoren Gobernua albait arinen eratu ahal izateko planteatu diren proposamenez galdetuta, Estebanek berretsi du “borondate handiagoa egon balitz eta PSOE eta Podemos-en aldetik hutsegite gutxiago egin balira” Gobernua lehenago osatuko zen, eta galdetu duenez “lehenago presarik ez ote zegoen,ala?”. “Dena atzeratzen dute eta orain datoz presaka. Aitzakia gutxiago eta hitz egin dezagun behingoz gauza garrantzitsuez”, amaitu du.