Euskaltzaindia gu guztiok osatzen dugu, euskal hiztun-elkartea osatzen dugun guztiok

Mendeurrenaren amaierako ekitaldia izan da gaur Gipuzkoako Foru Aldundian, Donostian. Bertan, Andres Urrutia euskaltzainburuak azpimarratu du etorkizunari begira dagoela Akademia, eta ondorengo urteetan jorratu beharreko alorrak aletu ditu, hots, digitalizazioa, nazioartekotzea, profesionalizazioa eta gizarteratzea

Euskaltzaindia gu guztiok osatzen dugu, euskal hiztun-elkartea osatzen dugun guztiok 05Urriak
2019
2019 UrriaK 05 |
DONOSTIA

PARTEKATU

Mendeurrenaren amaierako ekitaldia izan da gaur Gipuzkoako Foru Aldundian, Donostian. Bertan gogoratu da 1919ko urriaren 7an Euskaltzaindiak leku berean eginiko lehen Osoko bilkura. Orduko hartan, euskaltzainek Resurreccion Maria Azkue hautatu zuten buru, Jose Agerre diruzain, Julio Urkixo liburuzain eta Luis Eleizalde idazkari. Era berean, egoitza nagusia Bilbon finkatzea erabaki zen.

Ekitaldia 12:00etan hasi da Gipuzkoa plazan egin den sokadantzarekin. Ostean, jauregira sartu eta herri agintarien hitzaldiak izan dira, tartean Euskaltzaindiak Mendeurrenaren baitan eginiko egitasmo guztiak biltzen dituen bideo laburra eskaini dela. Bere berbaldian, Andres Urrutia euskaltzainburuak azpimarratu du etorkizunari begira dagoela Akademia, eta ondorengo urteetan jorratu beharreko alorrak aletu ditu, hots, digitalizazioa, nazioartekotzea, profesionalizazioa eta gizarteratzea.

Urrutiak ehun urtetan lortutakoak gogoratu ditu: “Euskararentzako erakunde aholku-emaile ofiziala da euskararen lurralde guztietan, euskara instituzionalizatu dugu eta gizarteari zerbitzua eman (...). Euskararen batasuna lortzeko aitzindaritza hartu zuen, hainbat euskal eragilerekin batera (...). Orobat, Euskaltzaindiaren oinarrian daude bestelako errealitateak ere, garai zail eta ilunetan sortu zituenak, eta gerora berezko izaera erdietsi dutenak: Bertsolari Txapelketak, AEK, Euskal Idazleen Elkartea, itzultzaileak, euskarazko tituluak, UZEI, ikastolak, euskarazko argitalpenak, literatura eta ikerketa lehiaketak, hiztegiak eta abar. Horrela sortu da euskalgintza modernoaren azpiegitura, eta hortxe egon da eta egongo da beti euskararen Akademia”.

Euskaltzaindiak orain dela mende bat jarritako haziaren "uzta ezin oparoagoa" nabarmendu du Markel Olano diputatu nagusiak eta gipuzkoarren "harrotasuna" adierazi du, lurraldeak akademiarekin hastapenetik izan duten loturagatik. "Euskararen biziberritze prozesua bidegurutzean dago. Bultzada berri bat emateko unea da, gizartearen eta herri erakundeon kemena arrasto beretik bideratzeko garaia da. Guztion lankidetzaren beharra daukagu euskara biziberritzeko eginkizunetan, orain dela mende bat egin zen moduan. Euskaltzaindiak zeregin garrantzizko bat bete dezake lan horretan", osatu du diputatu nagusiak.

Eragileekin batera

Hori guztia “tenore bateko eta besteko gobernuak tarteko”, eta esan du aurrera egin duela Akademiak beti, “euskal hiztunen elkartea aldezten, bultzatzen”. Euskaltzainburuak azpimarratu nahi izan du, baita, “Euskaltzaindia gu guztiok osatzen dugula, euskal hiztun-elkartea osatzen dugun guztiok”. Ideia horri eutsiz, aitortu du Euskal Herriko gizarte-eragileekin batera jardun behar duela Akademiak, “ahalik eta modu zabalenean”, eta nabarmendu du Akademiak Mendeurrena baliatu nahi izan duela “euskararekin, euskal kulturarekin eta euskal gizarte osoarekin duen konpromisoa berriztatzeko”, eta, bide batez, dei zabala egin dio euskal gizarte osoari: hain justu, aldi berriari, XXI. mende korapilatsu baina itxaropentsu honi, “ilusio berrituarekin” ekiteko deia.

 Euskeria abesbatzak eta Donostiako Orfeoi Gazteak itxi dute ekitaldia, bi kantu eskainiz ohorezko eskaileraren kupula azpian, eta, azkenik, , argazki ofizialak atera dira Foru Jauregiko errege aretoan –orain dela 100 urte egin bezala– eta ohorezko eskaileretan.

Ekitaldian Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko agintariek parte hartu dute, Mendeurrenaren Ohorezko Patronatua osatzen duten erakunde, akademia eta elkarteen ordezkariekin batera. Euskaltzaindiak argitaratu berri duen Ekin eta jarrai liburua banatu zaie guztiei.

Interesatu Zaitez