Bergarako Udal Gobernuaren lehen 100 egunen balorazioa

Legealdi berri bat hasten denean 100 egun eman ohi zaizkio agintea hartu duen Udal Gobernuari, kasu honetan EH BILDUri, ezin delako balorazio edo kritikarik egin hasi baino lehen. Hau da prentsaurreko honen helburu.

Bergarako Udal Gobernuaren lehen 100 egunen balorazioa 03Urriak
2019
2019 UrriaK 03 |
Bergara

PARTEKATU

Gure nahia, aurreko legealdian azpimarratu izan genuen moduan; bizikidetzan oinarritutako Bergara aurrerakoi bat eraikitzea da, Europan kokatuko den Bergara hobeago bat, gure gazteentzat zein nagusientzat herri erosoa eta atsegina eraikitzea. Horregatik azken 4 urte hauetan horretan lan egin dugu eta oposiziotik ere bide berdinetik jarraitzea nahi dugu. Gure herriak dituen baliabideak aprobetxatu, proiektu egingarriak egin aurrera joateko, Bergararen garapenerako, kudeaketa zuzen eta arduratsua eginez.

Baina, orain arte ikusitakoarekin arduratuta gaude, oraindik ez baitugu ezagutzen Bilduren legealdiko planik, guk hasitakoaren jarraipena egiten ari dira. Plan estrategikoa dute helburu, horrela azpimarratu dute baina plan edo proiektu horren lehen pausua ere ez dute eman eta ez dakigu nola eta noiz emango den.

Udal proiektuak aurrera eramateko egitura sendo izan behar du udalak eta gobernuak garbi izan behar du nola kudeatu egitura hori. EH BILDUren gobernu berriak udala ekainaren 27ko plenoan egituratu zuen, batzordeak osatu ziren, azkar osatu ziren baina martxan ipintzea ez da hain azkarra izan eta batzorde batzuk iraila arte ez dira ospatu.

Horretaz gain, beste esparru batzuk oraindik egituratzeko daude. Hau gutxi izango balitz, ekaineko udal egitura aldatzen doa egunak pasatu ahala; udal gobernua noraezean dabil eta oraindik erabaki asko hartu gabe daude. Adibidez, Laboratorium-en kudeaketa non eta nolakoa izango den ez dakigu, bizikidetza mahaia ez dago osatuta, inmatrikulazioak nola bideratuko diren ez dakigu, ez daukagu mugikortasun planaren berririk eta ez dakigu zer forma hartuko duen edo non tratatuko den, etxe-kaleratzeen mahaiaren berri ere ez daukagu eta horrela abar luze bat.

Gardentasun eza eta oposizioarekiko harreman exkasa nabaria da. Gu, gure esperientzia  partekatzeko prest gaude eta horrela egin genuen gure azken egunean; informazio guztia partekatu genuen BILDUrekin, martxan zeuden proiektuak, ideiak eta abar partekatuz. Udalaren jarduna 100 egun hauetan ez da  batzordetan landu,  alkatearen dekretutan baizik; eta denok argi daukagu bide horretatik gardentasuna eta partaidetza ez direla bermatzen.

Bergarako EAJ udal taldeak argi dugu oposiziotik ere eraikitzen jarraitu behar dugula, eta egungo gobernuari gure ekarpenak egiten jarraituko dugu, beti ere hauteskundeetan aurkeztu genuen gure programaren ildotik, berau betetzeko asmotan, hori baita Bergarako herriarekin hartu genuen eta  hartzen dugun konpromisoa. Hainbat proiektu martxan utzi genituen eta horietako batzuk garatu dira eta beste batzuk ere espero aurrera joango direla. Esaterako proiektu batzuk udan gauzatu dira eta lehengo legedialdiaren uztakoak dira: Algodonerako tunelaren konponketa, Amillaga gune industrialeko azpiegiturak berritu, LED argiteria osatu, gaztelekuko dinamika berria definitu, Seminarixoko udazken programazioa, BKErekin sinatutako hitzarmena eta horren ondorioz aterako den proiektua, San Martzialgo bidearen aparkalekuak antolatzea, Miguel Altuna berrirako oinezko bidegorria eramatea, Goiko estazioko aisialdirako egokitzapena, udal artxiboko handitzea Artzamendi kalean, etabar.

Puntu honetan ezin dugu ahaztu guretako garrantzi handia izan duen proiektu eta konpromiso bat, Seminarixoko lurrazpiko parkina eraikitzea mahai gainean geratu da. Udal Gobernuak hala nahi izan du, proiektu osoa bukatuta utzi dugun arren eta mugikortasun ikuspuntutik aparkalekuaren diagnostikoa eginda izan arren, mugikortasun integralaren diagnostiko, Mugikortasun plana garatzea erabaki du udal gobernuak eta horren arabera, obra hori egin ala ez ikusiko duela esan du udal gobernuak.

Bere erabakia izan da, uztaileko erabakia, guk onartzen dugu erabaki hori eta ados egon edo ez egon ekarpenak egingo ditugu bai obran (suertatzen bada) edo mugikortasun planean. Baina oraindik Mugikortasun Planaren hurrengo pausua ez dute eman; ulertzen dugu kontratazio plegu bat ateratzeko denbora behar dela, baina momentuz ez kontrataziorik ez nondik norakorik,  ez dugu ezer ezagutzen, ez plana nola landuko den, zer eragilek hartuko duten parte, zer partaidetza izango duen, eta abar. Gobernuak ez du bi hilabetetan honen inguruan inongo aurrerapausorik eman, ezta gidalerro orokor bat planteatu ere.

Gure helburua gure programako proiektuak garatzea izango da, oposizio eraikitzaile batetik, Bergara atsegin baten alde:

Ondarea balioan jartzen duten proiektuak:

  • Laboratorium; 2015an zabaldu zen proiektua indartu
  • Zabala Fatxadaren berriro jartzea
  • San Pedroko gangen gainean ondareko ibilbidea hitzartu eta gauzatu
  • Dolmenen ibilbidea indartu

Lurralde kohesioa lortu:

  • San Martin plazaren birmoldaketa
  • Simon Arrieta eta Martoko plazak berritu
  • Bidegorrien sarea jarraitu gauzatzen
  • Auzoen arteko lotura; San Lorentzo eta Matxiategiko zubia

Herritarrak helburu:

  • Adinekoen ongizatean lanean jarraitu, San Joxepe eraikuntzan eguneko arreta zerbitzu berri bat egokitu.
  • Gazteen nahiak entzun eta bete, Gazte bulegoa zabalduz Arrizuriaga jauregian eta aisialdi hezitzailea indartu gure gaztetxoen artean
  • Enplegua bultzatu, enpresei laguntza emanez eta ekintzaileei laguntzak ematen
  • Hileta zibilak egiteko leku duin bat zehaztu

Proiektu hauengatik eta gehiagoagatik lan egingo dugu. Hasitako lanarekin jarraitzea izango da gure helburua.

Interesatu Zaitez